AmatasunaHezkuntzaOsasunaTTiKLiK!

Haurrak geure etsai

 

Handiak gara eta, beraz, nahi duguna egin dezakegu.

Haurrari bera bakarrik lasaitzen eta loak hartzen utzi? Egin dezakegu.

Negar egiten duenean, ez entzuteko atea itxi? Egin dezakegu.

Bere gelan bakarrik utzi, zer gertatzen zaion jakin gabe? Egin dezakegu.

Beste zerbait ere egin dezakegu: haur batek bakarrik lo hartzea “lorpena” dela sinetsi eta geure burua horretaz konbentzitu.

Argi dago hori guztia egin dezakegula, baita haurraren gutiziaren aurka “bataila irabazi dugula” sentituz ere, haurrak ez molestatzen ikasi behar du eta.

Baina errealitatea apur bat konplexuagoa da. Izan ere, bakarrik dagoen haurrak ikasten duen gauza bakarra da mundua leku latza, arriskutsua eta ankerra dela, eta minez beteta dagoela. Haurrak halako batean lo hartzen duenean, ez dago inolako lorpenik. Alderantziz, haurrak une horretan etsipenaren mina ezagutzen du, egiaztatzen baitu bera negarrez, garrasika edo desesperazioz lehertzen bada ere, inor ez dela etorriko berari laguntzera, eta hobe duela negar gehiago ez egitea, bizirik iraun ahal izateko. Ikasiko du ez duela merezi laguntzarik eskatzea, jakingo baitu ezin duela inorekin kontatu, egun gutxiko jaioberria izan arren.

Ezinbestekoa da ulertzea gizakikume guztien oinarrizko premia dela etengabe beste pertsona baten gorputzarekin kontaktu fisiko eta emozionalean egotea, eta berotasuna, babesa, erritmoa, mugimendua, hurbiltasuna eta begirada behar dituztela. Haurrak horiek guztiak jasotzen ez baditu ere, behar hori ez da desagertzen. Haurrak esperientziaz daki negarrak ez diola konponbiderik ekarriko, eta, ordura arte, negarrak bakardadea, iluntasuna eta gelditasuna bakarrik ekarri dizkiola. Beraz, adimentsu jokatuz, haurrak bere beharra desplazatu egiten du, eta helduarentzat “entzungarri” den zerbait bihurtzen du. Normalean, gaixotu egiten da.

Helduok hain gara ezjakinak, ez dugu gaixotasunean haurraren behar desplazatua ikusten.  Gaixotu egin dela uste dugu, eta horrek ez duela zerikusirik “ondo lo egitea” lortu izatearekin edo, zehazkiago, haurrak jasaten dituen bakardade eta sufrimenduarekin.

Baina, txikitan bizitako hazkuntza- eta hezkuntza-metodoek eragin ziguten mina gogoratu eta sentitzen ausartuko bagina, eskuak bihotzaren gainean jarri ahal izango bagenitu eta haurtzaroan jasandako irainak, umiliazioak eta babesgabetasuna gogoratu, ulertuko genuke hau guztia gerra emozionala baino ez dela. Onar dezagun orain handiak garela eta mendeku hartzeko beta dugula. Orain, txikitan pairatu genituen pazientziarik eza, ulertezintasuna, zorigaitza eta gorrotoa borborrean darizkigu. Orain, geure burua salbatu nahi dugu, eta lasai lo egin. Gau osoan lo egiteak heldu batentzat duen garrantzia, jaioberri baten ikuspuntutik gauak duen handitasunarekin alderatu ahal izango bailitzan.

Laura Gutman
Familia-terapeuta eta idazlea, Buenos Aires-ko Crianza erakundearen sortzailea

Iturria: guraso.com

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Back to top button
Close