0-56-11Adimen EmozionalaGehiegizko babesaHazieraHezkuntzaSozializazioa

Zigorrak, arauak, mugak, autoritate eta autoritarismoa

 

Beti esan izan zaigu haur txikiekin aritzeko pazientzia handia izan behar dela. Askotan, zigorrak eta arauak ezartzea seme-alabak txikiak hezitzeko modu desegokitzat jotzen dugu: “Gaixoa! Gizarajoa! Hain da txikia!”

Alabaina, hezitzaile eta profesionalek gero eta maiztasun handiagoz azpimarratzen dituzte lehen haurtzaroan muga faltak sortzen dituen ondorio larriak. Batetik, familiaren elkarbizitzan eta bestetik, haurren etorkizuneko garapen egokian.

Autoritatea eta autoritarismoaren arteko ezberdintasunak.

Autoritatea modu arbitrarioan erabiltzen zen garai batetik gatoz. “Hau horrela egiten da nik esaten dudalako! Zure aita naizelako eta kitto!”, esaten ziguten guri gurasoek. Arauak zigorraren beldur ginelako betetzen ziren. Muga baxuago edo altuago ezartzen zen autoritate figura zenaren aldartearen arabera, edo berak izaten zuen egunaren arabera edo futbol partiduaren emaitzaren arabera.

Autoritate kontzeptua inposizioarekin asoziatzen dugu, nagusitasunarekin, menperatzearekin, errepresioarekin edo diktadura edota tiraniarekin. Baina autoritatea beste hainbat balore garrantzitsurekin ere erlazionatzen da: errespetua, babesa, ziurtasuna, elkarbizitza edo besteekiko zaintza eta maitasuna.

Autoritateak elkarrekin bizitzea ahalbideratzen du.

Autoritatea erabiltzeak elkarbizitza errazten du. Etxean behar ezberdinak dituzten pertsona diferenteek espazio bera konpartitzen dute. Etxean lehentasunak eta mugak ezarriz espazio  ezberdinak sortzeko gai ez bagara, guztiok garatzeko lekua izateari utzi eta batzuk besteen kontura garatuko diren lekua bihurtuko da familia.

Autoritateak etxetik kanpo besteekin erlazionatzeko aukera ematen die.

Haur txiki bati frustrazioa eta agresibitatea sozialki modu osasuntsuan maneiatzen erakusten diogunean, hots, heldu eta lagunekin erlazionatzean egin dezakeena eta egin ezin duena bereizten erakusten diogunean, etxetik kanpoko edozeinekin erlazionatzeko bideak irekitzen dizkiogu. Bere bulkadak edozein momentutan espontaneoki deskargatzen uzten badiogu aldiz, etxetik irtetean gatazka eta liskarretan sartuko da. Horrek ziurrenik bere harreman sozialak hondatuko ditu eta beraz, bere irudi soziala eta autoestimua ere bai.

Autoritateak hazi nahi izateko arrazoiak ematen dizkie.

Berdintasunaren aroan bizi gara. Maiz pentsatzen dugu justuak izatea, guztiei berdina eman eta exijitzea dela. Guraso asko arduratzen dira beren seme-alaben artean ezberdintasunak ez egitearekin. Baina haur txikiak eta nagusiagoak ordu berdinean ohera joaten badira, paga berdina badaukate, onura berak badituzte…

…………………….Zertarako hazi?………………………………

Lehen, anai txikienek zaharragoen inbidia izaten zuten. Egungo haurrek ez dute hazi nahi, horrek ardurak eta exijentziak hartzea esan nahi duelako eta aldiz, onurak galtzea

Autoritateak ingurua ezagutzea ahalbideratzen du.

Gure ikasteko gogoa babesten du autoritateak, gure ongizate fisikoa zaintzen duen bitartean. Haurrei bulkadak kontrolik gabe azalarazten uzten badiegu ez gara beraien ikaskuntza laguntzen ari, blokeatzen baizik.

Esperientzia desatseginak edo gertakariak saihestu behar ditugu. Askatasun gehiegi ematen badiot eta haurra parkean galtzen bada, edota bere adinerako egokia ez den objekturen batekin edo zabu batean ibiltzen utzi eta mina hartzen badu, esperientzia txar horrek markatuko du eta mundua deskubritzen jarraitzeko gogoak kenduko zaizkio. Helduek markatu behar dituzte erreferentzia argiak: zer egin daiteken eta zer ez, beraien adin eta gaitasunen arabera. “Banekien bai, hau gertatuko zela azkenean” edo “kontuz ibili erori egingo zara eta” esateak ez du askotarako balio izaten.

Autoritatea erabiltzean, axola digula adierazten arigara gure seme-alabei.

Toleranteagoak gara arduratzen ez gaituzten pertsonekin, beraiekin haserretzeko lanik ere ez dugu hartzen. Autoritatea erabiltzeak gurasoen aldetik energia askoren inbertsioa eskatzen du, asko nekatzen du. Horregatik, indar handiarekin ez gabiltzanean, asko arduratzen gaituzten pertsonekin soilik jarriko ditugu mugak. Askotan gure seme-alabek desafiatu egiten gaituzte, arauak hausten dituzte zenbateraino arduratzen garen jakiteko.

Liburu gomendatua:
NELSEN, Jane (2007) Cómo educar con firmeza y cariño. Disciplina Positiva. Bartzelona. Editorial Medici.

ENRIQUE SARACHO
Psikiatra
Ediren Osasun Kooperatibako zuzendaria

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Back to top button
Close