interesgarriak

Adiorik ez…

Gaur nire urtebetetze eguna da (uztailaren 4a), duela 39 urte atera ninduten gure amaren sabeletik. 4. eguna, 7. hilabetea, egun polita mundura etortzeko. Beste guztiok bezala, ez dut egun horretako gauza gehiegi gogoratzen. Amak kontatu zidan gauza bakarra, bere besoetan jarri ninduten momentuan buruan zauri bat nuela izan zen, medikuek ez omen zioten ezer esan, baina zesarea egiteko momentuan, egindako ebakitxo bat neukan buruan, merkromina gorriaz ‘ondo’ kamuflatuta. Egun horretaz eta jarraitu zuten beste egun eta hilabeteez gehiago jakitea gustatuko litzaidake, baina tamalez ezin dut. Horretarako nuen denborak ihes egin dit. Beti bezala, ez gara konturatzen kontatu gabeko mila gauza ditugula gordeak, interesatuko zaion pertsona horri esan gabe…horretarako egokia izango den, eta agian iritsiko ez den egunaren zain.

Azkeneko aste hauetan baju xamar nabil, asko maite duzun lagun bat agurtu gabe doala esaten dizutenean sentitzen den sentsazio ezatsegin hori daukat. Barruan zulo bat izango banu bezala. Badoa, eta nik ezin dut ezer egin. Ikaragarria da nola bizitzan gertatzen zaizkigun gertaerek behin eta berriz iraganean pasatu ditugun beste egoera batzuetara nola eramaten gaituzten. Lagun hau gaixo doa eta nik agurtzeko aukera izan nahiko nuke. Baina era berean berataz agurtzeak badoala onartzera eramango nau, eta ez dut bera joaterik nahi. Bat-batean galdu ditugun pertsonekin ere berdina gertatu zait. Asko kostatu zait benetako agurra egitea, agurtzeak betirako galdu ditudala onartzea suposatuko balu bezala. Eta ez da horrela. Agurtzeak etapa bat ixtera eramango gaitu, besterik ez.

Barruak nahastuta ditut, alde batetik triste nago. Triste beragatik, triste bere familiarengatik eta triste neregatik. Haserre ere banago, amorratuta, dena hain azkar izan delako, ia ez dudalako zenbat maite dudan esateko aukerarik izan, gauza asko geneuzkalako oraindik bion artean egiteko. Bizitzako proiektu zoragarriak, ilusioz beteak. Bestalde, pribilegiatua sentitzen naiz, asko eman didalako, ikaragarria izan delako beragandik jaso dudana, eta hori, azalean tatuatua daramadalako. Eta beldurtuta. Bizitza horrelakoa delako. Bat-batean maite dituzun pertsonak zure ondotik kentzeko kapazitatea duelako. Ez, ez dakigu gure bidea noiz bukatzen den, eta hala ere katuak bezala, zazpi bizitza izango bagenitu bezala jokatzen dugu, a ze inozoak garen! Nik, ‘zorionez’, oraingoan aukera izan dut. Lagunarekin egoteko aukera, zenbat maite dudan esan diot eta besarkada bat eman. Etapak ixteak berebiziko garrantzia duela konturatu naiz, itxi eta bizitutakoaren esperientziatik ikasi behar da; beti dago ikasteko zerbait eta.

Adiorik ez Nerea, beti egongo bait zara gurekin, gure bihotzetan, kolore(z)-kolore bidea argituz.

13509117_986231558142786_5621314350305152741_n

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button