OparipuinakUncategorized @eu

Oparipuina: URRUN ETA BERTAN

Osintxuko Araitzi maitasun osoz idatziriko ipuina. Aita alboan laster izango duzuen itxaropen osoz, malkotan idazteaz amaitu dudan ipuina. Gaur, nik ere ohean salto egingo dut zuengatik.

Nahia Alkorta Elezgarai.

 

  • Araitz, eseri hemen.

  • Zergatik?

  • Ipuintxo bat kontatuko dizut.

  • Ze ipuin ama?

  • Araitz, aita eta amatxoren ipuina.

  • Araitz? Ni bezala? 

Bazen behin, Araitz izeneko neskato bihurritxo bat. 3 urte t´erdi zituen eta Osintxukoa zen.

Araitz, ume oso maitatua zen. Amatxo Nerearekin bizi zen baina inoiz ez ziren biak bakarrik egoten. Aita, Xabi, urrun egon arren, bertan zeukaten beti eta. Urrun eta bertan zegoen.

Urrun zegoen, urrun egonarazi ziotelako, aukerarik ez zuelako Araitz eta amatxorekin batera egoteko. Urrun zegoen, oso urrun, urrunegi. Baina bere bihotz taupadak Araitz eta amatxoren bihotz taupaden artean egoten ziren beti. 

Gutxi, gutxiegi eta gela itxusi batean ikusten zuten elkar amatxo, aitatxo eta Araitzek. Baina paretarik itxusi eta lodienak ere ez ziren gai, une horietan, irribarrea eta maitasuna miloika aldiz biderkatzeko. 

Araitz sorgitxo bihurritxoa zen. 3 urte soilik izan arren, helduok egiten ditugun gauzak egitea maite zuen. Bazkari goxo-goxoak prestatzen zituen amatxo eta beretzat, telefonoa hartu eta edonori deitzen zion egun hartan egindako bihurrikeritxoak kontatzeko eta txikia izan arren, oso ondo gidatzen zuen autoa! 

Baina bazen Araitzek bereziki ondo egiten zuen gauza bat. 

  • Amatxo, badakit!

  • Araitz, itxaron, ipuina irakurriko dizut ados?

  • Bale… 

Baina bazen Araitzek bereziki ondo egiten zuen gauza bat. Irribarre. Araitzek irribarre perfektua zuen. Kutsakorra. 

Ahoa ireki eta barre txikia aurpegian jartzen zitzaion bakoitzean, ingurukoen begiradak maitasunez betetzeko gai zen. Bere hortzatxo zuri-zuriak erakutsi eta lainorik beltzenak desagerrarazten zituen.

Behin, ohe gainera igo eta irribarre handi-handia jarri eta abesten hasi zen. Salto txikiekin abestiaren erritmoa markatzen zuen. Geroz eta altuago abesten zuen, geroz eta irribarre zabalagoa ahoan eta salto handiagoak! 

Amak abestia entzutean ikustera joan eta Araitz ohe gainean saltoka ikustean, haserretzeko keinua egin zuen lehenengo. Araitzi berriro begiratu eta bere irribarreak kutsatu eta ama ere lurrean saltoka eta abesten hasi zen. 

Biek algaraka amaitu zuten ohe gainean etzanda. Elkar estu-estu besarkatu eta amak, “hau aitatxori kontatu behar diogu” esan zuen. 

Araitz, une horretan goibel jarri zen. Aitatxo urrun zergatik zegoen ez zuen ulertzen. Ez zuen aitatxo urrun egoterik nahi. Amak ere ez. Amak ez zuen aitatxo urrun egoterik nahi. Eta aitak ere ez. Aitak ez zuen Araitz eta amatxo hain urrun izaterik nahi.

Horregatik aitatxok Araitz jaioko zela jakin zuenean, beraiekin Osintxun egoteko era asmatu zuen. Bere taupadak indartsu-indartsu bihurtuko zituen, eta taupa horiei hegoak jarri zizkien. Aitatxoren taupada bakoitza hegan aterako zen Almeriatik Osintxuraino eta Araitz eta amatxoren taupaden artean entzungo zen. 

Uneoro entzun daitezke aitatxoren taupadak Araitzen taupaden ondoren. Uneoro dabiltza aitatxoren taupadak Osintxurantz hegan. Uneoro Araitz eta amatxo aitatxoren bihotzean. 

Horregatik maite zuen Araitzek salto egin eta abestea. Berak jakin gabe ere, egiten zuen jauzi bakoitza, aitatxo bidalitako taupada indartsu-indartsu batek eragiten zuela. 

Eta Araitzek ez bazekien ere, abesten zuen bakoitzean, aitatxori bere abestiaren zurrumurrua iristen zitzaion. Aitatxoren taupadak indartuz. 

Eta hala bazan, edo ez bazan, sar dadila kalabazan… eta atera dadila Osintxuko plazan. 

  • Ama! Ze ipuin polita!

  • Gustatu zaizu?

  • Bai, badakizu zergatik?

  • Zergatik maitea?

  • Ni nintzen! Eta zu! Eta aitatxo!

  • Bai, gu ginen, gu gara.

  • Ama… goazen ohera.

  • Nekaturik zaude?

  • Ez. Salto egin nahi dut eta ozen-ozen abestu! Aitatxok entzuteko…

  • Goazen… 

Ama eta Araitz ohe gainean abesten eta saltoka egon ziren tarte batez. Irribarretsu, barrez lehertu eta elkar besarkatuta lo hartu zuten hantxe. 

Aitari, ozen iritsi zitzaion abesti horren melodia eta taupada indartsu-indartsuak bidali zituen Osintxurantz. Aita ere irribarretsu zegoen, geroz eta gutxiago falta baitzuen berak ere ohe gainean salto egin eta ozen elkarrekin abesteko.  

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button