AmatasunaHaurdunaldi

Nola jaiotzen dira haurrak Euskal Herrian?

 

Milaka urtetan, emakumeek beste emakume batzuen laguntzaz ekarri izan dituzte haurrak mundura. Gure zaharrei galdetzen badiegu, oraindik gogoan dituzte garai bateko emaginak, emakume batek haurra izan behar zuenean etxera joaten zitzaizkionak. Pixkanaka-pixkanaka, betidanik emakumezkoena izan den mundu horretan gizonak sartzen hasi ziren: medikuak erditzeetan parte hartzen hasi ziren, eta emaginak bigarren mailan geratu ziren, medikuaren agindupean. Haurrak munduratzeko modua aldatzen hasi zen, eta ez beti hoberako.

Esate baterako, emakumeek ordura arte bultzatzea errazten zien posizioan izaten zituzten haurrak, baina medikuek “kontrola” bereganatu zutenetik, haurrak etzanda edukitzen hasi behar izan zuten, medikuak “hor behean” gertatzen zena erosoago ikus zezan, horrek erditzea zailtzen bazuen ere. Tresnak (fortzepsak, etab.) erabiliz lagundu beharreko erditzeak ugaritu egin ziren, horrek zekartzan kalteekin.

50eko hamarkadan, “moda” berria nagusitu zen: erditzeak ospitaleetara eraman ziren eta, ondorioz, emakumeak erditzeen jabe eta protagonista izatetik “gaixo” eta medikuen meneko izatera pasatu ziren. Arriskuko erditzeetan ama eta haurren heriotza-tasak behera egin zuen arren, erditze zail horietan bakarrik aplikatu beharreko errutina medikoak haur guztiei aplikatzen hasi ziren eta, ondorioz, arriskuan ez zeuden haurrak arriskuan jartzen (behar ez denean esku hartzeak eta prozesu fisiologikoa oztopatzeak ondorio kaltegarriak izan ditzake bai amarentzat, bai haurrarentzat . Besteak beste, tresnaz lagunduriko erditzeen eta zesareen kopurua handitzen du). Lehen urteetan, arriskuko erditzeetan etx

Emakumeei hankarteko biloa mozten hasi ziren, enema jartzen zitzaien, ur-zorroa hausten zieten, gorantz begira etzanda jasan behar izaten zuten dilatazio-prozesu osoa, mugitu ahal izan gabe, ezer jan edo edan gabe, senideengandik aparte eta medikuen aginduetara (zoritxarrez, gaur egun ospitale batzuetan horrela jokatzen dute oraindik). Sarri pentotal edo antzeko anestesia lo-eragilea ematen zitzaien, ezertaz jabetu ez zitezen. Emakumeek ez zuten ez hitzik eta ez botorik, medikuek erabakitzen zuten zer egin behar zen haien gorputzekin eta haien haurrekin. Emakumea “objektu” izatera pasatu zen, haurraren haragizko bilduki hustzat hartzen zen. Bere behar emozionalak ez ziren aintzat hartzen, ezta haurrarenak ere. Haurrak jaio eta berehala amarengandik bereizten ziren, amaren eta haurraren arteko atxikimendua edo apegoa oztopatuz. Gau luzeetan “habi” deituriko haurtzaindegietan edukitzen ziren, amarengandik urrun. Amari deika negar egiten zutenean, biberoia ematen zitzaien, goizera arte ez baitziren amarengana eramaten. Ez da harritzekoa, beraz, ama haiek bularra ematen saiatzen zirenean “esnerik ez edukitzea”, “haurrak bularra errefusatzea” eta abar. Amagandiko edoskitzearen tasak gain behera etorri ziren, eta biberoiaren kultura nagusitu zen. Honen guztiaren ondorioa izan zen emakumeok erditzeko eta bularra emateko dugun gaitasuna zalantzan jarri genuela, eta gure gorputzean konfiantza izateari utzi geniola.ean ziurrenik hil egingo liratekeen haur batzuk ospitalean salbatzen zituzten arren, etxean biziko liratekeen beste haur osasuntsu asko hil egiten ziren ospitaleetan, gehiegizko esku-hartze medikoen eta hango germenen ondorioz.

