Aspektu legalak

Umeak euskaraz erregistratzeko prozedura

 

2007. urtean Hizkuntz Eskubideen Behatokiak umeak euskaraz erregistratzeko ekimen bat jarri zuen martxan. Praktikan gaur egun, Inforeg aplikazio informatikoa abian duten erregistroetan soilik inskriba daitezke haurrak euskaraz.

Justizia Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat zuten Inforeg aplikazioa EAEko bake epaitegietara
zabaltzeko, baina hitzarmen hori orain urte bete pasatxo iraungi zen eta berritzekotan baziren ere, krisi ekonomikoaren aitzakian berritu gabe jarraitzen du une honetan. Bitartean, herritarrek erregistroetako inskripzioak euskaraz egiteko duten eskubidea egikaritu ezinik jarraitzen dute.

2005eko ekainaren 22ko 12/2005 Legeak Erregistro Zibilaren Legea aldatu zuen, inskripzioak euskaraz egiteko eskubidea aitortuz. Halere, administrazioek ez dute abian jarri eskubide hori gauzatu eta bermatzeko mekanismorik. Erregistro liburu ofizialak honezkero katalanez zein galegoz daude, eta ondorioz inskripzioak egin daitezke hizkuntza horietan, baina euskaraz ez ordea. Inforeg izeneko aplikazio informatikoak ahalbidetzen du aukera hori, baina gutxi dira oraindik ere berau martxan jarria duten erregistroak.

Halere, 2007ko abenduaren 19an, lehen aldiz ume bat euskaraz erregistratzea lortu zen Aretxabaletako Erregistro Zibilean. Hori bai, inskripzioa Erregistro Zibileko Liburu Ofizial batean egin beharrean, Erregistro Zibileko Liburu berezi batean egin zen. Liburu berezi horrek ofizialaren balio eta eraginkortasun juridiko bera dauka, Erregistro Zibileko arduradunak agindu baitzuen Liburua egitea eta zabaltzea, eta Erregistro Zibileko Legeak zein Erregelamenduak babesten dutelako inskripzioa modu horretan egitea. Hori lortzeko bidea ez zen batere erraza izan, eta hainbat oztopo burokratiko gainditu behar izan ziren, umea jaio baino 5 hilabete lehenago ekin zitzaiolarik prozedurari. Baina pausu garrantzitsua izan zen, aurrekaria ezarri baitzen.

Justizia Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat zuten Inforeg aplikazioa EAEko bake epaitegietara zabaltzeko, baina hitzarmen hori orain urte bete pasatxo iraungi zen eta berritzekotan baziren ere, krisi ekonomikoaren aitzakian berritu gabe jarraitzen du une honetan.

Halere, dagoeneko zenbait erregistrotan inskripzioa euskaraz egitea ahalbidetzen duen INFOREG programa informatikoa martxan jarria dute. Zuek haurra inskribatuko duzuen erregistroan oraindik egin ez balute ere, zuen eskaera jaso eta bi edo hiru eguneko epean jar dezakete abian.

Jarraian, umea euskaraz inskribatzeko Hizkuntz Eskubideen Behatokiak proposatzen duen prozedura jasotzen da, eta behean atxikita dituzue beharrezko diren dokumentuak:

1. ESKAERA izeneko dokumentua ireki eta bete. Bertan, umearen gurasoen datuak eta umea noizko espero den idatzi behar da.

2. Dokumentuaren goialdean eskaera zein erregistrori zuzentzen zaion bete beharko da (haurraren jaiotza inskribatuko den Erregistro Zibila).

3. Dokumentu horretan euskaraz erregistratzeko eskaera egiten dugu. Horixe da geure eskakizuna. Euskarazko inskripzioa Erregistro Zibilaren Liburu Ofizialean sistema informatizatuan egiteko eskatuko dugu eta posible izan ezean, ordezko eskaera bezala, euskarazko liburu berezia zabal dezatela euskaraz erregistratu nahi duten gurasoentzat.

4. ESKAERA delako dokumentua bete ostean, bi kopia atera eta bi gurasoek sinatu behar dute.

5. ESKAERAren bi kopiei Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuaren erantzuna (DOKU1, INFOREG inplementazioa izeneko dokumentua) eta Bergarako Erregistro Zibileko Epaileak emandako Autoa (DOKU2 AUTOA izenekoa) erantsi.

6. Ondoren, inskripzioa egiteko asmoa dagoen erregistro zibilera eraman, eta sarrera emateko eskatu. Idatzi bat Erregistro Zibilean geratuko da eta bestea (erregistroaren zigilua duen kopia) gorde eta Behatokira bidali, faxez edo posta elektronikoz jarraipena egin ahal izateko.

7. Erantzunaren zain egon, eta erantzuna jaso bezain laster jarri harremanetan Behatokiarekin eta bidali erantzuna faxez edo posta elektronikoz. Jasotako erantzunaren arabera, zer egin eta nola egin baloratu eta erabakiko dugu.

8. Denbora tarte batean erantzunik jaso ezean, edota haurra jaiotzea espero den data gainean badago, edo jaio bada, eta erantzunik jaso ezean, jarri harremanetan Behatokiarekin, beste idatzi eredu bat prestatu eta lehenbailehen aurkezteko.

Prozedura berez sinplea da, baina gainean egon beharko dugu eta denboraz hasi. Kontuan izan, umea behin besterik ezin dela erregistratu eta horretarako epea dagoela jaiotzen denetik aurrera, beraz komenigarria da jaio aurretik guztia lotuta izatea.

Ikusten duzuen bezala, egoera nahiko tamalgarria da oraindik ere, baina garrantzitsua da bide horretan presio egiten jarraitzea eta herritarren nahia zein den agerian uztea; aitzakia behintzat ez dadila izan herritarrek ez dutela haurrak euskaraz inskribatzeko eskaerarik egiten.

Edozein arazo edo zalantzarik izanez gero, Behatokiarekin jar zaitezkete harremanetan zuzenean:

Telefonoa: 948 146 172

Faxa: 948 123 743

Helbide elektronikoa: behatokia@behatokia.org

 

ATXIKITAKO DOKUMENTUAK:

DOK. 1: ESKAERA

DOK. 2: INFOREG inplementazioa

DOK. 3: AUTOA

 

Onintze Guridi 2010/09/09

www.guraso.com

etiketak

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Back to top button
Close