Homeopatia

Homeopatia

 

Iturria: teknopolis.elhuyar.org

Munduan oso zabaldua dagoen eta oso erabilia den terapia da homeopatia. Ikerketa zientifikoek, berriz, ez dute homeopatiaren eraginkortasuna ziurtatzen duen froga objektiborik aurkitzerik lortu, eta horrek, besteak beste, iritzi kontrajarri handiak sortzen ditu terapia horren inguruan.

Bi jarrerak eta jarrera horien argudioak hobeto ezagutzeko asmoz, homeopatiaren inguruan iritzi oso desberdina duten bi pertsona elkarrizketatu ditugu.

Delia Yarnoz iruindarra homeopata ezaguna da. Kardiologoa da ikasketaz, eta, gaur egun, Europako Homeopatia Batzordeko kidea da.

Fisiologian katedraduna da Juan Ignacio Perez, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohia izateagatik ezagunagoa bada ere. Homeopatiak oinarri zientifikorik ez duela aldarrikatzen du.

Hasteko: zer da homeopatia, eta zein da homeopatiaren eta medikuntzaren arteko aldea?

DELIA YARNOZ; MEDIKU HOMEOPATA: Zer den homeopatia? Galdera potoloa da hori. Labur esanda, homeopatia metodo terapeutiko bat da, hau da, sendatzeko eta osasuna lortzeko balio duen metodo bat. Guk pertsonak zaintzen ditugu, ez atalak. Guk sintoma guzti-guztiak hartzen ditugu kontuan. Zer den medikuntza galdetuko nizuke: medikuntza bera da.

JUAN IGNACIO PEREZ; FISIOLOGIAN KATEDRADUNA: Medikuntza, adjektiborik gabe, ezagutza zientifikoan oinarritua dago. Eta, beraz, horrek esan nahi du probak egin behar direla beti botikak testatzeko eta botiken eraginkortasuna frogatzeko. Eta proba horiek gainditu ondoren merkaturatzen dira, eta bestela ez da horrelakorik egiten. Homeopatiaren kasuan, aldiz, ez da inongo probarik egiten, eta legeak ere ez die ezer eskatzen. Besterik gabe sal daitezke.

DELIA YARNOZ; MEDIKU HOMEOPATA: Egia da batzuentzat gu ez garela oso zientifikoak izango. Nik ez dakit zer egiten duten besteek; nik badakit nola ikertzen eta lantzen dudan nik. Eta ni Europako Council of Homeopathiako proving taldean nago, eta hor zehatzak gara, alajaina.

Gaixotasunen jatorria ez da beti erabat fisikoa izaten, emozionala ere izaten da askotan. Horretan, gutxienez, bada adostasun-puntu bat. Horregatik, gaixoa bere osotasunean eta bakarka tratatzen du homeopatiak, eta ez ditu gaixotasunak soilik artatzen.

DELIA YARNOZ; MEDIKU HOMEOPATA: Gu osotasun bat gara, fisiko, psikiko eta emozionala. Gaur egun edonork onartzen du osotasunean aurkitu behar dugula gure baitan zer gertatzen zaigun.

JUAN IGNACIO PEREZ; FISIOLOGIAN KATEDRADUNA: Era askotakoak dira gaixotasunen jatorriak. Baina egia da, hori alde batera utzita, gizakia oso konplexua dela. Eta badakigu buruak eragina duela osasun orokorrean edo ongizate orokorrean, hobeto esateko.

Botika homeopatikoen oinarria parekotasun-legea delakoa da: horren arabera, pertsona osasuntsu batengan sintoma jakin bat sortzen duen substantziak berak sintoma horixe senda dezake pertsona gaixo batengan.

Baina produktu homeopatikoek badute beste oinarri bat ere: infinitesimalen legea. Alegia, disoluzio batean zenbat eta substantzia gutxiago egon, orduan eta eraginkorragoa izango da emaitza. Gaur egungo kimikaren ikuspuntutik, homeopatia-sendagaiak hainbeste diluitzen dira, non erositako botiketan erremedioaren molekula bakar bat ere ez agertzea baita probableena.

DELIA YARNOZ; MEDIKU HOMEOPATA: Debatitua da, baina txertoaren kasua oinarri berean dago. Eta egia da gure ikaskuntza kartesianoaren ondotik, beharbada, ez dela kokatzen hau. Baina orain bestelako zientifikoak diren Gaia eta bestelako fisika eta fisikariek onartzen dute, eta ildo horretatik doa ikerkuntza zientifikoa. Saiatu gorputza mugitzen, gaizki dagoena ukitzen, energia mailan, zelulen mitokondriak eta bestelako informazio zelular horietan nolabaiteko oreka berri baten alde halako toketxoa ematea.

JUAN IGNACIO PEREZ; FISIOLOGIAN KATEDRADUNA: Arraroa litzateke, estatistikoki oso inprobablea, molekula bat bera ere egotea botika homeopatiko batean. Hala ere, horren alde daudenek defendatzen dutena da urak nolabaiteko memoria duela, eta hor egon den produktu homeopatikoaren memoria duela, eta horrek sortzen duela eragina. Hori egia izango balitz, ur horretan ez litzateke bakarrik egongo botikarena, urak bere historia guztian zehar izan dituen —eta historia luzea da— beste molekula guztien memoriak egongo lirateke. Hor sartuko lirateke kontaktuan egon diren metal guztiak, pasatako arroka guztietatik ateratako molekulak, eta abar. Eta horrek ez du ez hanka eta ez bururik.

DELIA YARNOZ; MEDIKU HOMEOPATA: Ez da sinesmena, hau zientzia bat da, besteak bezala. Pazienteak oso ongi daki ongi funtzionatzen badio jarraituko duela. Gauza serioak egiten ditugu.