Gure gorputzarekiko mesfidantza hori izan da nagusi gure artean joan den 50 urtean. Erditzea gauza arriskutsua dela sinestarazi digute, eta gure gorputzak akastunak direla, ez dakitela beren lana ondo egiten, kanpoko laguntza behar dutela. Ez digute esaten, ordea, baldintza egokietan eta gorputzari bere lana egiten lasai-lasai uzten bazaio, gehien-gehienetan haurrak arazorik gabe izaten ditugula emakumeok. Gauzak aldatzen hasi diren arren, urte asko beharko dira gure gizarteko emakumeongan hain erroturik dauden beldurra eta uste funsgabeak gainditzeko.

Nola daude gauzak gaur egun?

80ko hamarkadaz geroztik, Osasunaren Mundu Erakundea (OME)ohartarazten ari da espainiar estatuan erditzeak medikalizatuegiak daudela, teknologia gehiegi erabiltzen dela, eta aplikatzen diren errutina askok onura baino kalte handiagoa ekartzen dutela  (errutinaz episiotomia egitea, emakume guztiei oxitozina jartzea, ur-zorroa haustea, enema jartzea, hankarteko biloa moztea, dilatazioan zehar etzanda eta geldirik egonaraztea, etengabeko monitorizazioa, gorantz begira etzanda erdiaraztea, jaten eta edaten ez uztea, etab.). BadirudiEuskal Herriko ospitale batzuetan gauzak aldatzen ari direla (batez ere publikoetan), eta pixkanaka-pixkanaka erditzeak “humanizatzen” ari direla, oso mantso bada ere.

 

Aurrerapen-maila ospitale bakoitzaren araberakoa da: amari senarrarekin edo berak nahi duen pertsona batekin egoten uzten diote (denbora guztian ez bada ere); ospitale gehienetan ez dute episiotomia errutinaz egiten; batzuetan oxitozina modu selektiboagoan erabiltzen dute (beste batzuetan ama guztiei jartzen jarraitzen dute erditzeak bizkortzeko, lekua libratu behar dutelako, horrek tresnaz lagunduriko erditze eta zesarea gehiago eragiten dituen arren); ospitale batean edo bestean amari jaikitzen eta ibiltzen uzten diote; eta, zorte handia izanez gero, ama berak nahi duen posizioan erditu daiteke, emaginak uzten badio. Jada ez da horren ohikoa haurra amarengandik bereiztea, baina batzuetan oraindik egiten dute; gehienetan, haurra jaio ahala amaren gainean jartzen dute. Hala ere, oraindik ez diote amari jaten eta edaten uzten indarrak hartzeko, bagina-ukipen gehiegi egiten dituzte, eta oso ohikoa da ur-zorroa arrazoirik gabe haustea (horrek infekzio arriskua areagotzen du). Enema jartzea eta hankarteko biloa moztea geroz eta gutxiago egiten da. Etengabeko monitorizazioa asko erabiltzen da oraindik ere, barrukoa nahiz kanpokoa, OMEren arabera emaginak aldizka haurraren bihotzaren taupadak entzutea nahikoa den arren  (etengabeko monitorizazioak ama geldirik egotera behartzen du; horrek mina areagotzen du eta haurrari irteteko ondo kokatzea eragotz diezaioke, besteak beste).

