6-11Adimen EmozionalaHezkuntzaSozializazioa

6-11 urte. Sozializazio prozesua

 

Guraso askok uste dute beraien seme-alaben sozializazio prozesua berez modu naturalean gertatzen dela. Artikulu honetan ikusiko dugu lagunak egitearen lana gatazkekin eta dezepzioekin lotuta dagoen konkista gogor bat dela. Prozesu garrantzitsu honetan familiaren papera zein den argitzen saiatuko naiz.

Gaur egun arrakasta soziala norberak dituen lagun kopuruaren arabera baloratzeko joera dago. Guraso asko kezkatu egiten da gelako lagunen urtebetetze jai batera bere semea -alaba gonbidatzen ez badute edo asteburu bat etxean bakarrik pasatzen badute.

Egun batean bere mugikorrean inolako dei galdurik jaso ez zuelako oso triste zegoen neska bat ezagutu nuen, baztertua eta bakarrik sentitzen zen. “Lagun asko izatearen” aldeko presio sozial hau geroz eta adin txikiagotan gertatzen da.

Txikienek bere anaia-arraba zaharrenek egiten duten bera egin nahi dute baina beraiek baino lehenago. 6 eta 11 urte bitartean sare sozial garrantzitsuenak familia eta eskola direla gogoratzea garrantzitsua da. Lagun taldea, “lagunartea” pubertaroaren ondoren agertzen den zerbait da.

Adin tarte honetan familia edo eskola eremutik kanpo modu iraunkorrean taldean erlazionatzeko gaitasuna oraindik ez dago garatuta. Gaurko bizitza baldintzek eskolako jantokian edo eskola kanpoko ekintzetan ordu askotan zehar neska-mutilak harremanak izatera behartzen dituzten arren, ez dugu ahaztu behar adin-tarte honetan pertsona heldu baten zuzendaritzarik edo gainbegiraturik gabe taldeko ekintza bat egituratzeko gai ez direla oraindik. 

Lagunen arteko harremanak binaka hasten dira eta gertutasunagatik edo kidetasunagatik egituratzen dira (auzotarrak, lehengusuak, kirol edo ekintza lagunak …). Hasieran pertsona heldu bat hurbil dagoela sortzen da harremana (etxean, auzoan, eskolan) eta gero piskanaka, ekintza eremua eta parte hartzen duten pertsona kopurua zabaltzen doa.

Ez da komeni helduek prozesu honen erritmoa bizkortzea. Neskak edo mutilak piskanaka segurtasuna eta trebetasun multzo bat bereganatu behar du, porrotak jasateko denbora eta gaitasuna eskuratu behar dute. Gauzak beti ez dira ongi irtengo lehen aldian eta saiakera berriak egin beharko dira.

Neska-mutilek izan behar dute besteekin egoteko eta pertsonak aukeratzeko iniziatiba, beraiek izan behar dute harremanak edukitzeko beharra eta horretarako pertsona egokienak aukeratzen ikasteko beharra sentitu behar dute; horretarako denbora bakarrik pasa, aspertu edo etsipenen bat jasan behar badute ere. Helduek topaketak erraztu eta pertsonak iradoki ditzakete baina inoiz ez horiek behartu.

Sozializazioak frogan jarriko ditu askoz lehenago hasitako heltze prozesu bateko emaitzak. Familia sozializatzeko lehen taldea da eta mutilak edo neskak familiaz kanpoko harremanetarako oinarri izango da familia, gizarte mailako bere lehen esperientzia familia barrukoa izango da. Hemen ikasi behar dute:

– Bakarrik egoten, bakarrik jolasten, bakarrik ondo pasatzen: bakardadea ez da utzi izanaren edo bazterketaren sinonimoa. Neska-mutilak gaitasun hau baldin badu harremana non eta norekin izan nahi duen hobeto jakingo du.

– Ez izaten beti arreta gunea: etxetik kanpoko harremanak izaten ikasteak etxeko errege edo erregina izateari agur esatea da, adiskideek ez naute maitatuko “nire aurpegi ederragatik” baizik eta azalduko ditudan meritu eta gaitasunengatik.

– Porrota jasaten eta inpultsoak kontrolatzen: Neskari edo mutilari gaitasun honek gizartean onarturik dauden portaeraren kodeak bereganatzen utziko dio. Berarekin dauden pertsonen edo giroaren arabera, bere kideekin dituen harremanetan zer egin dezakeen edo egin ezin dezakeena bereizten ikasi beharko du. Familia eta gizarte taldeen portaera arauak desberdinak dira. Besteenganako eta beraien arteko aldeenganako errespetua oso beharrezkoa izango da lagunak mantentzeko.

– Desobeditu ahal izatea: “Esanekoa ez izatetik” desberdina da hau. Neska bat edo mutil bat noizbait gurasoei ezetz esateko gai denean, bere irizpide propioa duela eta nortasuna indar nahikoarekin garatzen ari dela frogatzen du, eta aldi berean zerbait desegokia proposatzen dionean taldeko liderrari edo ikaskide errepikatzaileari ezetz esateko gai dela ere frogatzen du. Trebetasun hauek familia barnean eskuratu badira, familia kanpoko giza harremanak seguraski aberatsak eta iraunkorrak izango dira

 

 

ENRIQUE SARACHO Psikiatra. Ediren Osasun Kooperatibako Zuzendaria|Psiquiatra. Director de Ediren Cooperativa de Salud.

Seme-alabak aldizkaria

8. alea / 8º número 2009ko Urria / Octubre 2009 L.G.: SS-1023/07

 

 

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button
Close