AmatasunaHezkuntza

Egungo erditzeak ala erditze naturalak?

 

Erditze naturala emakumearen fisiologia oinarri hartuta ematen den erditzea da, eta ez da prozedura obstetrikorik erabiltzen (beharrezkoak ez badira). Epidurala, episiotomia, oxitozina, etab. ez dira erditzeko modu horretan sartzen. Antzina bezala, haurdun zegoen emakumeari egokien iruditzen zaion moduan egiten da. Herrialde batzuetan -normalean zesarea-tasa altuenak dituzten herrialdeetan- erditze naturala baginala den erditzea izendatzeko erabiltzen dute.

 

Erditze naturala modu askotan egin daiteke: uretan, aulki baten laguntzaz, akupunturaren laguntzaz, etab.

 

 

Erditzeen historia

Antzina, kokoriko jartzen ziren erditzerakoan, horrek baginaren dilatazioa errazten duelako; horrela, umea errazago ateratzen zen grabitatearen laguntzaz. Erditzeko jarrera hori ez zuten arbasoengandik ikasi, instintiboa zen. Esperientzia eta jakinduria zuten emakumeak haurdun zeuden emakumeei laguntza ematera pasatu ziren, eta horrela eman ziren emaginaren lanaren lehenengo urratsak.

Prozesuak horrela izaten jarraitu zuen ipurmasailei eusteko aulki-antzeko tresna bat sortu arte. Antzinako Egipton jaso dira aulki obstetrikoen lehenengo aipamenak. Bertako nobleziarentzat besaulki erosoak sortu zituzten; izan ere, nobleen emakumeak ezin ziren kokoriko jarri -herritar soilak bezala-, pisu handia baitzuten. Beste horrenbeste gertatzen zitzaien Frantziako nobleziako emakumeei ere; zeukaten pisu izugarria, arropa mordoa eta mugimendu urria zela-eta, ohean etzanda eta gora begira jarrita bakarrik erditu zezaketen. 1668. urtetik aurrera, ospe handia hartzen hasi zen jarrera hori nobleen artean. Estatus ezaugarritzat hartu, eta Europara ez ezik, pixkanaka munduko herri aurreratu guztietara zabaldu zen.

Emaginen eta haien aulkien kontrako mugimendua hasi zen hedatzen garai horretan, infekzio asko izaten zirelako (garai horretan ez ziren aulkiak desinfektatzen). XVII. mendearen hasieran, Chamberlein anaiek fetu biziekin egindako fortzepsen erabileraren inguruko ikerketak aurkeztu zituzten. XIX. mendearen bukaeran, ondo ateratako lehenengo zesarea burutu zen.

1950-60ko hamarkadan, teknologia berrien agertzearekin batera, aurrerapauso handia eman zen obstetrizian, umearen bihotz-maiztasunaren neurketa ahalbidetzen zuen makina sortuz. 1974. urtera arte, ez zen zalantzan jarri etzanda erditzeko jarreraren eraginkortasuna, harik eta Brasilen, tradizioa berreskuratuz, aulkien erabilpena sustatzen hasi ziren arte.
    
Gaur egungo egoera

Teknologiaren erabilpena oso dago zabalduta, naturala den prozesu bat prozedura mediko konplexu bihurtuz. Minari aurre egiteko, epidurala ematen da, dilatazioa errazteko oxitozina, nahi gabeko perineoaren urradurarik ez gertatzeko episiotomia egiten da. Umea ateratzen ez bada fortzepsak erabiltzen dira, eta prozesua txarto joanez gero, berriz, zesarea.

OMEk5 dioenez, emakumeak ez dira litotomia posizioan jarri behar (buruz gora kokatuta); emakume bakoitzak erabaki beharko luke erditzerakoan. Oxitozinaren erabilera interbentzio handitzat jo behar litzateke dituen arriskuengatik. Episiotomia ez litzateke beharrezkoa izan behar erditzeen % 20 baino gehiagotan, ez baita justifikatzen besterik gabe erabiltzea. Eta zesareak ez lirateke % 10-15 baino gehiagotan erabili behar.

Baina gaur egungo egoera zein den jakiteko modurik egokiena, estatistikei begiratzea dugu (EUSTATenei kasu).

  • Zesareak, 2008. urtean, EAEn, % 14.3 egin ziren (zentro pribatuetan % 28,6 eta % 12,2 publikoetan; Herbeheretan % 8).
  • Epiduralaren erabilera, aldiz,  % 77 izan zen gure erkidegoan urte berean (pribatuan % 21,4 eta % 85 publikoan).
  • Episiotomiei dagokienez, Espainiako estatuan % 89 da (gutxitzen ari da, baina Herbeheretan % 10 da).

 

Abantailak eta desabantailak

Erditze naturalaren inguruko iritziak edota informazio teknikoa aztertzean konturatu gaitezke faktore gehienak positiboak direla, eta zabaltzen joango dela erditze-modu hau. Gero eta ikerlan gehiago ari dira egiten gai honen inguruan, eta ateratzen ari diren ondorioa da erditzeko kontu honetan natura alde batera utzia dugula, teknikaren mende utziz.

Erditze naturalak baditu desabantailak ere, jakina. Esaterako, erditzean zailtasunak aurreikusten direnean ez da komenigarria, bai amarentzat baita umearentzat ere arriskugarria izan daitekeelako. Mina handiagoa omen da erditze-mota honetan, baina uretan erditzean mina gutxiagotu egiten da. Beste desabantailetako bat da erditze naturala zentro pribatu batean egin behar dela, horrek dakarren gastuarekin.  

Ugari dira, ordea, erditze naturalaren abantailak. Erdiondoko errekuperazioa oso arina da, eta ez dago prozedura obstetrikoen ondoriorik pairatzeko arriskurik. Zein jarreratan erditu emakumeak berak erabakiko du, baita bere inguruan nor egongo den ere, eta ez dago inongo presarik; ez da egingo osasun-langilearen erosotasun edo praktikotasunaren arabera. Aukera ezberdinak edukiko ditu: uretan, etxean, etab. Ez du puntuak infektatzeko arriskurik edukiko; egoera okertuz gero, prozedura obstetrikoa erabil daiteke arazorik gabe. Uretako erditzean ama-umeen arteko harremana hobea da; dilatazioa izateko behar den oxitozina gorputza bera sintetizatuko du, eta gorputzak berak ekoiztuko minaren kontrako substantziak (endorfinak). Zilbor-hestea ez dute berehala moztuko, eta erditu ondorengo uneetan ama bere ume jaio berriarekin egongo da, ez baitiote kenduko garbitzeko eta beste prozedura batzuk egiteko berak nahi izan arte.

Ondorioak:

Esan dezakegu erditze naturala dela biologikoki eman beharko litzatekeen prozedura. Prozedura obstetrikoen kontrako ondorioak ikusita, eta OMEk esandakoa kontutan hartuz, arrisku-kasuetan izan ezik erditze naturalak bultzatu behar lirateke, eta egoera arriskutsuetarako bakarrik utzi prozedura teknikoak.

Garrantzitsuena, dena den, ez da emaitzarik onenak dituena aukeratzea; aitzitik,  haurdun dagoen emakumeak zer nahi duen aukeratu ahal izatea da garrantzizkoena, umea izateko esperientzia behar bezain ona izan dadin.

Ezin diogu erditzerakoan, ez emakumeari ezta naturari ere bere parpera kendu, beraiek baitira gertaera horren protagonista nagusiak.

http://www.ikasbil.net

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button