2007ko azaroan, Espainiako Osasun Ministerioak erditze normaletarako estrategia garatu zuen; estrategia horrek OMEren gomendioak aintzat hartzen ditu . Ez dakigu Osakidetzakestrategia hori bere egingo duen ala ez, edo noiz aplikatuko dituen gomendio horiek bere ospitaletan. Oraingoz, ez du ematen oraingo protokolo zaharkituak ebidentzia medikora egokitzeko jarraibide ofizialik dagoenik. Hala ere, dirudienez emagin batzuk gauzak bere kabuz aldatzeko ahalegina egiten ari dira, eta zenbait ospitaletan, erditzea arazorik gabe doanean (% 90etan gertatzen da hori), erditze fisiologikoagoak izatea posible izan daiteke: ama libre mugi daiteke dilatazioan zehar, berak nahi duen posizioan izan dezake haurra (zutik, kokoriko, lau hankatan…), argiak moteltzen dituzte, amaren intimitatea zaintzen dute, ez dute episiotomiarik egiten behar-beharrezkoa ez bada, ez dute ur-zorroa errutinaz hausten, ez dute enemarik jartzen eta bilorik mozten, aldizkako monitorizazioa erabiltzen dute eta abar.

Gauza hauek lortzea errazagoa izaten da inguruan ginekologorik ez badago eta emagina bakarrik arduratzen bada emakumeari laguntzeaz, ginekologoek esku-hartze mediko gehiago egiteko joera izaten baitute. Hego Euskal Herriko ospitaleetan (zoritxarrez, ez daukagu Iparraldeko daturik), erditze naturalena eta fisiologikoena ––eta, beraz, seguruena–– lortzeko aukera handienak (oso handiak ez badira ere) Mendaroko ospitaleandaude gaur egun, hango emagin gehienak ahalegina egiten ari baitira OMEren gomendioak betetzeko (beste ospitale batzuetan ere emagin batzuk saiatzen ari diren arren). OsakidetzakArrasateko ospitalean erditze naturalerako gela bat prestatzeko proiektu pilotua du, baina oraindik ez dago martxan.

Gauzak hobetzeko ahalegina ez dagokie profesionalei bakarrik; aitzitik, geroz eta emakume gehiagok eskatzen dugu gure haurrak mundura ekartzeko beste era bat, naturalagoa eta gizatiarragoa, ebidentzia medikoetan oinarritutakoa eta, horrenbestez, seguruagoa. Europako beste herrialde gehienetan egiten ari direnari erreparatuta (gu baino aurreratuago baitaude erditzeko protokoloak hobetzen), geuretzat ere horixe nahi dugu: OMEren gomendioak errespetatzea, gure osasunarentzat eta gure haurrentzat onena delako. Horregatik, emakume batzuk erditze-plana  aurkezten dugu ospitalean, nola erditu nahi dugun azaltzeko eta hori errespeta dezatela eskatzeko. Zoritxarrez, gure ospitaleetan erditze-planek ez dute harrera onik izaten oraingoz, eta ez dira aintzat hartzen. Katalunian, aldiz,Generalitat-ek berak ezarri du, protokolo berri baten bidez, emakumeek erditze-plana aurkezteko eta hori errespetatua izateko eskubidea dutela.

Gure ospitaleetako panorama ikusita, geroz eta emakume gehiagok hautatzen dugu geure haurrak etxean izatea, emaginez lagundurik. Jende askori etxeko erditzeak garai bateko erditze arriskutsuak ekartzen dizkio gogora, baina gaur egun gauzak oso bestela egiten dira, eta segurtasunari ematen zaio lehentasuna. OMEk dioenez, segurtasun-baldintza batzuk betetzen badira, lehenengo haurra etxean izatea ospitalean izatea bezain segurua da, eta bigarren haurretik aurrera, seguruagoa da etxean izatea ospitalean izatea baino (beste arrazoi batzuen artean, ospitalean germen arriskutsuak daudelako, etxean ez daudenak). Bete beharreko segurtasun-baldintzak hauek dira

  • Arriskurik gabeko haurdunaldi kontrolatua izatea, hau da, osasun-arazorik gabea, eta haurra posizio zefalikoan eta arazorik gabe etortzea (beste posizioetako erditzeak ospitalean egin behar dira, baita bikienak ere, arriskuko erditzeak direlako).
  • Gehienez ere ordu erdira ospitale bat egotea.
  • Erditzean emagin profesionalek laguntzea.

