Osasuna

Haurrak eta obesitatea

 

Obesitatearen kontu honek okerrera egin du gure artean azken urteotan, eta gaur egun laugarren postuan gaude Europar Batasuneko herrialdeen artean haurren obesitateari dagokionez. Estatistikek diotenez, 6 urtetik 12 urtera bitarteko haurren % 16,1 omen dira obesotzat jo daitezkeenak, ia 6tik bat. Espezialisten ustez, bizi-ohituren aldaketa sakona izango litzateke arazo larri horri aurre egiteko modu bakarra.

Obesitatea da jorratuko dugun gaia, ez loditasuna, ez gizentasuna, ez bestelako eufemismorik ere. Gorputz-masaren indizea da gaur egun adituek gehien erabiltzen duten irizpidea, eta indize horrek pertsonaren garaiera (zentimetrotan) eta bere pisua (kilotan) baliatzen ditu, formula erraz baten arabera pertsona hori gizentasun-eskala baten barruan hainbat kategoria edo mailatan sailkatzeko: hasi maila normaletik, segi gainpisua esaten zaion kategoriatik eta obesitate-maila larrienetaraino.

Beraz, utzi ditzagun gaizki ulertutako jatorrismoak alde batera, eta erabil dezagun obesitate hitza bere zentzu eta maila egokietan, gizentasuna edo loditasuna bezalakoak beste maila batzuetarako utziz, hizkera apalago, herrikoiago edo lagunartekoan erabiltzeko, gure inguruko gainerako hizkuntza gehientsuenek egiten duten bezalaxe.

Garai bateko dieta mediterraneo osasungarri hura baztertu eta “janari lasterra” esaten zaionarekin ordeztea, eta ariketa fisikoa nabarmen murriztea dira, azken urteotan haurren artean obesitate-tasak hirukoiztu izanaren arrazoi nagusiak. Behar-beharrezkoa da, beraz, joera horiek aldatu eta jarraitu beharreko estrategia birplanteatzea, jan-neurriari dagokionez eta baita aisiako nahiz familiarteko ohiturei dagokienez.

 

 Osasunarentzako ondorio txarrak

 

Gain-pisua eta obesitatea kaltegarriak dira edozein adinetan, baina umeen kasuan bereziki, haurren osasunean eta hazkundean eragiten baitute, epe laburrera bezala baita epe luzera ere. Trastorno horren ondoriorik ohizkoenak aipatzekotan:

● 2 motako diabetesaren intzidentziak gora egin du

● hezurretako eta giltzaduretako trastornoak, zuzenketa ortopedikoa behar izateraino

● loaldiaren asalduak (apnea, insomnioa edo loezina, …)

● pubertaro goiztiarra, nesketan batez ere

● hipertentsioa, kolesterola eta gaixotasun kardiobaskularrak (duela urte batzuk adin hauetan ikusi ere egiten ez zirenak ia) izateko joera gehiago

● arnasteko zailtasunak, arintasun-galera eta nekatzeko erraztasun gehiago

● autoestimu baxua, lagunekin harremanak izateko zailtasunak eta depresioa

● adoleszentzian bulimia eta anorexia bezalako gaitzak izateko joera handiagoa

● azaleko arazoak

 
Zer egin dezakete gurasoek?


Familia barruko ohiturak eta gurasoen portaera faktore erabakigarriak dira, gaitz honi aurrea hartzeko orduan

1. SUKALDEAN ARITZEKO MODU OSASUNGARRIAGOAK

Garai batean guztiz normalak ziren, eta gaur egun erdi-galduak zeuden ohitura osasungarriak berreskuratzea da adituen gomendio nagusia: erosketak egiteko merkatura joatea, sasoiko produktuak erosi eta kontsumitzea, sukaldean elikagai fresko eta naturalak erabiltzea, etab. Nahiko denborarik ez dagoen kasuetan, irtenbide posible bat jana asteburuan prestatu eta aste osorako izoztea izan daiteke.

2. GOSARIARI GARRANTZI GEHIAGO EMATEA

Haurrak ez luke gosari osoa eta egokia hartu gabe etxetik irten behar, eta gosari horretan ez dira faltako inoiz esnekiak (esnea, jogurta edo gazta), zerealak (ogia, galletak edo gosariko zerealak) eta fruta. Ongi gosaltzeak 15-20 minutu eskatuko dizkio haurrari eta baita gurasoari ere. Denak presaka bagabiltza, ordu-laurden lehenago oheratu eta garaiz jaikitzen ohitu beharra dago.

3. UMEAK PARTE HAR DEZALA

Haurrak janari osasungarria zer den jakin beharra dauka, eta horretarako menua erabakitzen, erosketak egiten edo sukaldean laguntzen parte hartu beharko luke.

4. KIROLA EGITERA ANIMA ITZAZU

Umeek ariketa egin behar dute, aire librean ahal bada, eta egunero ordubete gutxienez. Sarri askotan, ariketa fisikoa umearen jolasa bera izan daiteke, ez derrigor lehiaketa moduko kirol antolatua. Dena den, umearen zaletasunak ezagututa, beti aurkituko dugu bere gustukoa izan daitekeen kirol edo jardueraren bat.

