OparipuinakTTiKLiK!

Trikua

 

Maite Frankok Granadako trikuari idatzitako ipuina

 I. Zeruko umeak

 

Unibertso osoa jainkoen oparia omen da, jainkoek (edo zeruko izpirituek, beste batzuek deitzen dieten bezala) beraien seme-alaba txikiei egiten dizkieten opariak. Eta horregatik, unibertsoa, planeta guztiak eta baita gizakiok ere ume horien jostailuak baino ez gara. Panpina bizidunak kutxa esferikoetan sartuak. Horrela errazago ulertzen da gure bizitzaren alde aurreikus ezina,  zoria, halabeharra, kasualitatea esaten zaiona. Zergatik ezagutzen ote ditugun pertsona jakin batzuk eta ez besteak, zergatik maitemintzen ote garen gutxien espero dugunarekin, zergatik ez ote dagoen eguraldiarekin bete-betean asmatzerik, zergatik hil ote gaitezkeen modurik txoroenean … Kontu hauek guztiak zeruko umetxo horien esku daude eta haiei dagokie, beraz, erabakiok hartzea. Eta gizakiok, honen berri izan gabe, gure etorkizunaren jabe izaten saiatzen gara jo eta su. Bai inozoak!  

Animaliei berriz ez zaie honelakorik gertatzen. Arrazoia jakiterik ez dagoen arren, ume eta animalien artean bada elkar ulertze edota enpatia automatikoa, beste inoren artean ematen ez dena. Berdin da umeak zerukoak eta animaliak lurrekoak izatea. Animaliek jaio eta berehala badakite haien bizitza jolas hutsa baino ez dela. Are gehiago, haien gurasoei entzunda berehala ikasiko dituzte munduaren jatorria azaltzen dituzten istoriotxoak, jarraian kontatuko dugun trikuarena bezala.

 

II. Trikua

 

Bazen behin jainko-jainkosa bikote bat gurasoak izan berriak zirenak. Hor zebilkion ume ttikia ia egun osoa titi eske amatxori. Eta amatxo hark ezin zoriontsuago eskaintzen zion zeruko esne miragarria, tarteka tanta batzuk eroriz, eta horrela Esne Bidea edo Via Lactea delakoa sortuz.

Amaren bularra hain zen leuna, beroa eta sentibera non umea bertan baino goxoago ez zen inon ere egoten. Eta umearen azala hain zen leuna, beroa eta sentibera non amaren bularra ere bertan baino goxoago ez zen inon ere egoten. Maitemindu berriek bezala, elkarren ondoan egoteko nahia, elkar ukitu eta sentitu beharra, premia larria izaten zuten biek, egun zein gauez. Eta hau, amarentzat nekagarria hasieran, eramangaitza gero, eta bukaeran itogarria bihurtu zen.

Horregatik bere bularraren azal pixka bat hartuta, amak animaliatxo bat sortu zion umeari, arantzarik gabeko triku baten itxura zuena. Eta lehen triku horrek bularraren ukitu leun bera zuen, berotasun bera, baita sentiberatasun bera ere. Umeari trikua ondoan jarri eta bularra zelakoan hari lotuta egoten zen sarri.

Umea koskortu zenean berriz, trikuaren beharrik ez, eta beste jostailuekin batera jarri zuen kutxa esferiko horietako batean. Eta horrela agertu zen trikua munduan, bere azal leun, bero eta ezin sentiberagoarekin piztia zakarren artean.

Harrigarriena gertatu zen orduan. Oihan hartako basapiztiak atzaparrak ondo zorroztuta eta lerdea zeriela itxaroten bazuten ere, trikua ikusi orduko erabat zintzotu eta hura besarkatzeko premia sortu ez zitzaien bada! Txandak antolatu behar denek trikuaren azal leun, bero eta sentibera ukitu ahal izateko. Eta hari besarkatuta, nork bere penak, nahiak eta arazoak azaltzen zizkion trikuari, besarkada bukatutakoan gainetik zama izugarria kendu izan balute bezala sentituz.

Psikologo bihurtuta zegoen gure ttikia, elkarri entzutea zer zen ez zekiten piztiatzar horien artean, sentiberatasunari esker besteen lekuan jartzea oso erraza baitzen trikuarentzat.

Animalia guztiak haren besoetatik pasa ondoren, ezin hobeto sentitzen ziren. Trikua berriz, ez. Harentzat, zeruko amarentzat bezala, azken batean jainkosa haren bularretik sortua baitzen, poliki-poliki itogarria bihurtu zen hura, arazo larria. Eta arazo potolo hura, nola kenduko zuen gainetik? Nork entzungo zion hari? Inork ez.

Halako batean, bere jostailuen kutxa esferikoan eskua sartu behar zuen zeruko umea egoeraz jabetu zen. Orduan, trikua hartu, maite-maite egin eta ia-ia gorputz osoan arantzak jarri zizkion (atzeko aldean batez ere, aurpegia eta sabela ukitu gabe utziz). Harrez geroztik, inork ez du trikua berriro besarkatu, eta lasai bizi da, libre.

Sentibera izaten jarraitzen badu ere, ondo baino hobeto ezkutatzen du sabeleko azal leuna, inork bere sekretua deskubritu ez dezan.

Alabaina, bada bitxikeria bat istorio honen bukaeran: norbaitek trikuari entzuteko eta hura ezagutzeko asmo zintzoa azaltzen dionean, arantzak erori egiten omen zaizkio berriro, bere azal osoa berriz ere bero, leun eta sentibera bihurtuz.

 

 

 

 

Eta hau hala bazan,

sar dadila zeruko jostailuen kaxan!

****

2012ko ekainaren 26an, Landetako Léongo lakuari begira eta semea titian nuela sortu zen ipuina. 

etiketak

Related Articles

2 Comments

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Close