AmatasunaHazieraHezkuntza

Nola hezi anaia-arreba bikiak, hirukiak…

 

 Anai-arreba bikiak, hirukiak (edo gehiago) izatea berezia da. Haurren arteko harremana paregabea da. Nahiz eta bolada batzuetan elkarren artean konpetentzia gogorra, sesioak eta nolabaiteko urruntzea (nerabezaroan) bizi izaten duten, euren arteko adiskidetasun eta maitasunak bizitza osoa irauten du.
 

Ia biki guztiak pozik daude era horretan jaio izanaz. Sostengu emozionala, segurtasun-oinarria, ulertzen zaituen pertsona beti ondoan edukitzearen gozamena aipatzen dituzte alde onen artean, eta, bikiak izateagatik, pribilegiatu ere sentitzen dira.

Baina, bikiak izateak horien heziketarekin lotutako hainbat zalantza sortarazten dizkie gurasoei: jostailu berdinak eman behar ote zaizkien, eskolan ikasgela berean egon behar ote diren, gauza berdinak eta berberak (materialak eta emozionalak) neurri berean eman behar ote zaizkien.

JOSTAILU BERDINAK EROSTEA KOMENI DA?

Biki, hiruki edo gehiagoren guraso askok egiten diote galdera hori bere buruari. Berdin tratatu nahi dituzte, eta, gainera, konturatu dira askotan jostailu beragatik aritzen direla borrokan. Hala ere, kontuan izan behar da dena berdina erosita ere ez direla borrokak desagertuko. Bere anaia/arreba bikiaren eskuetan jostailu bat ikusten duen haurrak kendu egiten dio, baina ez jostailuagatik beragatik, bestea jostailuarekin egiten ari dena interesatzen zaiolako baizik:

  • 2 urte bete aurretik ez dauka jabetasunaren nozioa; anaia/arreba ez du ikusten jostailu bat daukan aparteko pertsona gisa. Jostailua bakarrik ikusten du, eta huraxe nahi du. Baliteke,une horretako gatazkatik ateratzeko jostailu bera eskainiz gero, ez nahi izatea.

Bakoitzaren banakotasunaren mesedetan, hobe da beti gauza berdinak ez ematea. Haur desberdinak dira, bakoitza bere gustuekin. Baliteke bati ipuinak asko gustatzea, eta besteak nahiago izatea kotxetxoak.

Bikiak neska-mutilak direnean, aukera erraza da, izan ere normalean gusto desberdinak izaten dituzte eta. Sexu bereko gezurrezko bikien kasuan ere gustuak desberdinak izaten dira. *Egiazko bikiek, berriz oso gustu antzerakoak izan ohi dituzte, eta erraza da jostailu bera izatea oso begiko. Horregatik komeni da jolas dezente berdinak erostea, desberdinak diren beste batzuez gain. Komenigarria da, gainera jostailuak bakoitzaren izenarekin markatuta edukitzea, nork bere jostailuen ardura izateko.

BERDIN TRATATU BEHAR AL DIRA?

Haur txikiak hazi ahala, gurasoek bakoitzaren izaera ezagutuko dute eta euren arteko aldeez ohartuko dira. Batzuetan sufritu egiten dute, tratu bera eta orekatua ematen saiatu eta lortzen ez dutelako. Hala eta guztiz ere, ez da beharrezkoa “dena neurri berean” ematean arduratzea. Seme/alaba bakoitzarekiko harremana desberdina da, adin desberdineko seme-alaba dituzten familietan gertatzen den moduan. Onartu beharra dago bakoitza modu berezi eta desberdinean maite izaten dela; ez desberdina “maitasun neurrian”, sentimendu eta bizipenetan baizik.

Izaera eta beharretan desberdinak direnez ( baita egiazko bikiak ere) banakako tratua eman behar zaie, eta bakoitzaren izaeraren araberako jarraibideak ezarri.

Zenbat eta gogobetekoagoak izan haur bakoitzaren eta ama eta aitaren arteko harreman afektiboak, orduan eta handiagoa izango da anai-arreben arteko bereizketa eta bata bestearengandik modu onuragarrian banantzeko aukera. Amaaitaren maitasun eta afektua seguru badute, bata bestearen premia emozional gutxiago dute.

ESKOLARATZEA (BATERA EDO APARTE EGON BEHAR DUTE?)

(2 urte) HAURTZAINDEGIA

Bi urte inguru dituztenean, komeni da haurtzaindegian hastea, harremanak haur gehiagorekin izan ditzaten, eta ez bakarrik anaia/arreba bikiarekin. Gomendagarria da ikasgela berean egotea, horrela eramangarriagoa egingo baitzaie amarengandik aldentzea.

Adaptazio epe bat egon behar da eta hori pixkanaka egin behar da. Bikien erantzunak desberdinak izan daitezke: akaso bata arazorik gabe egokituko da, eta bestea etengabe ariko da negarrez amaz galdezka. Batzuetan independienteenak amarena eginez, anaia/arreba kontsolatzen saiatuko da. Egiazko bikien kasuan erreakzioak antzerakoagoak izaten dira. Lehen asteetan bai gezurrezko bai egiazko bikiak bata bestearengandik gertu geratu ohi dira.

