OparipuinakTTiKLiK!

Bilatu, bilatu, eta ezetz topatu!

 

Maite Frankoren ipuina, Azkoitiko Libe eta Kiara sagutxoentzat egina.

Bazen behin Azkoitian, gazta egiten zuten baserri bateko sukaldean, zulotxo batean bizi zen sagu familia bat. Familia hartan baziren amama Arantxa, attitte Gregorio, biloba Libe eta Kiara Txiki, besteak beste. (Denak ez ditugu aipatuko, asko baitziren familian, sagu familia guztietan bezala).

Zulotxo hartan, bapo bizi ziren, zoriontsu, gazta faltarik ez, inoiz ez! Artzainak bai, ordea, hark bazuen gazta faltan, saguek jandakoa jakina. Horregatik, gazta ezkutatzea erabaki zuen, sagutxo gizajoen zoritxarrerako. Libe eta Kiararen gurasoek orduak eman zituzten zulotik kanpo, gazta bilatu eta bilatu. Orduak, egunak, asteak …. Ezin aurkitu, ordea.

–        Gregorio, gazta puska bat besterik ez zaigu gelditzen – amama Arantxak, kezkatuta.- Eta bizilagunek lapurtzen badigute?

Mendiko saguak zituzten bizilagun, baina haiekin oso ondo moldatu ez, izan ere lapur hutsak ziren. Beno  saguak berez izaten dira lapurrak, baina haien artean oso gaizki ikusita dago sagu batek beste bati lapurtzea.

–        Lasai, Arantxa. Pospolo-kutxa honetan seguru egongo da.- Attitte Gregoriok.

–        Zuk uste?

–        Tira, ogi pusketa baten barruan ezkutatuko dugu pospolo-kutxa. Horrela seguru egongo da.

–        Zuk uste?

–        Tira, ogia armairu barruan ezkutatuko dugu.

–        Horrela bai, Gregorio, horrela bai.

Gazta ondo ezkutatu eta haiek ere gazta gehiagoren bila abiatu ziren, zulotxo hartan Libe eta Kiara Txikia utzita.

–        Berehalakoan itzuliko gara. Atea ondo-ondo itxita izan!

–        Bai! – bi sagutxoek.

Libe eta Kiara oso ahizpa desberdinak ziren. Libe txukuna, azkarra eta langilea zen. Pintatu, idatzi, … dena egiten zuen ondo. Gainera, behin lana bukatutakoan, gauza guztiak  txukundu eta bere lekuan gordetzen zituen. Sagutxo perfektua zirudien, halakoxea izan nahi zuen behitzat. Kiara txikiak berriz, ez zekien ordena zer zen. Bere hiztegian ez zen existitu ere egiten. Eta hau gutxi balitz, gainera gure sagutxo txiki honek bazuen ohitura xelebre bat ahizpa zaharrena haserrarazten zuena: ikaragarri maite zuen besteen gauzak hartu eta lekuz aldatzea.

–        Kiara txiki, non sartu dituzu nire betaurrekoak? – galdetu zion behin amama Arantxak.

–        Bilatu, bilatu, eta ezetz topatu! – Kiarak.

Amama Arantxak leku guztietan begiratu ondoren, Kiarak azkenean:

–        Hozkailuan, amama, zure begi nekatuak fresko-fresko egoteko!

–        Kiara, non daude nire galtzontziloak? – attitte Gregoriok, beste behin.

–        Bilatu, bilatu, eta ezetz topatu! – Kiarak. – Labean, attitte, zure ipurditxoak katarrorik ez harrapatzeko!

Amama Arantxa eta attitte Gregorio ez ziren inoiz harekin haserretzen. Hain ateraldi xelebreak izaten zituen gure Kiarak. Eta hain distira berezia begietan, haren zintzotasuna frogatzen zuena!

–        Amama, attitte. Kiara zigortu beharko zenukete!

–        Jolasean ari da, maitea, jolasean! – attitte-amamak.

–        Jolasean? Baita zera ere! Egunen batean disgusturen bat izango dugu – erantzun zion ahizpa zaharrenak,  askoz ere zaharragoa balitz bezala.

Eta iritsi zen disgustuaren eguna. (Beno, disgustua, disgustua …, sustoa bai, akaso.) Esaten ari nintzen bezala, behinola bakar-bakarrik utzi zituzten bi ahizpak, atea ondo itxita mantentzeko aginduarekin. Gure Kiara bere betiko jolasean ari zen, oraingo honetan Liberen margo-kutxa ezkutatuz.

–        Bilatu, bilatu, eta ezetz topatu!

–        Kiara, nazkatuta naukazu! Banoa amama eta attitteri esatera! – erantzun zion Libek, etxetik irten eta atea zabal-zabalik utzita.

Inguruan zebiltzan bizilagunek hura ikusi, eta Kiararen etxean lapurtzea bururatuko ez zitzaien ba! Handik ordu betera, amama-attitte eta Libe itzuli ziren, etxe guztia hankaz gora aurkituta!

–        Bizilagunak sartu zaizkigu etxean! Ai, ama! Akabo gure gazta!

Armairua ireki zuten. Bertan zegoen ogi puska. Ogi puska ireki, eta bertan pospolo-kutxa. Pospolo-kutxa ireki, eta … gaztarik ez! Hango oihuak eta negarrak!

–        Kiara, atea ondo itxita utzi al duzu? – amama Arantxak.

–        Bai. – Kiarak

–        Eta, orduan … ? – attittek.

–        Libe izan da, attitte. – Kiarak.- Haserre irten da, atea zabalik utzita.

–        Gure gazta, gure gazta guztia eraman dute!

–        Nork esan du eraman dutenik? Bilatu, bilatu, eta ezetz topatu! –Kiarak.

Bai, asmatu duzue. Kiararen jolasari esker, lapurrek ezin gaztarik aurkitu. Eta ba al dakizue non zuen gordeta? Bilatu, bilatu, eta ezetz topatu! Attitte Gregorioren galtzerdien tiraderan!

–        Eta zergatik hor, Kiara? – Attittek, harrituta eta barrezka.

–        Han baino gazta usain fuerteagorik etxe osoan ez dagoelako!

Gure Libe azkarra, bere erruarengatik gazta galdu ez zutela ikusita sustoa pasa zitzaionean, gauza asko ikasi zituela konturatu zen. Lehendabizikoa, inor ez dela perfektua. Bigarrena, ez dugula perfektuak izan behar besteek gu maitatzeko (garenak garela, eta garen modukoak garelako maite gaituztela, alegia). Hirugarrena, besteen gauza txarrek, edo guri gustatzen ez zaizkigunak, beti badutela alde onik. Eta laugarrena, eta azkena, bere ahizparen jolas xelebre horri esker, artzainak gazta non ezkutatzen ote zuen jakin ahal izango zutela.

–        Eta artzainak galtzerdiak gordetzen dituen tiraderan begiratzen badugu? – Libek.

Bingo! Hortxe gazta ederra, hilabeteak iraungo ziena.

–        Gora gure Libe azkarra! – attitte-amamak.

 

Eta hau hala bazan ala ez bazan,

sar dadila kalabazan edo galtzerdien tiraderan!

 ***

 

Hondarribian, 2012ko maiatzaren 19an, etxeko sukaldean eta bazkaltzeko orduan, sortzen bukatutako ipuina.

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Close