TTiKLiK!

II. “GURASOEI GUTUNA” idazlan lehiaketa. Gazteen kategorian irabazlea

Sorgin-bitxiaren eskutitza

Ene amatxu maiteari:

Berba honeek irakurtzean zure begietan negar-anpuluak honezkero dagozana badakit, ama, elkar gehiegi ezagutzen dogu eta. Baina berba honeen tinteak zure begien malkoekaz drin egiten badau be, malko errukiorrak izatea espero dot behinik behin. Karta honexek, izan be, nire igesaren barri emongo deutsu zure ardurea baketu daizun.

Gogoratzen dozu zelan txikitan “sorgin-bitxi” deitzean zeunstala? Mitxilotoi hauxe argi inguruan dabilanean zuria bada zoriona dakarrela inozun; baltza bada zoritxarra, barriz. Zutzako, amatxu, sorgin-bitxi zuria nintzan; aitaren begietan, ostera, jaiotzetik beti izan natxako baltza. Horixe da diferentzia bakarra: zuk maite nozula eta aitek ez.

Etxeko giroak bi korronte eukin dauz beti: goizekoa eta gaubekoa. Eguzkia zeruan dabilanean zu eta ni besterik ez gagoz etxean. Eskuz esku landetako mahats zuriak biltzen; begiz begi mailuki gorrienak dastatzen; lepoz lepo iko altuenetara ailegatzen; belarriz belarri arrastiko girgiluen txirria entzuten; eta sudurrez sudur suteko ikerrandoa usaintzen. Hareek bai egun pozgarriak! Halan bada be, eguzkia mendien ostean ostonduten danean, gure poza be argiagaz batera itzaltzen da. Gaubean, izan be, afaltzen gagozan artean aitak etxeko ateari ostikoa emonez sutean azaltzen jaku total eginda. Orduantxe, biok aitaren arnas garratzetik datorzan berba are garratzagoak jaso behar doguz. Hain da astuna bere mozkordura ezen hitzek ikubilen forma hartzen daben zure masaila, dza!, gorri itziz. Hareek bai gau penagarriak…

Ha ta guztiz be, urteak aurrera egin ahala esakabi honek hego handiak hazi dauz, bai horixe. Oraintxe, zelan edo halan, niri etxetik hegan egiteko denpora heldu jata be bai. Baina ez natxatzu alde egiten ari, ama; mundu arrotza deskubritzera, haize barria arnastera eta, beharbada, neure burua aurkitzera baizik.

Aitak nire margolaritzarako dohainean sinistu ez arren, zure laguntza eta sostengua behar dot bidean jarraitu daidan, amatxu. Ze zure altzoan jesartzeak ene bihotza arintzen eta gaztetzen deust eta; ze zure begi, irribarre eta ule izurtuak goizeko aire freskoa arnasteak baino indar gehiago emoten deustie eta. Ai! eta zure eskuak, zure esku bedeinkatuak, mendiko latsa bezain arinak, baina aldorra bezain sendoak; elizako artatxorie adina bizitasun, baina larrosen antzen haina zorrotasun; haria orratzaren begitik sartzeko irme-irmeak, baina baita nire ulea mindu barik orrazteko samurrak be. Zu eta zeure esku barik zer egingo geunke aitak eta nik, ba?

Esku horreek dira, hain zuzen, margolaritzarako heredatu dodazan tresnak. Nire begiak urteakaz itsutzen doazanez, nire eskuek adimenean dodazan irudiak hartu eta oihalean margozten dabez bere kabuz eta. Bi instrumentu honeek margoztu ez eze, izar polarra be erkinagaz seinalatuko deustie nire arima sendotu eta garbituko dauen Jesu Kristo aurkitu daidan.

Kilometroak eta kilometroak gure artean egongo badira be, bihotzean eredutzat eukingo zaitut! Izan be, umetan zure gerrira baino ez nintzanean heltzen, handitan zu bezala izatea nahi neban zalantza barik. San Juan eguna ospatzeko bakarrik banago be, saino handi bat izituko dot auzoko plazan egiten doguntzat, eta eskuteari su emonez herriko kopleak ozenki abestuko deutsudaz, amatxu, “San Juan bagilea, denpora ederrea, artoak eta gariek gorde, subeak eta zapoak erre!” hamendik eta hemendik.

Aiko hor nire igesaren barri, ama. Bizitzeko gogoak, izan be. Egun baten aititek tximeletoi eder bat sareagaz harrapatu ebanean, nire kaiola txikitxuan sartzeko keinua egin neutson; baina berak tximeletoia esku artean gorde eta hauxe esan eustan: “Ikusi dok tximeletoia?”, eta nik baietz egin neutson buruagaz, “Ze kolorekoa dok?”, “Zuria” erantzun neutson. Aititeri irribarre zabal eta zaharra margoztu jakon aurpegian, “Ba, horixe dona edertasuna, umea. Eta edertasuna aske ibili behar dona, ze kaiolak gisajo honen hegoak besterik ez dauz baltzitzen eta. Gauzek euren bidetik jarraitzen itzi, eta urrutitik begira eiona ixi, ze aske egonda hoberen da bizi.” Berba honeek esaterakoan eskuak zabaldu eta tximeletoi zuriak gure inguruan dantza bati ekin eutson, eskerrak emoten ari balitz bezala, eta bat-batean hegoak sano astindu eta zerurantza jo eban haren hegoek eguzkitan dirdiz eginez. 

Zabaldu egizuz zure eskuak, ama, eta jaso naizu zerura, maitasunez. 

Zure alaba maitea, Leire

 

Mikel Dale Etxebarria, Igorre, Bizkaia.

16 urte.

Saria: Mirentxu Liburudenda (Beasain)

etiketak

Publicaciones relacionadas

Deja un comentario

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Botón volver arriba
Cerrar