Oparipuinak

Oparipuina: Izei Ertain edo Gabonetako Zuhaitzaren jatorria

Bilboko Buia auzokoIzei ertainari Maite Frankok idatzitako oparipuina

Bazen behin, aspaldi, gaurko Bilboko Buia auzoa dagoen leku menditsu eta lasai berean, batzar xelebre bat gabon gauean ospatzen zena. Bilera sekretu hartan inguruko zuhaitz guztiak elkartzen ziren Gabon Gaueko Errege edo Erregina izendatzeko, denen artean hala erabakita eta haren merituak eta dohainak kontuan hartuta.

 zuhaitz festa

 

 

Sagarrondo Musugorrik sagar gorri ezin ederragorik eman zituen urtean, huraxe aukeratu zuten errege. Beste batean, tximista baino indartsuagoa zela erakutsi zuen Haritz Sendo hautatu zuten. Bere zuloan gordeta hiru ardi ekaitzetik babestu zituen hartan, Gaztainondo Eskuzabal. Txikia izan arren, hostoetako arantzei esker bere burua ondo defendatzen ikasia zuen Gorosti Ñañar hurrengo batean …

 

 sagarrondo animaduna

 

Horrela, urtea joan urtea etorri, urtero errege berri bat izaten zen omendua. Baso hartan, ordea, bazegoen izei bat, Izei Ertain izena zuena, eta hura ez, hura ez zen inoiz Gabonetako protagonista izan. Izei Ertainek ez zuen fruitu gorri ederrik ematen, ezta sekulako sendotasunik erakusten, zulorik ez zuen inor babesteko, eta bere burua defendatzearena … tira. Bere burua ezkutatzen bai zen trebea gure zuhaitz lotsatia. Bere ustez berak ez baitzuen ezer berezirik:

izeia 

–         Ez naiz handiena, ezta txikiena ere. Ez sendoena, ez ederrena, ez …, ez naiz inor.

Batzarretan agertu bai, agertu egiten zen, baina txoko batean jarrita. Izei Ertainek errege bihurtzearekin amets egiten zuen, hain festa ederra antolatzen zitzaion omenduari! Kanta bat abesten zioten harentzat propio sortutakoa; ipuinak kontatu ere, haren istorioa azaltzen zutenak; antzezlantxoak, (nola maite zituen Izei Ertainek antzerkiak eta mozorroak!!) jolasak, opariak, … eta bukaeran denek, banan-banan, hitz polit bat edo beste botatzen zioten besarkada batez lagunduta.

gabon zuhaitza 

Zer egin ote zezakeen Izei Ertainek besteentzat ederra izateko? Beno, mozorrotzea hainbeste gustatzen zitzaionez, horixe bera egitea bururatu zitzaion: itxuraz aldatu eta beste norbait bihurtzea, alegia. Aurrena, sagarrondoari lurrera eroritako fruitu gorriak hartu eta ttak!, adarretatik zintzilikatu zituen. Ondoren, goroldio eta orbelarekin xingola luze eta lodiak egin, eta haiekin adar-enborra bildu. Kolore pixka bat emateko asmoz, inguruan zegoen baserrira joan eta bertan aurkitu zuen bufanda gorria jantzi zuen. Hau guztia gutxi balitz, intxaur azaletan lastargi txikiak ipini eta piztu egin zituen, kriseiluak balira bezala. Bai mozorro ederra! Horrela ez zuen inork ere ezagutuko.

Mozorroa nahiko astun eta delikatua zenez, ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, astiro samar hurbildu behar izan zuen urte hartako batzarra ospatzen zen larrera. A zer ezustekoa eraman zuen iritsi zenean! Zuhaitz guztiak berari buruz hizketan aurkitu ez zituen ba!

zuhaitz magikoa 2 

–         Denok ote gaude?- Arte Zaharrek, zerrenda pasatzen.- Ez, ez. Izei Ertain falta da. Inork ikusi al du?

–         Gaixorik ote dago? – Sagarrondo Musugorrik, kezkatuta.- Ai, ama! Ez zuen, bada, artzainak moztuko?

–         Tximistak joko zuen, seguru .- Zume Negartik, negarrez hasteko zorian.

–         Lasai. Goiz da. Oraindik ere azaldu liteke.- Arte Zaharrek.

–         Baina Izei Ertain gabe, ezin izango dugu aurtengo batzarra ospatu! Bai tristea, bai tristea! .- Zume Negartik, negarrez hasiz.

Halako batean, Izei Ertain itzaletik atera zen.

–         Eta zu, nor zara, zuhaitz dotore hori? Izei Ertainen familiakoa agian? Haren antza baduzu behintzat!- Arte Zaharrek.

–         Ni …, zera …, Ize … Izekoa naiz, – bota zuen Izei Ertainek, ahotsa aldatuta – Izeiren Izekoa… naiz.