Gaur egun, Hego Euskal Herrian badaude etxean erditzen laguntzen duten emagin-taldeak. Ospitaleetan lan egin ohi dute emagin hauek eta, horrez gain, etxean ere jarduten dute. Erditzean konplikazioak gertatzen badira eta etxean konpondu ezin badira, emaginek ospitalera joateko erabakia hartzen dute. Hori ez da oso ohikoa izaten, baina gehien-gehienetan, dilatazioa gelditu egin delako izan ohi da. Horrelakoetan, erditzea ospitalean jarraitzen da lasai-lasai, dilatazioa berrabiarazteko oxitozina sintetikoz lagunduta. Erditzean erabiltzeko materialaz gain (haurraren bihotz-taupadak entzuteko aparatua, zilbor-hestea mozteko pintzak eta guraizeak, puntuak emateko materiala, anestesia lokala, etab.), larrialdietarako ekipoa ere eraman ohi dute emaginek etxera: oxitozina sintetikoa, erditu ondoren amak hemorragia izango balu ere (oso-oso arraroa izaten da), jaioberria bizkortzeko oxigenoa eta arnasgailua, etab. Etxeko erditzeen estatistikak ospitaletakoen oso antzekoak dira, eta morbilitate perinatalari dagokionez, hobeak (episiotomiarik ez da egiten, esate baterako). Bestalde, amen asebetetze-maila askoz ere handiagoa izaten da etxeko erditzeetan, intimitatea eta lasaitasuna handiagoak direlako, eta profesionalarekin askoz ere harreman estuagoa izaten delako.

Dena den, etxeko erditzeek bi alde txar ere badituzte:

  • Une honetan, etxean erditzeko emaginen eskaria eskaintza baino askoz handiagoa da, eta haurra etxean izan nahiko luketen bikote askok ez du emaginik aurkitzen. Geroz eta emagin gehiago ari dira etxean laguntzen, baina etxean erditu nahi duten amen kopurua emaginena baino askoz bizkorrago ari da hazten.
  • Beste alde txarra da Osakidetzak ez dituela etxeko erditzeak ordaintzen, eta gurasoek beren poltsikotik ordaindu behar dutela; batez beste, 1.600 bat euro kostatzen da gaur egun haurra etxean izatea, bi emaginez lagundurik. Aitzitik, Holandan, emakumeen ia % 40ak etxean izaten ditu haurrak, eta gobernuak ordaintzen du bai emagina, bai erditu ondorengo erizain bat astebetez etxera joatea, 8 orduz, ama berriari jaioberriarekin eta etxeko lanekin laguntzera. Haurdunaldi normaletan, amak ospitalean eduki nahi badu haurra eta horretarako arrazoi medikorik ez badago, gurasoek beraiek ordaindu behar dute ospitaleko gastuen zati handiena (aipatu beharrekoa da Holandak dituela jaiotza inguruko munduko estatistikarik onenak). Hemen, berriz, gizarte-segurantza ordaintzen dugun arren, erditze naturala eta errespetatua nahi dugun gurasook geure poltsikotik ordaindu behar dugu, ospitaletan horrelakorik eskaintzen ez digutelako. Gainera, kontuan hartu behar da Osakidetzarentzat etxeko erditzeak ospitalekoak baino askoz ere merkeagoak izango liratekeela, amak ez baitu 3 egunez ospitalean egon behar, beste arrazoi askoren artean.