5. ORDENAGAILUA ETA BIDEO-JOKOAK

Beste gauza askorekin bezala, neurrian dago gakoa. Umeak jolas horietan denbora gehiegi ematen badu, moztu derrepentean, errukirik gabe gainera. Ez utzi, bestalde, bazkaldu edo afaltzen duen bitartean telebista ikusten edo Internetera edo bideo-jokoetara konektatuta egoten.

6. GURASOEK UMEEN EREDU IZAN BEHAR DUTE

Ez ahaztu esaera zaharrak dioena: haurrak ikasia, etxean ikusia. Horrexegatik, zerorrek emandako irakaspenak izango dira umeak etxean jaso ditzakeen ohiturarik osasungarrienak: jan-neurri orekatua jarraitu, egin kirol apur bat, etab.

 Elikadura-eredu egokia

Badira jarraitzeko oso errazak diren aholku sinpleak, dieta orekatu eta osasungarria prestatzen lagunduko digutenak:

Elikadura bariatua, askotarikoa. Erabili ahalik eta janari diferente gehiago umeen dietan. Horixe da umeak elikadura egokia eta behar dituen mantenugai guztiak jasoko dituela bermatzeko modurik errazena.

Bost anoa fruta eta berdura egunean. Jan-neurri orekatua egiteko, 400 gramo berdura eta fruta hartu behar lirateke egunero

Zerealak, lekaleak eta fekulak. Ogia, pasta, arroza, (zerealak; alegia), patatak (fekulak) eta lekaleak dira elikaduraren oinarria. Horietatik ere bost arrazoi hartu beharko lituzke umeak eguneko otordu guztietan banatuta.

Proteinak. Beharrezkoak dira, bai, baina ez lukete eguneko kaloria guztien % 10-15 baino gehiago hartu behar. Proteinen artean, hirutik bi animalia jatorrikoak (haragia, arraina, arrautzak, …) izan beharko lukete eta landare jatorrikoak beste herena (esnekiak, lekaleak,…). Kontuz gehiegizko proteinekin, odoleko kolesterol-maila gehitzeko arriskua dakarte-eta.

Azukrea neurrian. Gozoak (txokolatea, litxarreriak, pastelak, etab.) oso noizean behin jan beharko lituzkete umeek, kaloria asko eta mantenugai oso gutxi ematen baitizkiete.

Gatza giltzapean gorde. Egunean 5 gramo gatz baino gehiago ez lirateke hartu behar. Otorduak prestatu ondoren, janariei mahaian gatzik ez botatzea eta ahal izanez gero jaki gaziak (kontserbak edo prekozinatuak esaterako) saihestea gomendatzen da.


Eta zer ez da egin behar

Badira hainbat ohitura, sarritan edo behin eta berriz errepikatuz gero, gure seme-alabek beharrezkoa edo egokia dena baino gehiago pisatzea eragingo dutenak. Ohitura kaltegarri horiek saihestuz, umeak osasun hobea izango du.

a) Behar duena baino gehiago jatera behartzea.

Umeak behar duena jan behar du, ez gehiago, ezta gutxiago ere. Platerean janari gehiegi jarri eta dena bukatzera behartzen badugu, gainpisua etorriko da aurrena eta obesitatea berehala.

b) Janaria sari edo zigor gisa erabiltzea.

Ez da gomendagarria umeei txokolatea edo litxarreriak ematea sari moduan, ezta jan gabe zigortzea ere.

c) Ez gosaltzea, edo gutxi gosaltzea.

Frogatua dago eskolara baraurik edo behar adina gosaldu gabe doazen umeek luzarora gainpisua eta obesitatea izateko probabilitate gehiago dituztela.

d) Meriendarako opilak ematea.

Meriendarik onena ogitarteko bat da (urdaiazpikoarekin, gazta freskoarekin edo baita txokolatearekin ere, nahasian) edo fruta-pieza bat bestela. Eta egunero-egunero opil industrialak, snack eta antzekoak erabiltzea da, batez ere, saihestu beharrekoa.

e) Aurrekozinatuekin abusatzea.

Gurasoen gaur egungo ordutegiak direla medio, kasu askotan horrelakoen gehiegikeria gertatzen da. Behin edo behin erabiltzea, tira, baina industrialki aurrez prestatutako jakien abusuak saihesteko, janariak etxean presta daitezke aurrez, ondoren izozteko, edo errezeta sinple eta bizkorragoak aukeratu, etab.

f) Edari azukredunak hartzea

Umeek ez lukete horrelakorik hartu behar, aski dira ura eta esnea eguneroko martxarako. Edari azukredunak, zuku eta irabiatu industrialak noizean behin hartu beharko lirateke (ospakizunetan, esate baterako), kaloria gehiegi ekartzen baitizkiote umeari.

g) Otorduren batean txanda-pasa egitea.

Onena eta osasungarriena egunean bost aldiz jatea da: hiru otordu nagusiak, goizeko hamaiketakoa eta arratsaldeko merienda.

 
Jabier Agirre 2010/07/26
guraso.com
etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button
Close