ErditzeOsasuna

Jaioberria: kezkak eta zainketak

 

Miren etxean da jadanik bere haurtxoarekin. Dena primeran doa, umeak jan eta lo, jan eta lo, ez du besterik egiten (bueno, egia esateko negar pixka bat ere egiten du, gose dagoenean-edo) eta etxeko guztiak zoratzen daude jaioberriarekin.

Baina etorriko dira zalantzak eta estualdiak, eta orduan etxeko giro lasai hori bat-batean desagertu egingo da, eta gurasoei (amari batez ere) aurrez irakurritako liburu guztiak ahaztu egingo zaizkie, eta ezer gutxirako balioko diete medikuak nahiz senideek emandako aholkuak. Une horietan guraso berri guztiek zalantza eta duda berberak izaten dituzte:

  • zer egin behar dute?, 
  • noiz da kezkatzeko moduko kontua? 


Hurrengo lerroetan zalantzarik usuenak argitzen saiatuko naiz.

 

Zergatik dauka sukarra hain maiz?
 
Kausarik probableena birusen batek eragindako infekzio bat izaten da. Horrelako bat gertatzen denean, gorputzak bero gehiago produzitzen du, defentsek infekzioaren kontra errazago borroka egin dezaten. Tenperatura igotzen bada, alegia haurtxoak sukarra baldin badu, ez iezaiozu arropa gehiegi jarri, eman likido ugari eta erabil itzazu pediatrak gomendatutako antitermikoak. Ur epelarekin egindako bainuak ere eraginkorrak izaten dira. Ez erabili alkohol-konpresarik, ezta ur hotzik ere, eta batez ere ez obsesionatu: botika gehiegi emanez gero, gorputzak ezin izango baititu bere defentsa propioak erabili.

Ez du lorik egin nahi bakarrik uzten badugu

 
Zure haurtxoak lokartzeko denbora asko behar badu edota erraz samar esnatzen bada, agian ez du ikasi loaldia atsedenarekin batera lotzen (hori gertatzen zaie umeen % 30i ia). Gurasoen lana ezinbestekoa da, ohitura “kaltegarri” horiek aldatzeko. Beste ezeren aurretik, lotara joateko giro atsegina sortu behar da, gela goxoa eta lasaia. Eta garrantzi handikoa da umea oraindik esna dagoela bere gelatik ateratzea. Zergatik? Gau erdian esnatzen bada, berriro bera bakarrik lokartuko delako.

Etengabe egiten du negar, eta ez dakit zer duen

 
Normala da, neurri batean, haurtxoek egunean pare bat orduz negarrez aritzea, kolikorik ez badute ere (ikusi beherako, kolikoen atalean). Umearen negarrari erreparatuz, azkenerako arrazoiak deszifratzen ikasiko duzu. Adibidez, pixoihala zikina badauka, negarra monotonoa eta etengabea da, ipurdia zikina edukitzearen molestiak eragindakoa. Umea nekatua badago, intzirika hasiko da, burua mugitu eta begiak igurtziko ditu. Haserre dagoenean, berriz, gero eta ozenago egingo du negar, gurasoek jaramon egin arte. Eta gose bada, negarra luzea izango da, gogorra eta keinu bereziekin batera agertzen dena (hatzak zupatu edo bularra bilatzeko ahaleginak, esate baterako).

Beherakoa dauka, deshidratatu egingo ote da?

 
Beherakoa, gorakoak, sukarra eta tripako mina dira gastroenteritisaren sintomak. Kasu horretan, gurasoaren lehenengo eginkizuna deshidratazioa saihestea da. Emaiozu seruma ahotik, gorakoak dituen bakoitzean edo eginkariak egin ondoren. Eta ez ahaztu zenbat eta txikiagoa izan haurra, orduan eta handiagoa dela deshidratatzeko arriskua. Likidorik botatzen ez duenean, hasi berriro bere eguneroko elikadurarekin, baina poliki-poliki. Erabateko baraurik ez da komeni: eskaini janaria (egokia noski) eta gose bada, hartuko du. Eta umeak oraindik titia hartzen badu, amaren bularretik elikatzen jarraitu beharra dauka. 

Urtebeteko haurra da, eta oraindik ez du pausorik ematen

 
Haur guztiek ez dute zertan bere kasa ibili hamabi hilabete egiten dituztenerako. Batzuek lehenago lortzen dute, eta beste batzuek, berriz, beranduago. Eta hizketarekin eta hortzekin ere antzera gertatzen da. Saia zaitezke umea eskuetatik heldu eta pausotxoak eman ditzan laguntzen, baina kontuz! Ez dezala umeak zure kezka eta urduritasunik nabaritu. Taka-takak, korridore-ibiltariak eta gainerako tramankuluak ere lagungarriak gerta daitezke, neurriz eta tentuz erabiliz gero (kontuz istripuekin, eta erorketekin). Dena den, 18 hilabeterekin oraindik ez bada askatu eta bakarrik ibiltzeko gai ez bada, zoaz medikuarengana.