Homeopatiaren aldekoek medikuntza konbentzionalaren gabeziak jartzen dituzte agerian. Izan ere, sintoma emozionalen ondorio den ondoeza garaiz tratatzen ez bada, arazo fisiko bihur daitekeela diote; eta gaixotasunen jatorria aurkitzeko, modu goxoan eta gaixoarengana hurbilduz egin behar dela aldarrikatzen dute.

JUAN IGNACIO PEREZ; FISIOLOGIAN KATEDRADUNA: Ondo dago gaixoak ondo tratatzea. Gainera, badakigu gaixoei plazebo bat ematen zaienean askotan sendatu egiten direla. Eta orduan badakigu hor gertatzen diren kontuak oso konplexuak direla eta buruak zeresan handia duela. Baina hor ematen den jauzi logikoa handiegia da, eta egia esan, ez dago inolako logikarik hortik ondorioztatzen den horretan.

DELIA YARNOZ; MEDIKU HOMEOPATA: Nik ere duda asko ditut. Nik uste dut norberak beti bere buruari galdetu egin behar diola zertan ari den. Ni ez naiz fisikaria, askotan nahiko nuke mitokondrien edo ADNaren informazio horretan sartu, ea zer gertatzen den. British Journal of Homeopathian atera da minbiziaren aurrean 22.000 kasu, protokolo. Gauzak ez dira nolanahikoak, eta frogatu egin da tropismo mailan eta bestelako mailetan eraginkortasuna duela.

Eraginkortasuna plazebo efektuari dagokiola aldarrikatzen dutenen aurrean, homeopatiaren aldekoek defendatzen dute homeopatiak haurretan lortzen dituen emaitza positiboak ezin direla soilik plazebo efektuaren ondorio izan.

JUAN IGNACIO PEREZ; FISIOLOGIAN KATEDRADUNA: Alde batetik, ez dakigu plazebo-eragin hori zertan bereizten den umeetan eta nagusietan. Umeak, segun eta nolakoak diren, kontziente izan daitezke. Hori alde batetik. Gero, beste alde batetik, gaixotasunak berez sendatzen dira. Azken batean, horretarako dugu sistema inmune bat eta hainbat mekanismo.

Dena dela, homeopatiak munduan milaka milioi euro mugitzen ditu, eta, Hego Euskal Herrian ez bezala, Europako hainbat estatutan homeopatiak estatus ofiziala du gaur egun.

DELIA YARNOZ; MEDIKU HOMEOPATA: Batek sendatu nahi badu, gaur egun, nahi duen moduan egin dezake. Frantzian edo Alemanian libre da medikua aukeratzea. Gero dirua bueltatuko dizu norbaitek, botereak edo besteren batek, baina hor gertatzen dena, horrelako serioa den ekintza horretan, jendeak badaki.

JUAN IGNACIO PEREZ; FISIOLOGIAN KATEDRADUNA: Ofiziala ez denak beti izaten du xarma bat, ezta? Erakargarritasun bat, alternatiboa dena. Eta, batez ere, gaur egungo gizartean. Alternatibak aurkezten dira gauza guztietarako, eta medikuntza ezin zitekeen salbuespen bat izan: nik hala uste dut.

James Randi izeneko eszeptiko batek milioi bat dolarreko erronka bota dio homeopatiari. Hala, sendagai homeopatiko baten eta ur arruntaren arteko desberdintasuna zientifikoki frogatzen duenari Randik milioi bat dolar emango dizkio bere poltsikotik. Erronka gainditzeko saiakera batzuk izan diren arren, saria, oraingoz, banatu gabe geratu da.

JUAN IGNACIO PEREZ; FISIOLOGIAN KATEDRADUNA: Zientziak froga ezin dezakeena ez da frogatuko beste inolaz ere. Eta aukerak egon dira milaka, hori argi dago. Orain arte ez da ezer frogatu, eta hemendik aurrera ere ez. Randik seguru edukiko du bere dirua, horretan behintzat gastatu gabe. Hori argi dago.

DELIA YARNOZ; MEDIKU HOMEOPATA: Gure presidente zenak ederki erantzun zion: gauza asko egin behar dugu eta nik ez dut denborarik horrelako gaiztakerietan erortzeko. Nik ez dut ilusiorik horrelako ilusionismoetan erortzeko, bestelako ilusioak baditut eta.

Badirudi eztabaidak luzaroan jarraituko duela, froga objektiborik agertzen ez den bitartean. Tratamendu bat edo beste jarraitzea norberak hartu beharreko erabakia izango da, sendatzearen misterioen aurrean.

 


 

Jatorria:

HOMEOPATIA hitz greko hauetatik dator:

“Homoeos” = antzekotasuna

“Pathos” = gaixotasuna

Aholkuak:

Homeopatiak funtziona dezan ondoko aholkuak jarraitu:

a) Granuluak mingain azpian disolbatzen utzi..

b) Tripa hutsik dagoenean, edo janaldietatik 10 minutu aldenduta hartu.

c) Tabakoa, kafea eta infusioak ekidin.

d) Sintomak hobetzen doazen eran, hartualdiak handiagotu.

Sintomek jarraitzen badute, zure medikuarekin harremanetan jarri.

  • ZERTAN DATZA?

Terapia xuabe, eraginkor, naturala da.

Edozeinentzako balio du, berdin da zein adin, sexu, aktibitate edo bizitokia dugun.Ez du alboondoriorik.

Geroz eta pertsona gehiagok erabiltzen dute.

 

  • ZERTAN OINARRITZEN DA?

Hiru printzipiotan oinarritzen da:

a) antzekotasun printzipioa

b) sustantzi naturalen dosi txikiak eman

c) banakako tratamenduak egin

 

etiketak

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button
Close