6-11Adimen EmozionalaHezkuntzaSozializazioa

6-11 urte. Nola jokatu gurasook seme-alabek zer irakatsi dutenean?

 

   Sozializazio prozesuaren bidez gizon-emakumeok bizi garen jendartearen bizimodua, ohiturak, balioak, hizkuntza(k)… eskuratu eta barneratzen ditugu eta geure ingurura egokitzen gara. Horrela bilakatzen gara gure taldeko kideak. Prozesu horretan familia eta eskola dira haurren sozializazio eragile nagusiak, baina ez bakarrak, sozializazioa ez baita haurtzarora mugatzen. Batzuetan, egoera berrietara edo beste inguruetara doitu beharrak pertsona helduak sozializazio berriak egin beharretan jartzen ditu. Adibidez, beste herri batera bizitzera goazenean, lanez aldatzen garenean edo lehen umea dugunean… Bizi esperientzia horietara egokitzeko sozializazio berriak egin behar izaten ditugu.
   
© Quino 1964-1973  


Sozializazio prozesuan bizi garen inguruko hizkuntza(k) ikasten d(it)ugu. Lehen hizkuntza etxe giroan ikasi ohi dute haurrek gurasoengandik. Horrela irudikatzen dugu beti hizkuntzaren transmisioa: goitik behera, helduengandik haurrengana, doan prozesua. Baina batzuetan ez da hala gertatzen. Ez gutxitan, etxean gurasoek ezin diete tokiko hizkuntza seme-alabei irakatsi eta seme-alabak dira, eskolan ikasita, hizkuntza hori etxera eta gurasoengana daramatenak. Orduan seme-alabak ditugu beren gurasoen hizkuntza sozializatzaileak eta gurasoek ez dakiten hizkuntza batean sozializatzeko aukera dute.  

     
    © Quino 1964-1973

 

Ez al da egoera hori nahikoa arrunta gure artean?

Euskara ez al da etxe askotan haurrek, eskolan ikasita, etxera daramaten bizipen eta ezagutza? Eskolan ikasitako euskara hori haurren bizitzaren zatia da, haien harremanetan sartuta dago, eskolako ikasbide dute eta haien nortasunaren osagai bihurtu da.

Orduan, halakoetan nola jokatu behar dute gurasoek beren haurrek etxera dakarkieten hizkuntza horrekin?

Hona gomendio batzuk:

ZABALIK EGON SEME-ALABEN HIZKUNTZA BERRIKUNTZETARA, gogoz onartu, balioztatu, interesa erakutsi: zer egin duen eskolan, zer kanta ikasi duen, zer ipuin kontatu dioten, zer liburu irakurri duen…

BIHUR ZAITEZTE HAIEN IKASLE. Haurrak dira euskararen esperientzia etxera dakartenak eta gurasoek, abegikor hartu ez ezik, hizkuntza berria gutxi-asko ikasteko bide ere har dezakete.

Haurrendako oso motibagarria da gurasoei zerbait irakastea eta hori haien ikaste prozesurako pizgarri eta motibazio handia izan daiteke.

SAR EZAZUE EUSKARA ZUEN ETXERA. Haur askok duten euskararen esperientzia irla bat modukoa da: eskolan dena euskaraz, kalean ia ezer ez, parkean pixka bat, etxean gutxi…

Hau da, haur askorentzat euskara bizipen etena edo ez-jarraia da. Gurasoek haurren hizkuntza bizipen atomizatu hori zabal dezakete etxea ere euskararen gune bihurtuta. Etxean ikusentzuten diren telebista, DVD eta CD-Romak; musika eta irratia; haurrek erabiltzen dituzten jostailuak, joko pedagogikoak eta ordenagailukoak; liburuak eta aldizkariak euskaraz izan daitezke.

Gurasoek aukera asko dute beren esku haurrek etxean ere euskara entzun eta erabil dezaten.

 
 
© Quino 1964-1973

ERRUTINA LINGUISTIKOAK, ZERGATIK EZ EUSKARAZ? Gizarte batean linguistikoki sozializatzeak jendarte horretako hizkuntza ohiturak bereganatzea esan nahi du. Eguneroko hizkuntza ohitura horiek dira gure errealitatea eta harremanak antolatzen dituztenak. Egunero hizkuntza errutina asko –eta beti berberak– egiten ditugu: agurrak, esamoldeak, hitz goxoak… Horiek euskaraz esatea nahikoa erraza izan daiteke eta haien eguneroko errepikatzeak euskararen neurri txikiko erabilera ziurtatu eta normal dezake: goizean egun on; jan aurretik on egin; haurrarekin solasean maitea, laztana, txiki esan…

GAUZA TXIKIAK GARRANTZITSUAK DIRA. Ingurune elebidunetan haurrak hizkuntzak ikastean hizkuntza horiek gizartean duten lekuaz ere jabetzen dira: nork hitz egiten duen eta nork ez, non, noiz… Gurasoek etxean euskara baliagarri egin dezakete euskara erabiltzeko une eta egiteko batzuk gordez.

Hizkuntza erabilgarri egiteko gauza txikiak garrantzitsuak dira: erantzungailuko mezua, etxekook elkarri uzten dizkiogun oharrak, erosketa egiteko zerrenda…

EGIN JAUZIA ETA ANIMATU EUSKARA IKASTERA, haurrak euskaraz bizitu eta euskaraz kontatu nahi dituenak ulertzeko adina bederen. Etxeak eta eskolak ez dute zertan bi hizkuntza mundu bereizi izan, gurasoek haien arteko zubiak egin ditzakete euskararako aukerak sortuz. Finean, honako hau da helburua: etxean euskara irakasteko aukera izan ez duten gurasoek haien seme-alabak elebidunak bilakatzen laguntzea. Ez, noski, hizkuntza bera irakasten, baina bai hizkuntzaz jabetzeko beharrezkoak diren motibazioa, erabilera eta ezagutza bermatzen eta ziurtatzen. Hori guraso guztion esku dago.

 

PAULA KASARES
Soziolinguista eta NUPeko irakaslea
 
Seme-alabak aldiakaria
9. alea / 9º número
2010eko Martxoa / Marzo 2010
L.G.: SS-1023/07

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button
Close