Laburbilduz, Euskal Herriko hegoaldeko emakumeok erditze fisiologikoagoa eta seguruagoa nahi badugu, aukera hauek ditugu une honetan:

  • Ospitalean erditze-plana aurkeztea, OMEren gomendioak eta Espainiako Osasun Ministerioaren erditze normaletarako estrategia errespetatzea nahi dugula adieraziz. Legez, osasun-zerbitzuek bete egin beharko lukete emakumearen nahia, haurraren edo amaren osasunarentzat kaltegarria ez den kasuetan . Zoritxarrez, hori ez da horrela izaten, eta batzuetan legea errespetatzeko eskatzen duen ama “zigortu” egiten dute. Hobe, badaezpada, erditze-plana erditu aurretik helaraztea ginekologia-buruari, eta ez erditzeko unean bertan, horrek tentsioa eragin baitezake amarengan. Zortea badugu eta erditze naturaletan trebatuta dagoen emagin batekin topo egiten badugu, agian eskatzen ditugun gauza batzuk errespetatzea lortuko dugu. Zorterik ez badugu, gerta dakiguke erditze medikalizatuaren protokolo osoa “irentsi” behar izatea.
  • Etxean erditzea, emaginez lagundurik. Gaur egun, oso ondo prestatutako emagin profesionalak ditugu Hego Euskal Herrian, esperientzia handikoak. Euskal Autonomia Erkidegoan, urtean gutxi gorabehera 40 haur jaiotzen dira etxean, eta kopuru hori izugarri ari da hazten urtetik urtera.
  • Euskal Herritik kanpoko ospitale pribatu nahiz publiko batera jotzeak. Estatu espainiarrean badaude erditze naturala eta segurua bermatzen duten zentroak, esate baterako, Alacant-eko Acuario klinika.

Emakume guztion eskubidea da gure haurrak nola izan nahi ditugun erabaki ahal izatea. Emakume batzuk seguruago sentitzen dira ospitalean, eta erditze medikalizatua aukeratzen dute. Beste batzuk erosoago daude etxeko intimitatean, eta han gauzak hobeto joango direla sentitzen dute. Azkenik, beste batzuk, ahalik eta modu naturalenean izan nahi dute haurra, baina lasaiago daude ospitalean, teknologia medikotik hurbil. Emakume bakoitza seguruen sentitzen den lekuan eta eran erditu beharko litzateke, bera lasai eta erlaxatuta badago erditzea hobeto joango delako. Zoritxarrez, gure osasun-sistema publikoan hori ez da posible oraindik orain, erditze medikalizatuak bakarrik eskaintzen dizkigutelako. Iritsiko da eguna hori aldatuko dena, Europako beste herrialde askotan aldatu da jada, baina susmoa dut gurean bide luzetxoa dugula egiteko oraindik.


Informazio gehiago: 

http://www.elpartoesnuestro.es/
http://haurdun.wordpress.com/
http://www.holistika.net/parto_natural.asp

 

Jaiotza inguruko zainketetarako gomendioak, OME. 2001
      Tew doktoreak Europako erditzeak laguntzeko moduaren eboluzioak hilkortasun-tasekin zuen erlazioa aztertu zuen, eta egundoko ezustekoa hartu zuen: erditzeak ospitaleetara eraman zirenean, haurren eta amen hilkortasun-tasak handitu egin ziren. 1958 eta 1970 bitartean, arrisku handiko erditzeak salbuetsiz, ospitaleetan jaiotza-inguruko hilkortasun-tasa 1.000 jaiotzetatik 17.2koa zen, eta etxeko erditzeetan, berriz, 1.000 jaiotzetatik 6.0koa. Irakurri artikulu osoa hemen: Jaiotze inguruko heriotzari buruz

OMEren gomendioak jaiotzetarako. Fortalezako deklarazioa, 1985

Zer dira erditze-planak?

Ezagutu zure eskubideak

Erditze normaletarako estrategia. Espainiako Osasun Ministerioa, 2007

Erditze normaletarako protokoloa, OME

 


 

Lide Azkue 2009/01/27

guraso.com

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button
Close