HazieraHezkuntza

Yoga eskolan

 

Denok dakigun moduan, gaur egungo bizimodua estres sortzailea da: egun guzia korrika, ekintzez betea, beldur eta kezkaz betetako pentsamenduak, beharrezkoak diren atsedenak hartu gabe… Horren ondorioz, gorputza gogortu, zahartu eta gaixotu egiten zaigu, gure emozioak aztoratuta egoten dira eta burmuina edo pentsamenduak oso mugituta egoteaz gain, horiek kotzentratzeko arazo larriak izaten ditugu (pentsa zenbatetan egoten garen ekintza batean murgilduta, beste hamar mila gauzetan pentsatzen ari garen bitartean…).

Haurrek ere egoera hori bizitzen dute, eta, horrez gain, burmuinean  izugarrizko estimulu pila jasotzen dute leku guzietatik: telebista dela, internet sarea, joko elektronikoak, kaletako publizitatea, argiak, soinuak…   Ondorioz, adimena kontzentratzea oso zaila egiten zaie, eta beste gaitasunak (ulermena, memoria eta sormena, esaterako), ahulduta izaten dituzte.

Azken urteetan hezkuntza sistema pixka bat aldatu dela dirudi, baina oraindik, nire ustez,  asko dago egiteko. Emozioei garrantzia ematen hasi zaie, baina arnasa, gorputza eta buruaren gaitasunak garatzeko ariketak zeharo ezezagunak dira eskola gehienetan. Normalean, haurrei kontzentratzeko, ulertzeko eta datuak buruz ikasteko eskatzen zaie, baina ez zaizkie gaitasun horiek garatzeko tresnak ematen. Norberak “ahal duen bezala” egiten du, eta, askotan, saiakera horretan  huts egiten dute, emaitzak behar bezala betetzen ez dituztela ikusita.

Yogak proposatzen dituen teknikak aproposak dira haurrak eta beraien gaitasunak era orekatu, osasuntsu eta lasaian behar  bezala garatzeko. Haurraren emozioak aztoratuta baldin daude, adibidez, jolas garaian lagun batekin haserretu delako, zaila izango zaio irakasleak esaten duen horretan arreta jartzea, aurretik lasaitzen eta zentratzen ez bada. Haurrak, arnasa era lasai eta sakonean hartzen ikasten badu, erlaxatu egingo da, eta erlaxatzen bada, arreta handiagoz arituko da. Ezagun da arreta handiagoari adimen handiagoa dagokiola, eta beraz, ikasketa eta hausnarketa guztiak hobeto bururatu eta bereganatuko dituela.

Yogak eta meditazioak sortzen dituzten onurak  aspalditik izan dira ikertuak, ez zientifikoki soilik, ospe handieneko munduko unibertsitateetan, baita AEBko eta Europako eskola askotan ere haurrekin izandako esperientziak behatuz.Orain dela 20 urte, piano eta musika ikasle nintzelarik, hasi nintzen yogako teknikak ikasten eta praktikatzen. Jakin badakit yogak sortzen dituen onurak benetan gertatzen direla (kontzentrazioa hobetu, memoria garatu, emozioak lasaitu, gorputza orekatu eta lasaitu, eta abar).

Zer gertatuko litzateke eskoletan haurrei lasaitasuna eta zoriontasuna sentitzen lagunduko bagenieke? Agian datu gutxiago erakutsi eta horren ordez adimena eta memoria garatzeko teknikak erabili?  Bizitzen ari garen garaia aldatzen ari da eta horrekin batera heziketa sistemaren aldaketa bizitzea espero dut. Orain arte baztertuak izan diren zenbait beharrei garrantzia eman, eta erakuts diezaigun haurrei denon artean osasuna, oreka eta zoriontasuna lortzen, gure eskura dauden tresna horiek erabilita.                

…Horixe da nire desioa! 

 

Marina Pintos

http://www.hikhasi.com/

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button
Close