Ez du ezer jaten!

 
Aurren-aurrena, berrikusi zeure portaera eta jarrera. Bularra (baita biberoia ere) ematerakoan urduri bazaude, kezkatua edo arreta beste zerbaitetan jarria badaukazu, haurra konturatu egingo da. Haurtxoak jateko unea lasaitasunarekin eta segurtasunarekin lotu behar du. Zuri horrela iruditu ez arren, gutxi jaten duela uste duzulako larrituta bazaude, umeak zure estutasuna nabarituko du. Eta esne hutsetik janari solidoetara pasatzeko prozesuan ere, aldaketa pixkanaka egin behar da, zapore berrietara ohitu dadin. Umeak pisua behar bezala irabazten badu, ez dago kezkatzeko aparteko arrazoirik, jaten duena botatzen ez badu behintzat.

Eta esneari alergia badio?

Lasai, konturatuko zinateke-eta. Immunitate-sistemak kanpoko erasotzailearen aurrean (kasu honetan esnearen aurrean) erreakzionatzeko modua besterik ez da alergia. Zure umea benetan alergikoa baldin bada, esne tanta batzuk aski dira azalean erupzioa, mina, gorakoak, hantura, arnasteko zailtasuna, etab. bezalako sintomak agertzeko. Laktosarekiko intolerantzia beste kontu bat da: honen sintomak esnekiak hartu eta ordu erdira agertzen dira. Umea urduri dago eta negar egiten du, sabela puztuta dauka, gogorra eta zarataz betea, eta bi ordu geroago beherakoa eta haizeak agertuko dira. Esnekiak baztertu beharko dituzu umearen jan-neurrian, eta haurrari oraindik bularra ematen badiozu, zerorren jan-neurria aldatu beharko duzu.

Zer egin behar dut ipurdia erresuminduta badauka?
 
Erresumina nahiko usua izaten da, uda partean batez ere. Haurtxoaren azala delikatua da, fina, sentikorra eta antigorputz gutxi dauzka. Eta adin horretan azaleko infekzioak eta pixoihalaren dermatitisa maiz agertzen dira. Azaleko negela pixatik nahiz eginkarietatik ateratzen den amoniakoak eragiten du. Horrexegatik, umea beti lehorra egon dadin saiatu behar zenuke, eta tenperaturak horretarako aukera ematen duen guztietan ipurdia airean duela eduki beharko litzateke, pixoihalik gabe. Ipurdi aldeko erregosi hori dermatitis ez bihurtzeko, garbitu ezazu umea ur epelarekin eta xaboi neutro bereziarekin.

Hortzak ez zaizkio ateratzen, normala al da?

 
Ateratzen diren aurreneko piezak ebakortzak dira, beheko erdikoak 5-7 hilabete dituenean, eta goiko erdikoak 6-8 hilabeterekin. Jarraian alboko ebakortzak, lehenengo haginak eta letaginak irtengo zaizkio, eta esne-hortzeria bi urte eta erdi dituenean edo osatuko zaio, 30 hilabete ingururekin alegia, bigarren haginak irtetean. Hori da ohizko patroia, egutegi normala esango genukeena, baina haur batetik bestera marjina oso zabalak daude eta litekeena da behin-behineko hortzen agerpena atzeratzea, baita umeak urtebete egin arte ere. Dena den, haurrak bestelako arazorik ez badu, ez dago kezkatzeko arrazoirik.

Kolikoak dauzka, eta ez dakit nola baretu

 
Bularreko haurraren kolikoak ume jaioberrien erdiak izaten dituzte, eta hiruzpalau hilabeteko kontua izaten dira. Kontu latza, horratik, kolikoen sintomak edonor bere onetik ateratzeko modukoak baitira: umeak negar egiten du, gorri-gorri jartzen da, hankak bildu egiten ditu, haizeak dauzka … eta ez dago hura lasaitzeko modurik. Lasai, hala ere, normalak dira eta ez dago zertan kezkaturik, haurrak ondo jan eta osasuntsu badago. Esaten erraza eta egiten zailagoa den arren, ezinbestekoa da lasai egotea, umea oraindik gehiago ez urduritzeko. Har ezazu besotan, emazkiozu zapladatxo batzuk bizkarrean, edo masajeak sabelean. Paseotxo batek ere (bere kotxetxoan, edo baita autoan ere) mesede egingo dio.
 
 
Artikulu honetan emandako aholkuak oso orokorrak dira, eta ez dute inola ere zure pediatraren ordezko izan nahi. Edozein zalantza izanez gero, egiozu kontsulta zure ohiko medikuari, berak argituko dizkizu-eta ongien dauzkazun kezkak eta galderak.
etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button
Close