Osasuna

Dermatitis atopikoa

Gaitz gero eta usuagoa da, gurea bezalako gizarte batean biztanleen % 15-20 inguru erasateraino, baina umeei erasaten die gehienbat. Eta gaitza kronikoa izan arren, badira gaixotasuna jasaten dutenen bizi-kalitatea nabarmen hobetu dezaketen arreta-neurri batzuk.

Dermatitis atopikoa (ekzema atopikoa ere esaten zaio) azaleko gaitzik ohizkoenetakoa da. Bere izaera kronikoagatik, prebentzioa da gaixotasuna tratatzeko estrategiarik onena, gaitzari aurrea hartuz bakarrik saihestu ahal izango baitugu hain molestoak diren krisiak agertzea.

 

Zeintzuk dira ekzemaren gakoak?

 
Ekzema jatorri ezezaguneko gaitza da. Hala ere, argi dago dermatitis atopiko edo ekzemaren osagai immunologikoa: alergietan gertatzen den bezalaxe, gorputzak modu exageratuan erreakzionatzen du ingurumeneko estimulu jakin batzuen kontra (substantzia narritatzaileekin harremana izan ondoren) edo baldintza emozional kaskarren aurrean (estres-egoera bat, esaterako). Horregatik, dermatitisaz gain, atopiko askok asma, errinitisak eta bestelako alergiak jasaten dituzte (elikagaiei, akaroei, etab.)

Herentziak ere pisu handia duela ikusi da. Gurasoetako batek ekzema duenean, seme-alabek ere gaixotasun hori izateko portzentajea oso altua da.

Epidermiseko geruza korneoa osatzen duten zelulek (larruazaleko zelularik azalekoenak, alegia) koipezko estalki bat izaten dute, gainerako larruazala babestu ohi duena. Ume atopikoetan koipe-estalki horrek ez du bere zeregina betetzen, ura galtzen da, eta estalkiak zuen barrera-funtzioa alteratu egiten da. Horren ondorioz, azala lehortu egiten da, eta errazago sumindu edo narritatuko da. Beraz, gaixotasuna ez da inolaz ere kutsatzen pertsona batetik bestera.

Nola agertzen da?

 
Ekzema duten pertsonek azala oso lehorra izaten dute, ezkatatzekojoerarekin. Azala erraz gorritu eta sumintzen da, eta horrek azkura handia ematen du. Hatz egiterakoan, lesioak sor daitezke, eta baita infekzioak ere (inpetigoa, esaterako). Dermatitisak jota dauden pertsonak beste zeinu fisiko bereizgarri batzuen bidez ere diagnostika daitezke, eta zeinu horien multzoari estigma alergikoa esaten zaio: Dennie-Morgan-en lerroa (beheko betazalen azpian agertzen den zeharkako tolesa), begi-zulo alergikoak edo sudurreko zeharkako tolesa.

Nori erasaten dio?


Ekzema atopikoa bizitzako lehen urtean hasten da kasuen % 60an (2 eta 9 hilabete artean, normalean), eta kasuen % 85ean aurreneko 5 urteen barruan. Bularreko haurrak erasaten dituenean, aurpegiko masailetan eta buruko ile-larruan agertzen da (euskaraz sabeloi esaten zaio bertan sortzen den kostra modukoari). Bi urtetik zortzira bitartean (haurren fasea) eskumuturretan eta ukondo nahiz belaunen atzealdean azaltzen dira lesioak. Eta 10-12 urterekin, fase adoleszentea hasten denean, aurpegia, lepoa, gorputz-adarretako tolesak eta eskuak izaten dira zonarik erasanenak.

Zer-nolako arreta-neurriak har daitezke?


Badira pertsona atopikoen egoera okerragotu dezaketen faktoreak. Eta faktore horiek saihestuz, gaixoaren bizi-kalitatea nabarmen hobetuko dugu.

  • Nola jantzi. Azalarekin kontaktuan dauden arropak (baita oheko maindireak ere), zuntz naturalekoak izan behar dute, kotoizkoak edo lihozkoak. Erabat baztertu beharrekoak dira, aldiz, artilea eta ehun sintetikoak, azkura eragiten baitute. Arropa garbigailuan garbi daiteke, leungarririk ez eranstekotan. Ekzemak oinei erasaten badie, oinetakoek larruzkoak edo telazkoak izan beharko dute.
  • Ingurugiroko baldintzak. Beroak ekzema-broteak okerragotu ditzake. Horregatik, etxeko berogailuak neurrian mantendu beharko dira (20 ºC, gehienez ere). Ez babestu umeak arropa gehiegirekin, gauez batez ere, izerdirik bota ez dezaten. Giro oso lehorrak ere kaltegarri gertatzen zaizkienez, hezegailuak erabiltzea gomendatzen da, logeletan batez ere. Azkenik, etxeko gela guztiak ondo egurastea komeni da.
  • Janariak. Atopiko batzuk oso sentiberak izaten dira jan-edan batzuekiko. Nagusienak aipatzearren: esnea, azidoak (zitrikoak, tomatea), eszitanteak (kafea, kola-edariak, txokolatea, alkohola) edo histamina asko dutenak (mariskoak, marrubiak).
  • Baldintza emozionalak. Estresak ere gehitu dezake pruritoa edo azkura-sentsazioa, eta hatz egitea eragin, lesioaren egoera okerragotuz. Gomendagarria da, beraz, nerbioei eusten ikastea, erlaxazio-ariketen bidez, yoga edo tai-chi bezalako teknikak erabiliz, …
 

