HezkuntzaKomunikazo ez-bortitza

Zentzuzko ondorioak izan behar ditu haurrak okerreko jokabide bat duenean

2011-07-17

Nerea Mendizabal. Psikopedagogoa

«Zentzuzko ondorioak izan behar ditu haurrak okerreko jokabide bat duenean»

Gurasoek eta hezitzaileek haurrekin erlazioak eraikitzean zigorrak, xantaiak eta mehatxuak baliatu ordez bestelako alternatibak badirela proposatzen du Mendizabalek.

Irati Elizalde

Nerea Mendizabal psikopedagogo, gizarte hezitzaile eta haur masaje hezitzaileak (Zestoa, Gipuzkoa, 1976) helduei eskatu die aintzat hartzeko haurrek egun osoan zenbat ezezko, zigor, xantaia eta mehatxu jasan behar izaten dituzten. Bihar eta etzi ikastaro bat emango du UEUren udako ikastaroetan: Guraso/hezitzaile eta haurrek elkar ulertzea: zigorrak, xantaiak eta mehatxuak ekiditen du izenburu.

Zein kasutan da eraginkorra kasurik egiten ez duen haurra zigortzea?

Eraginkortzat jo ohi dugu helduok nahi duguna lortzea. Baina, horren trukean, egin diogun mehatxuari ihesika egingo dio kasu haurrak; mendekua hartzeko gogoz, amorruz, amorruz… Horrek erlazioan mina eragingo duela argi dago. Haurrak, txikiak izanagatik, pertsonak dira, eta niri mina egiten didanak haurrari ere egingo dio. Nire inguruan ditudan helduak zigor, xantaia eta mehatxuen bidez erlazionatzen badira nirekin, ez dut ezer jakin nahi izango pertsona horiekin. Gauza bera gertatzen zaie haurrei ere.

Ez al du ondoriorik izan behar haurraren jokabide txarrak?

Noski baietz. Kontua da zein ondorio planteatzen diogun. Jokaera guztien atzean, bai haurrarenak baita helduarenak ere, asetu ez diren beharrak daude. Ez bagara behar horietara gerturatzen, ez dugu asmatuko. Ez badiegu arrazoiei erreparatzen, alferrikako esfortzua izan daiteke. Behin gure arrazoiak eta haurrarenak hautemanik, ondorioen bidez ikas dezakegu, baina ondorio zuzenekin, betiere. Askotan, haurrak bainua hartzen ari dela ura kanpora botatzen badu, mehatxu egiten diegu: «Ez bota, ez bota, botatzen baduzu, ez duzu postrerik izango». eta halakoak. Zer zerikusi dute jartzen ari garen ondorioek haurra egiten ari denarekin?

Ekintzaren eta ondorioaren arteko disoziazioa gertatzen da, ezta?

Bai. Haurrak ondorioak izan behar ditu okerreko jokaera baten atzetik, baina izan daitezela zentzuzko ondorioak. Bestela, gure aurrean esaten dioguna egingo badu ere, ezkutuan berdin jokatzen jarraituko du. Eta, zer ikasi du?

Haurrarekin komunikatzeko eraz kontzientzia hartu behar dela ere nabarmendu izan duzu zuk.

Bai haurrarekin, baita geure buruarekin ere. Haurrarekin jokaera aldatzea planteatzen ari gara, baina nik uste helduok ere modu berean erlazionatzen garela gure artean: bestea epaitzen, zeinek duen arrazoia eta zeinek errua eztabaidatzen…

Sotilagoak omen gara, baina…

Baina era berean erlazionatzen ari gara! Kontzientzia hartu behar dugu haurrarekin komunikatzeko dugun eraz, baina helduekin eta norbere buruarekin nola jokatzen dugun ahaztu gabe. Zeren ni bortitza izan naiteke neure buruarekin ere.

Maiz gogorarazten zaie guraso eta hezitzaileei haurrekin etengabe erabiltzen dutela agintera.

Guraso edo hezitzaile batek agindu eta mehatxuak egiten dituenean, behar bat asetu nahi du, beste era batez asetzen ez dakien behar bat. Hau da, ni ari banaiz haurrari une oro esaten «orain jaso lurrean dagoena, orain orraztu, jolastuko duzu gero…», ziur egon zer edo zer garrantzitsua dagoela nire barruan asetu ezin dudana. Zer? Beharbada, haurrak ikasiko dituen balioak egokiak izango direla ziurtatzeko beharra. Horrek mugitzen nau, eta hori lortzeko ikasi dudana agindua ematea da, gaizki dagoena zuzentzea.

Agian, horrela komunikatzen gara zer adierazteko beharra dugun jakin gabe ere.

Nire ustez, gakoa hor dago: zer behar asetu nahi dut guraso edo hezitzaile gisa jokabide horien aurrean umea mehatxatzen ari banaiz? Arrazoia hautematen badugu, askoz aukera gehiago daude, haren beharrak eta nireak kontuan hartuz, irtenbidea bilatzeko.

Komunikazio ez-bortitza duzu aztergai zure ikastaroetan. Ez al da bitxia haurrekin erabili metodoa nazioarteko gatazketan ere baliatzea?

Harritzen gaitu horrek, ezta? Bitxia da, bai, haur baten beharrak, heldu batenak eta nazioarteko gatazketan edo enpresa eta hezkuntza gatazketan ditugunak antzekoak izanik, denok antzeko eran erantzutea. Behar horiei konturik egiten ez diegulako gertatzen zaigu. Ez dugulako bilatzen beste pentsatzeko era bat, non nirea zein bestearena aintzat hartuko diren.

Enpatia da gakoetako bat, ezta?

Bai, enpatia eta autoenpatia. Zeren, bestea ulertu behar dugula pentsatuz, hari eskaini behar diogun ulermenari soilik erreparatzeko arriskua ere bada. Ezin ditugu gure beharrak albo batera utzi, hori ere ez da. Denbora hartu behar da norberari zer gertatzen zaion konturatu eta besteari adierazteko ere.

Ez dute erraza izango zure ikastaroetara doazen guraso eta hezitzaileek hain barneratuta dauden zigor, xantaia eta mehatxuen joerei buelta ematea.

10.000 urte daramatzagu era horretan komunikatzen. Ez dakit baten bat pilula magikoaren bila datorren ikastaroetara, zeren nik argi esan behar dut halakorik ez dudala banatzen. Honek lanketa bat eskatzen du, norbere erritmoan egin behar den lanketa. Hizkuntza berri bat ikastea bezala da.

Bidea lantzen duenak zer lor dezake, zein aldaketa sumatuko du?

Norberari zer gertatzen zaion aztertze hutsak izugarrizko bakea ematen du. Nire jokabideek zein beharri erantzuten dioten konturatzeak bakea eta lasaitasuna ematen dit niri. Gainera, besteekin konektatzeko baldintza hobean egongo naiz, eta konexio horren bidez behar dudana lortzeko gertuago egongo naiz.

Iturria: http://paperekoa.berria.info/harian/2011-07-17/012/002/zentzuzko_ondorioak_izan_behar_ditu_haurrak_okerreko_jokabide_bat_duenean.htm

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Close