Itxaro Mendizabal Amundarainnabarmenduak

IRUZURGILEAREN SINDROMEA

2019ko otsailak 08, GOIBERRI-n argitaratua

Iruzurgilearen sindromea desoreka psikologiko bat da. Desoreka hau pairatzen duten pertsonak inoiz ez dira beraien lorpenen balioaz konturatuko. Egiten dutela eginda ere, nota onak atera, profesionalki aurreratu, besteei laguntzeko zerbait egin… beti sentituko dira lorpen horien jabe ez balira bezala, zortearen ondorioz, txiripaz… egin dutela pentsatuko dute.

Pertsona hauei zerbait egiteko eskatzen zaienean, lanpostu hobeago baterako aukerak irekitzen zaizkienean, ez dira gai izango aukera horiek aprobetxatzeko, ez baitira maila hori emateko gai sentitzen, orain arte egin dutena ez baitute beraien lorpena bezala ikusten, iruzurra egin dutela sentitzen dute eta.

Aurreko batean guraso.eus webgunerako 50 euroko billete faltsua artikulua idatzi nuen, bertan sarean bueltaka dabilen bideo bati aipamena egiten nion. Bideo horretan Merli telesaileko eszena bat agertzen da, Merli filosofia irakasleak lezio bat eman nahi dio Joan izeneko ikasleari, 50 euroko billete bat erabiltzen du horretarako. Erakusten dion aurreneko aldian billetea berri-berria dago, osorik, zimur edo matxurarik gabe. Bere balioaz ohartarazi ondoren, zapaltzen, estutzen joango da, billetea erabat zimurtuta eta ia-ia ezagutu ezinda geratu arte. «Zu billete hau bezalakoa zara, nahiz eta asko zapaldu edo mindu, berdin balio duzu», izango da emango dion lezioa.

Erabili duen irakasteko modua oso ona da, baina zer gertatuko litzateke gu 50 euroko billete horrekin beste modu batera identifikatuko bagina?

Nerabe zein heldu askok dituzten arazoen jatorria txiki-txikitatik landu beharko liratekeen oinarri emozionaletan dago. Oinarri emozional hauek ondo finkatzen ez badira, autoestimu baxuko pertsonak sortuko dira eta autoestimu baxua duen pertsona bat billete horretan identifikatua sentituko da, baina 50 euroko billete faltsu bat dela pentsatuko du. 50 euroko billete faltsu bezala sentitzen bagara, ez dugu lezio honen balioa ikusiko, eta ez hori bakarrik, gure barruan oraindik eta okerrago sentituko gara, guk bakarrik baitakigu ez dugula hori balio, faltsutasun horretan, gure balioa hutsa baita.

Bideo hori ikusi nuen aurreneko aldian ikaragarri gustatu zitzaidan. Mezua ederra da. Bigarren aldiz ikusi nuenean ordea, urte batzuk atzera egin nuen eta Joanen lekuan eserita ikusi nuen nire burua. Garai hartan, nire etsairik handiena ni nintzen horretan, mezua nola jasoko nuen sentitu nahi izan nuen eta pentsatu nuena hori izan zen, ni ez nintzela benetako 50 euroko billetea sentituko, billete faltsua, baliorik gabekoa nintzela uste nuen eta.

Artikulu honetan ageri denak iruzurgilearen sindromearekin antzekotasun asko ditu. «…Eskuartean dudana egiteko prest ez nagoela sentitzen dut, ez naiz hau egiteko gai izango, ez dut besteek eskatzen didaten maila emango, nigandik espero dutena ezingo diet eman, baina hala ere ni aukeratu naute horretarako… zortea dudalako izango da, gauzak ondo ateratzen ari zaizkidalako… ez dira konturatu benetan horretarako gai ez naizela…».

Gauden lekura iristeko egindako bidea eta bide horretan egin ditugun esfortzu guztiak mahai gainean jartzeko garaia iritsi da. Baloratu dezagun egindako bidea, baloratu gaitezen pertsona eta profesional bezala. Helburura nola iritsi garen konturatzeko, orain arte hartu ditugun erabaki, egindako ekintza eta jarrerez kontziente izan behar gara. Positibo zein negatiboak, bata zein besteak egin baitute gure bidea. Utz diezaiogun gure buruari akatsak egiten, hanka-sartzeak ere bizitzaren parte dira, eta ikasteko ikaragarri balio dute. Eman diezaiogun gure buruari benetan duen balioa.

Urteak aurrera joan ahala, benetako 50 euroko billetea sentitzea lortu dut, eta Merlik emandako lezioarekin bat egin dut, nahiz eta batzuetan ximur-ximur eginda sentitu, kontziente naiz nire balioaz, bakoitzak dugun balioaz, eta badakit balio hau ez dela nolanahikoa.

Related Articles

Back to top button