Higiene egokirako aholkuak


Higieneko neurri desegokiek pertsona atopikoen egoera okerragotzea ekar dezakete. Horrexegatik, oso garrantzitsua da arreta-neurriak hartzea eta produktu egokiak erabiltzea.

– MAIZTASUNA. Pertsona atopikoek egunero har dezakete dutxa edo bainua, gomendio hauek betez gero.
DUTXA. Dutxan, azalak denbora gutxiago ematen du urarekin kontaktuan eta, beraz, hobea da bainua baino. Urak epela egon behar du.
BAINUA. Ez luke hamar minututik gorakoa izan behar, eta ura ez da oso beroa egongo (beroak azala lehortu eta sentsibilizatu egiten duelako). Dermatologoak gomendatuta, olio bereziak erabil daitezke bainuan, urarekin batera.
XABOIAK ETA GELAK. Ohizko produktuek azala narrita dezakete. Egokiena dermatologoak gomendatutako produktuak erabiltzea da (olozko xaboia, parafina, etab.).
HIDRATAZIOA. Dutxa edo bainua hartu ondoren, lehortu ondo, gehiegi igurtzi gabe, eta azala apur bat heze dagoela eman gainean krema edo olio hidratatzaileren bat, azal atopikoentzako berezia bada are hobea oraindik.
BAINUA ITSASOAN EDO PISZINAN? Ez dago inolako arazorik, bukatu eta berehala dutxatu eta krema hidratatzaile egokia erabiliz gero.
AZKAZALAK. Motz eta garbi eduki behar dira, umeen kasuan batez ere.Horrela, hatz egiterakoan infekzioak gertatzea saihestuko dugu.
IZERDIA. Izerdiak azala beratu eta sumindu egiten du. Horregatik, izerdi asko bota ondoren (kirola egin edo jolasean ibili ondoren), azala ondo garbitu eta hidratatzea komeni da.

 

Nola jokatu behar da dermatitis atopikoa duen ume batekin?


Behin ekzemaren lesioak eta broteak azaldu direnean, hauek dira molestiak arintzen eta azalaren egoera hobetzen lagun gaitzaketen neurriak.
  1. Hezetasuna
    Bainua, ur epelarekin, eta bertan olio hidratatzaileren bat erabiliko dugu azkura lasaitzeko. Eragin bera lor dezakegu konpresa bustiekin ere.
  2. Eguzkia hartzea
    Eguzkia hartzeak, babes egokiarekin noski, azalaren egoera hobetuko du. Baina azalaren hidratazioa modu egokian mantendu behar da, eguzki-babesle egokiarekin eta gehiegizko izerditzea saihestuz.
    Neguan UVA izpiak erabil daitezke, betiere medikuak agindutako moduan eta dosian.
  3. Kortisona-pomadak
    Broteak gogorrak direnean, dermatologoak kortisona duten pomadak errezeta ditzake. Botika horiek berehala konpontzen dute arazoa, baina maiz erabiliz gero, pixkanaka eraginkortasuna galtzen dute eta luzarora, azala mehetzea (larruazaleko atrofia) ekar dezakete. Normalean ez dira aurpegian erabili behar, eta kontu handiz pixoihalaren zonan, gorputz osoan horiexek baitira larruazalaren eremurik delikatuenak.

    Gaur egun, tacrolimus-arekin egindako pomadak erabiltzen dira. Ez dute kortikoiderik, eta inflamazioa eta azaleko azkura ezin hobeto kentzen dituzte. Tacrolimusa farmako immunomodulatzailea da, hau da, azaleko desoreka immunologikoaren gain jarduten du bereziki. Maila guztietako dermatitis atopikoan dago indikatua, eta bi urtetik aurrerako pazienteetan erabil daiteke.

  4. Antihistaminikoak
    Batzuetan, eta azkura lasaitzeko edo baretzeko, medikuak antihistaminikoak errezeta ditzake.
 

2009/11/20
Autor: Jabier Agirre – sendagilea, UZEI

http://www.ikasbil.net/

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Back to top button
Close