Osasuna

Bizi artean, mikroorganismoekin ezkonduta

 

Gizakia multiorganismo bat dela diotenak ez dabiltza oso oker. Pentsa, giza gorputzaren gramo bakoitzeko 1014 mikroorganismo omen ditugu, gehienak hesteetan. Horiei esker hainbat elikagai digeritzen dira eta immunitate-sistema indartzen da, besteak beste. Duten garrantzia ikusita, giza gorputzeko mikrobiotaren gaineko ikerketa puri-purian dago.

Stanford Unibertsitatean, esate baterako, haur jaioberrien hesteetako floraren jarraipena egin dute. Eta, azaldu dutenez, urtebeteren ondoren ere antzeman daiteke jaio eta berehala haurraren hesteak inbaditu zituzten mikroorganismoen arrastoa. Zehazki, 14 jaioberriren hesteetako mikrobiomari egin diote jarraipena urtebetez. Haur horien gorotzetako mikroorganismoak identifikatu dituzte, eta amaren gorotzetakoekin, baginakoekin eta bularreko azalekoekin alderatu dituzte.

Urtebeteren ondoren, haurrek helduen antzeko mikrobio-populazioak omen zituzten hesteetan, baina bakoitzak nolabaiteko berezitasuna omen zuen. Ikertzaileen ustean, berezitasun hori mikroorganismoekin izandako lehenengo kontaktuaren araberakoa da.

Dena dela, haur bakoitzaren historiak zeresan handia omen du kontu honetan. Ez da berdina, esate baterako, ohiko erditzez edo zesarea bidez jaiotzea, amaren esnea edoskitzea edo bestelako esne bat biberoiarekin… eta eragina du baita ere haurrak antibiotikoak jaso izanak eta lehenago edo geroago hasi izanak janari solidoak jaten.

Mikroorganismo batzuen eraginez, gizenago

Methanobrevibacter smithiimikroorganismoa.
E. Conway & J.L. Macario

Azken finean, jakin nahi dute dietak eta genetikak zer eragin duten giza gorputzeko mikroorganismoetan. Eta, bide horretatik, beste ikerketa bateanMethanobrevibacter smithii arkeoa hartu dute aintzat Washington Unibertsitatean. Izan ere, mikroorganismo horrek janaritik kaloria gehiago ateratzen laguntzen duela ikusi dute.

M. smithii ezaguna da hesteetan duen eraginagatik: metanoa askatzen du. Mikroorganismo horrek (eta horren kideek) hesteetako beste organismo batzuen hondakinak jaten ditu eta, hala, gainerako organismo horiek lanean jarraitzen dute, eta bestela hestean aurrera jarraituko luketen elikagaiak digeritzen laguntzen dute. Ikerketa saguekin egin dute, baina, ondorioa gizakira estrapolatuta, ikertzaileek uste dute janari berdina janda bi lagunek kaloria-kopuru desberdina jasoko dutela hesteetan duten M. smithii-aren kantitatearen arabera.

Azkenik, beste ikerketa-talde batek hesteetako mikrobiomaren genoma sekuentziatzen jardun du. Helburua hesteetako mikroorganismoak ekosistema gisa aztertzea da; eta, besteak beste, ikusi dute M. smithii arkeoa oso ugaria dela.

zientzia.net

2006/07/01 Elhuyar Zientziaren Komunikazioa 

ITURRIA: ELHUYAR ALDIZKARIA

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Back to top button
Close