Anaia/arreba gertuan izateak emozionalki lagundu egiten die. Polikipoliki lasaitzen doazen neurrian beste haurrekin harremanak hasten dituzte. Sexu desberdineko biki bakoitzak bere lagunak topatzen ditu, eta baliteke goiz osoan ez egotea elkarrekin.Talde-ekintzetan bakarrik bilatzen dute euren bikia eta haren ondoan jarri. Sexu bereko bikiak, aldiz, lagun berarekin jolasten dute eta ez dira bata bestearengandik asko aldentzen.

Euretako bat gaixotuz gero, komenigarria da besteak haurtzaindegira joaten jarraitzea. Horrela batzuetan bakarrik egoten ohituko da.

(3-6 urte) HAURRESKOLA

Gaur egun haurrak 3 urterekin hasi daitezke eskolara joaten, gurasoek hala nahi badute. Horrek esan nahi du ikasgela berera bidaltzeari buruzko erabakia hartu beharra dagoela. Bikiek ez badituzte euren buruak bereizten (nork bere izena anaia/ahizparenarekin nahasten badu) eta batez ere “gu” erabiltzen badu “ni”ren kaltetan, horrek esan nahi du oraindik ez duela bere buruaren nozio argia ( garrantzi gutxikoa da, egiazko bikien kasuan “ni”aren zentzua polikiago garatzen baita); horrelakoetan hobe da elkarrekin hastea eta lehen kurtsoa bukatutakoan gaia berriro aztertzea.

Bestela, “ni”a erabiltzen badute eta nork bere izena anaia/ahizparenarekin nahastu gabe erabiltzen badute, joan daitezke ikasgela banatara. Gurasoek haurrak banatzea erabakitzen badute, pausu garrantzitsu hori emateko aurrez prestatzea komeni da. Izan ere, haurrentzat banaketa bikoitza baita: amarengandik bata eta anaia/ahizpa bikiarengandik bestea. Horregatik, komenigarria da gurasoek eta haurrek elkarrekin ikastetxea, bakoitzaren ikasgela eta maisu/maistrak bisitatzea; eskolako bizimoduari buruz hitz egitea eta gaiari buruzko ipuinak irakurtzea. Eta, garrantzitsuena, gertatzekoa den banaketaren berri ematea: bestela, eskolarako adaptazioa zaildu egingo litzateke.

(4-6 urte)

Adin horretan aztertu beharko da ikasgela berera eramatea komeni den. Ez da erraza erantzun borobila ematea, bikien arteko harremanaren araberakoa izango da eta. Ez dago ikerketarik bikien banaketak berak indibidualitate handiagoa ote dakarren ziurtatzeko.

Beste faktore batzuk eragiten dute horretan: beren nortasunak, etxeko tratuak, lagunak… Badaude hainbat arrazoi haurrak ikasgela banatara joatea hobesteko: batek bestea menperatzen duenean, euren artean konpetibitate handia eta borrokak daudenean edo beren barne-munduan gordetzen direnean. Horrelako egoeretan egiaztatuta dago asko direla gela banatara eramatearen mesedeak, horrela menperatutako haurrak, bere bikiagandik aparte egonda, aukera gehiago baitu bere nortasuna sendotzeko.

Ikasgela berera eramatea erabakitzen bada, hainbat gauza izan behar da kontuan: bakoitzaren indibidualitatea errespetatzea; irakaskasleari haurrak bereizteko lagungarriak (inizialak idatzi, irakasleari haurren arteko desberdintasunak aipatu, desberdin jantzi); haurren aurrerapenari buruz hitz egiteko irakaslearekin hitzordua hartzean, bikoitza izan dadila, eta saiatu biei buruz batera ez jarduten; inoiz ez ditugu euren lan eta lorpenak konparatu behar eta irakasleak ere ez dezala egin.

Batez ere, garrantzitsua da kontuan hartzea bi gizabanako direla , bakoitza bere premia jakinekin, erantzun banakakoa eman beharko diegunak. Horrela bakoitzaren beharrak aseko ditugu, eta adinean aurrera egiten duten neurrian, komenigarria da banatzeko beharra dagoen ala ez berriro planteatzea.

Honekin erlazionatutako liburu interesgarri batzuk:

(Ainhoa Basurko Arrizabalaga Psikoterapeuta 615703725 Miriam Mujika Arkarazo Psikoterapeuta 676617055 GABINETE OREKA Edificio Aurrera C/URTZAILE 1ªplanta 20600 Eibar)

Iturria: http://guraso.com/guraso-eskola/medikuak/psikologoak/nola-hezi-anaia-arreba-bikiak-hirukiak

etiketak

Related Articles

2 Comments

  1. Kaixo:
    Oso interesgarria iruditu zaigu bikien inguruko artikulua baina zalantza bat piztu zaigu: zer esan nahi dezue gezurrezko eta egiazko bikiak esaten dezuenean?
    Mila esker

  2. Kaixo Maribi!

    Eskerrik asko zuen iruzkinagatik.

    Gezurrezko bikiak: biki biobular, dizigotiko edo bibitelino. Bi obuluren aldibereko edo ia aldibereko ernalketaz gero sortutakoak. Haurdunaldi desberdinetan jaiotako indibiduoen arteko antzekotasun bera dute elkarren artean.
    “poltsa banatakoak”; gazt. mellizos.

    Egiazko bikiak: biki monobular, monozigotiko edo unibitelino. Obulu beretik garatutakoak. Ernaldutakoan, obulua bitan banatzen da, eta sortzen diren indibiduoak genetikoki elkarren berdinak dira guztiz.
    “poltsa berekoak”; gazt. gemelos

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button
Close