–         Eta ondo al dago? Etorriko al da? Gaur, batez ere, ezinbestekoa dugu.- Haritz Sendok.

–         Gaur? Zer ba? – Izei Ertainek, oso harrituta oraindik.

–         Ba aurtengo errege izendatu nahi dugulako. – Haritz Sendok.

–         Izei Ertain, errege? Beno, nik asko maite dut, eta niretzat oso zuhaitz berezia da, baina zuentzat … – Izeik.

–         Guretzat ere halakoxea da! – Zuhaitz guztiek.

–         A, bai? Benetan? – Izeik, entzuten ari zela sinetsi ezinik.

–         Jakina! Adibidez, haren adarrak hostoz jantzita egoten dira beti, nireak ez bezala! – Haritz Sendok.- A zer inbidia ematen didan negu gorria hasten denean.

–         Eta ematen dituen pinaziak inoiz probatu dudan fruiturik goxoena da! – Pinu Tentek.- Nik ere horrelakoak emango banitu …,  baina nire pinaburuak zapatak bezain lehorrak dira!

zuhaitz animaduna 3 

–         Eta beti gainean dituen hostoei esker ematen duen itzala hain da zabala non udan artzaina eta ia artalde osoa babestu ditzakeen!  – Gaztainondo Eskuzabalek.

–         Baina ez da etorrikoooo! – Zume Negartik, negar-oihuka.- Eta beretzat prestatu ditugun kanta, ipuina, antzerkia eta opariekin zer egingo dugu? Ez dago eskubiderik! Buaaaa! Bai tristea, bai tristea!

–         Beno, egia esango dizuet. Izei Ertain … ni naiz! – bota zuen, Izeik, bere benetako ahotsa erabiliz.- Beraz, has dadila festa!

Eta festa hasi zen. Eta kantak, eta dantzak, eta opariak, eta antzerkiak eta hitz politak, eta besarkadak … Izeik ezin zuen sinetsi ere egin. Laino baten gainean bezala pasa zuen gau osoa. Festa osoan ez zuen mozorroa kendu, (aipatu dugu, bada, izugarri gustatzen baitzitzaion beste itxura bat hartzea) eta egunsentian, dena bukatu zenean, lehenengo eguzki izpiekin batera zuhaitzak berriz ere estatuak bezain geldirik zeudela, hor agertu zen artzaina. Eguberri goiza zen. Artzainak Izei Ertain ikusi eta berehalakoan galdutako bufanda hor zegoela jabetu zen.

artzaina 

–         Nola iritsi ote da nire bufanda honaino? – artzainak, aho bete hortz.- Eta nork apaindu ote du izei eder hau? Olentzerok agian? Bai gauza ederra! Baserrira eramango dut, umeak esnatu aurretik sutondoan jarri eta Olentzerok ekarritako opariak haren oinetan ipintzeko.

 

Esan eta egin. Izeia astiro-astiro lurretik atera eta sustraiak batere hondatu gabe etxean landatu zuen berriro (horretarako propio prestatutako lorontzi handi batean.) Haiek algarak artzainaren hiru seme-alabenak!

Horrela Izei Ertain Gabon guztietako errege bihurtu zen, hori bai, behin festak pasata artzainak kontu handiz aurkitutako lekuan landatzen zuen berriro.

Eta badakizue honelako gauzekin zer gertatzen den: batek egiten du eta jarraian denek kopiatu, ohitura bihurtuz. Orain badakizue izeiak Gabonetan zergatik apaintzen ote digun etxea, baina agian bada beste zerbait oraindik esan ez dizuetena ….

zuhaitza sutondoan 

Harrez geroztik guraso batzuk Izei izena aukeratzen dute semeei jartzeko, zuri, Buiako Izei maitea, jarri zizuten bezala. Eta ba al dakizu zergatik? Zuregan hamaika gauza eder ikusten dituztelako; inguruko guztiek zenbat maite zaituzten ez ahazteko; zure ametsak betetzeko gai bazarela gogorarazteko; eta zuk ere gauza on hauek guztiak ikustea nahi dutelako.

Beno, Izei. Orain badakizu zergatik gustatzen ote zaizun hainbeste mozorrotzea, ipuinak entzun eta sortzea, eta baita zergatik ote zaren horren eskuzabal eta maitagarria.

Eta jakizu ere ipuintxo hau berandu samar iritsiko bazaizu ere (gauza guztiak bere momentuan ailegatzen diren seinale!) zuretzat bereziki egina dagoela izugarri maite zaituen aitaren eskariari erantzunez.

* 2013ko abenduaren 24ko gauean, lo ginen bitartean, Olentzerok kontatu zigun ipuina. 

 

 

 

 

 

 

 

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button