amatasunaamatasunavivenciavivencia

OSPITALEAN GAIXO DAGOEN ALABARI GUTUNA

2014ko Uztailaren 18an Goiberrin argitaratua

Gaurkoan gertutik bizi izan dudan gai baten inguruan hitz egin nahiko nuke. Gertutik esatean, 20 urtetan zehar nirekin eraman dudan egoera batez ari naiz; eraman dudan eta tentuz ibiltzen ez banaiz bueltatu daitekeen gaixotasun batez. Ez da erraza gai honetaz hitz egitea, gaixo gaudenok ezkutatu egiten dugulako eta inguruan daudenak erabat galduta sentiarazten dituelako.

Bizi izan dudanari aurrez, burua tente izanda begiratuz, infernu horretatik pasatzen ari direnekin eta beraien familiekin gutun bat elkarbanatu nahiko nuke. Duela 18 urte idatzitakoa den arren oso ondo adierazten du ama batek bizi duena, eta era berean gaixo dagoen horri ere lagun diezaiokeela pentsatzen dut.
Norbaiti balioko diolakoan….

Nire pentsamenduak,
… garai honetan, zuk pisua hartu beharra duzu, derrigorrezkoa da. Aurrera pausoak emateko beste erremediorik ez duzu. Pisua lortzen duzunean, markatuko dituzu beste helburu batzuk. Zuk ondo dakizu bizitzeko baldintza minimo batzuk behar direla. Elikadura aldetik ere derrigorrezko neurri batzuk daude.
Etxe batek ere, ez baditu zimentu egokiak, erori egiten da. Zure zimentuak erabat ahuldurik egotean, ganbararaino kolokan duzu. Zimentua sendotu gabe ezin duzu beste ezer tinko jarri. Gainera zimentu horren ‘itxurak’ badu garrantzia baina bere indarrak eta egonkortasunak gainditzen du garrantzia hori. Ni ez noa orain zu konbentzitzera argala zaudela esanez, zuk egin behar duzu hori. Gaur egungo ‘taulak’ hor daude, ez dira nire asmakizunak, adituak eginak baizik. Ispilura begiratu ordez, tauletara begiratu. Bestela nola ikusten gaituzu gu? ‘Mitxelin’eko propaganda egiten ari den jende multzoa ala? Oraindik behe puntatik kanpora zaude, HORI DA ERREALITATEA! Behe puntaraino iristen zarenean, zimentuetan juxtu-juxtu behar duzun indarra izango duzu, ez bestela.

gutuna
Hori egiten duzunean, lehen solairua, bigarrena eta ganbara zuzentzen izango duzu lana. Lan horretan zu izan behar zara ‘enkargatu’. Gu zure laguntzaile izateko prest gaude, EZ ZAUDE BAKARRIK. Ez ahaztu gainera, besteon etxeetako lehen solairuaren parte zarela; ZURE BEHARRA DUGU IRAUTEKO!
Badakit egungo egoera oso larria dela. Gaindituko dugu/duzu; laguntza eskatu, horretarako gaude hor. Laster etorriko zara etxera, ANIMO!
Amatxo

Ez da erraza, baina gutunak dioena erabat erreala da. Gaixo zaudenean ikusten ez duzun arren… aurrera egiteko etxearen zimenduak erabat sendo izatea oinarrizkoa da. Hau lortzean, etxe osoaren sendotasuna bera bakarrik lortuko baita … etxearen sendotasuna eta ganbararen osasuna.

Nireak 20 urte izan dira, 20 urte gora behera askorekin, 20 urte poz baino tristura une gehiagorekin. Baina zimenduak sendotzea lortu dut, etxea seguru dago (momentuz) eta ganbara argi.

Nik lortu dudan bezala ZUK/zeuek ere lor dezakezue. Ziur nago.

Itxaro Mendizabal Amundarain

www.ttiklik.com

 

Publicaciones relacionadas

Deja una respuesta

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Botón volver arriba