AmatasunaHazieraHezkuntza

“Nire amak eta nik batzuetan ez dugu elkar ulertzen”

 

Yolanda González 
Psikoterapeuta. Especialista en la prevención infantil. Presidenta de ZELAUN y APIR.
 

Zenbat aldiz sentitzen dugu haur txiki bat adarra jotzen ari zaigula? Zenbat aldiz pentsatu dugu “gorrak” daudela? A zer pazientzia eduki behar den guraso izateko lanbide zail honetan! Zergatik kostatzen zaie hainbeste esaten dieguna entzutea? Zergatik ez dute betetzen? Hausnarketa eta sentimendu horiek nahiko ohikoak dira helduen munduan. Baina, a zer ezustekoa hartuko genukeen haurrek zer sentitzen duten jakingo bagenu! Zergatik kostatzen zaie horrenbeste eskatzen dieguna egitea? Muga non daukagun probatzen ari ote dira?

Helduen asmoa eta haurren asmoa

Helduek, gure haurren jokabidea interpretatzerakoan, heldu gisa dugun bizitza-esperientziaren ikuspuntutik begiratzen dugu; ikuspuntu horretan, egiten dugun guztia asmo batekin egiten dugu. Haurren jokabideetan “asmoa” dagoela ulertzen dugu, helduen munduan gertatzen den bezala. Gainera, konbentzituta gaude guk “badakigula”, eta beraiek ez. Eta hor hasten da geure burua ulertarazteko gudua, batzuetan desesperagarria bihurtzen dena; guda horrek makina bat negar eta kasketaldi eragiten ditu, haserrea eta inpotentziaz gain. Hots, harmoniarik eza sorrarazten du, hain justu, gutxien nahi duguna.

Baina, batzuetan, badirudi haurrek ez dutela esperientzia ikasi nahi. Adibidez, goizak sufrikario huts bihurtzen direnean, edozer gauzarekin distraitzen direlako eta ez dielako astirik ematen ez gosaltzeko, ez eskolara garaiz heltzeko. Eta ez dago ulertarazteko modurik.

Antzeko ehun mila esperientzia aipa ditzakegu, eta pertsona adina erantzun bilduko ditugu (batzuetan funtzionatuko dute eta, besteetan, ez), haurrek kasu egin diezaguten lortzeko (mehatxuak, zigorrak…). Baina, oraindik ere, ez genuke irtenbide egokirik aurkituko arazoa konpontzeko. Haurrekin harreman positiboa eduki nahi badugu, nolabaiteko harmonian oinarrituta dagoena eta ez galtzailez eta garailez betetako eguneroko guduetan, heldu garen aldetik “txipa” errotik aldatu behar dugu eta haurren jokabidea “haurren begiekin” ikusi, haien bihotz eta buru txikietan zer gertatzen den ulertzeko.

 

Orduan, beharbada geuk ez ditugu beraiek ulertzen?

Horixe da abiapuntua. Geuk jarri behar dugu haien mailan, eta ez haiek gurean. Haurren mundua nahiko ezezaguna izaten da guretzat: sarriegi ahazten dugu oraindik osatzen ari direla, heldugabeak direla, eta egunez egun ikasten ari direla. Batzuetan haien adinari ez dagozkien erantzunak eskatzen dizkiegu. Eta txikiek batzuetan sentitzen dute ez ditugula ulertzen, guk nahi duguna egiten ez dutelako haserretzen garenean. 6 hilabeteko haurrari oinez egin dezala edo 3 urte izango balitu bezala hitz egin dezala eskatzearen parekoa da. Ez dagokio bere heldutasun-adinari.

Hala ere, badirudi “gosaldu, eskolara joan behar duzu eta” edo “garbitu hortzak ohera joateko” erraz ulertzeko moduko mezuak direla. Noski! Izan ere, 3 urte bete aurretik oso ondo ulertzen dute ahozko diskurtsoa, baina ez hala helduontzat duen logika. Eta hori ulertzea funtsezkoa da desobeditzaileak direla, probokatu egiten gaituztela eta atera ohi ditugun ondorio horiek guztiak ez interpretatzeko.

Azalduko zenuke hobeto kontzeptu hori?

Helduen mundua eta haurren mundua kontrajarriak dira, izatez: haurrek jolastuz ikasten dute, haientzat dena da posible, fantasian bizi dira. Guk errealitatean oinarrituz funtzionatzen dugu, eta, normalean, geure eginbeharren arabera. Hauxe da funtsezkoa:

  • jaiotzen direnetik hiruzpalau urtera arte, plazerraren printzipioa delakoa nagusitzen da haurrengan. Zer esan nahi du horrek? Osasuntsu hazteko, jolasteko eta dibertitzeko bakarrik bizi direla. Baliteke imitazioz jostailuak jasotzea, baina ez dute haien bizitzan logikoa den zerbait bezala integratzen. Adin horretatik aurrera, oso poliki, barneratzen hasten dira jolasteaz gain horrenbeste gustatzen ez zaizkien beste gauza batzuk ere egin behar dituztela. Baina, betiere, helduon laguntzarekin egiten dute. Hori ezinbestekoa da. Haurrentzat, “eginbeharrak” ez dauka helduontzat duen zentzu bera. Gogorarazi egin behar diegu. Ez tentelak direlako, txikiak direlako baizik. Haien beharrek ez dutelako zerikusirik gure beharrekin. Nahi genukeena baino askoz mantsoago, haien bizitza laburrean erantzukizunak euren gain hartzen doaz, baina hori oso zaila da beraientzat 6-7 urte bete aurretik; adin horretan eratzen da guztiz haurren izaera.

Nola irits gaitezke elkar ulertzera?

  • Lehenik eta behin, “txipa” aldatuz eta haien ekintzetan asmo txarra ikusi beharrean, heldutasun-gabezia ikusiz.
  • Bigarrenik, garbitasunarekin, jatorduekin, janztearekin eta abarrekin zerikusia duten eguneroko zereginetan maitasun eta pazientzia handiarekin lagunduz. Izan ere, haientzat zeregin horiek ez dute guretzat duten balio bera.
  • Hirugarrenik, gu txikiak ginenean gure asmo bakarra jolasten jarraitzea bazen ere, gure aitak edo amak “kasurik egiten ez geniolako” errieta, garrasi, jo edo mehatxu egiten zigunean nola sentitzen ginen gogoratuz.
  • Eta, azkenik —garrantzitsuena baina zailena, praktikarik ez dugulako—: “akordioen” arabera erlazionatzera ohituz, “dakienak ez dakienari” emandako aginduen bidez erlazionatu beharrean. Izan ere, hori ez baita erarik onena gehien maite ditugunentzat —geure seme-alabentzat— hazkuntzan eta bizitzaren esplorazioan bidelagun izateko.

Yolanda González
Psikoterapeuta. Haurren prebentzioan aditua. ZELAUN eta APIReko lehendakaria

 

Iturria: http://guraso.com/guraso-eskola/medikuak/psikologoak/nire-amak-eta-nik-batzuetan-ez-dugu-elkar-ulertzen

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Back to top button
Close