0-56-11Adimen EmozionalaAutonomiaFrustrazioakHazieraHezkuntza

Babesten ez duen babesa

2015-02-21: Ainara Arratibel Gascon-ek Berria-n argiratutako artikulu baten zati interesgarri batzuk berreskuratu ditugu hemen:

Artikulu osoa: Babesten ez duen babesa

Leticia Garces (padresformados),  Fernando Olabarrieta (Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia irakaslea) eta Garbiñe Arrizabalaga ( Baikara guraso elkarteko kidea) dira artikulu honetako protagonistak.

Lehen, gurasoak autoritarioagoak ziren, eta orain, berriz, seme-alabak gehiegi babesten dituzte. Gizarteko hainbat aldaketaren ondorio da hori, eta autoestimu eta autonomia gutxiko haurrak izatea eragiten du luzarora.

Sufritu ez dezaten egiten dute batzuetan. Gauzak errazteagatik bestetan. Matraka ez emateko edo bakean uzteko ere bai, sarri. Arrazoiak arrazoi, psikologia eta hezkuntza aditu ugari bat datoz: gurasoen aldetik gero eta joera handiagoa dago haurrak gehiegi babesteko.

Duela hamar bat urte familia barruko harremanei buruz EHUk egindako ikerketa batean ikusten ziren ondorioen artean, haurren gehiegizko babesa zegoen, eta joera hori mantendu egin dela dio Olabarrietak. Horren sintometako bat haur batzuek irakasleekin eta gurasoekin dituzten jarrera neurrigabeak dira.

Leticia Garcesek dionez jarrera horiek betidanik existitu dira, baina orain nabarmenagoa da, gurasoen aldetik dagoen autoritate faltagatik. Ez dugu jakin izan autoritatearen eta gehiegizko oreka hori topatzen. Oreka hori asertibitatean egongo litzatekela dio.

Olabarrietaren esanetan gizarte osoak du errua, familia gizarte barruan dagoen egitura bat delako. Gaur egun ohikoena bi gurasoek egun osoa lanean ematea dela dio, eta umeekin oso denbora gutxi egoten direla. Gehienetan patxadarik gabe, gainera. Olabarrietaren hitzetan:  «Zaila da familia eta lana uztartzea. Hala, esaten da seme-alabei eskaintzen zaien denbora gutxi izan arren kalitatekoa bada ez dagoela arazorik. Baina oker daude. Denbora gehiago behar da umeekin egoteko, haien heziketaz arduratzeko. Sistemak kirrinka egiten du, eta beharrezkoa da gauzak aldatzea».

Gurasoek, Seme-alabentzat komenigarria den hezteko estiloa baino gehiago, berauei komeni zaiena ezartzen dutela dio Garcesek. Beraiek nekatuta daudenean, adibidez, nahi dutena egiten uzten dietela eta hori zentzugabea eta ez egokia dela haurrentzat. Gurasoen arteko komunikazio falta ere ikusten dute. «Bakoitzak estilo bat erabiltzen badu, haurrak ez du eredu garbi bat izango. Gurasoek eseri egin behar dute, eta hitz egin behar dute seme-alabak hezteko erabili nahi duten estiloaz. Batez ere lehen haurra izaterakoan, komeni da hausnarketa hori egitea», azaldu du Garcesek. 

«Luzarora, segurtasunik eza, beldurra eta frustrazioa onartzeko tolerantzia gutxi dakartza, besteak beste. Horri, txikitan haurrak egozentrikoak direla gehitzen bazaio, gehiegizko babes hori oso arriskutsua bihur daiteke. Horrek guztiak, azken batean, haurraren izateko moduan eragiten du» dio Leticiak. «Bi muturretara jo dezakete, edo menpekotasun handiko pertsonak izan, edo tirano txikiak bihurtu», azaldu dute hirurek. Ohikoena lehenbizikoa izaten da.

«Horren ondorioz, zaurgarriagoak dira eskolan jazar diezaieten, adibidez. Helduak direnean, gainera, hala izaten jarraituko dute. Beti beharko dute norbaiten laguntza edo onarpena zerbait egiteko», argitu du Olabarrietak. Kontrako jarrera hartzen dutenak ere badira, ordea. «Gehiegi babesten dituztenez, eta nahi dutena egiten dutenez, zailtasunak izaten dituzte arauak onartzeko».

Eskolan ikusten dira arazo horiek, Garcesen arabera. «Irakasleekin eta ikaskideekin liskarrak izaten dituzte. Akademikoki, berriz, ez dute gauzak egiteko eta ikasteko interesa, kuriositatea. Ez dira ahalegintzen gauzak egiteko orduan. Gainera, ez dute motibaziorik edukitzen jartzen zaizkien erronkak edo helburuak betetzeko. Horrek, noski, ondorioak ditu notetan. Kasu askotan, gainera, gurasoek babestu egiten dituzte irakasleen aurrean. Ez dira konturatzen hori kaltegarria dela, eta eurei ere ez diela mesede egiten. Izan ere, autoritatea galtzen dute seme-alaben aurrean».

Gehiegizko babesarekin egunero bizimoduan moldatzeko tresnarik ematen ez duela dio Olabarrietak, eta honela beti izango duela norbaitekiko menpekotasuna. Beharrezkoa da autoestimua eta autonomia behar bezala garatzea. Arrizabalagak dioenez, txikitatik egin beharreko gauza da: haurrari gauzak egiten utziz, ardurak emanez, beldurrak eta kezkak bideratzen erakutsiz, arauak eta ezetzak onartzen irakatsiz… Azken hori oso lotuta dagoela frustrazio optimoaren formularekin

Formula hori zertan den azaldu du Olabarrietak. «Gurasoek, adinaren arabera eta neurri egokian, erronkak eta trabak jarri behar dizkiete seme-alabei, beraien kabuz gaindi ditzaten. Ez badituzte gainditzen edo hutsen bat egiten badute, ez dela ezer gertatzen ikasiko dute haurrek. Huts egitea normala dela. Lortzen badituzte poztu egingo dira, eta aurrera jarraituko dute beren autonomia prozesuan. Ilusio handiagoarekin, gainera. Maitasuna bai, baina exijentzia ere bai. Biak dira garrantzitsuak».

Nabarmentzeko puntuak:

  • Haurrak «exijentziaz eta maitasunez» hezteko beharra.
  • «Beren sentimenduak eta bizitza bideratzeko tresnak eman behar dizkiegu, eta haien ondoan egon».
  • «Umeen mesedetan, ordea, beharrezkoa da gehiegi ez babestea: ezetz esatea, frustrazioak bideratzen erakustea…».
  • Autoestimuari dagokionez: «Balioa eman behar diegu ondo egiten dituzten gauzei, eta gaizki egiten dituztenak ondo egiten erakutsi».
  • Autonomiari dagokionez, eguneroko eginkizun txikiekin hasi behar gara.
  • «Eskolaren eta familiaren arteko elkarlanean jarraipen eta koherentzia bat egon behar da, eta umeak mezu berdinak jaso behar ditu batean eta bestean. Gainontzean, nahastu egingo da».

 

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button