OparipuinakTTiKLiK!

Oparipuina: Agian esan eta desira bertan!

 

Maite Frankok Azpeitiko Malen eta Aiara lamia txikientzat, eta, agian, baita hauen gurasoentzat ere idatzitako ipuina.

Ipuin bat kontatuko dizuet, agian gustatuko zaizuena. Istorio-misterio zahar bat, agian ezaguna egingo zaizuena. Agian poztuko zaituztena, agian negar malkoren bat eragingo dizuena. Agian, bakarrik; agian.

*******************************************************

Aspaldian, agian esate hutsarekin gure ametsak egia bihur zitezkeen garaian, bazen nekazari bakarti bat familiarik eta lagunik ez zuena, emazte bila zebilena. Nekazari horrek mendi garai baten magalean, erreka baten ondoan, zuen etxea, eta horiexek ziren bere bi zaletasunak: mendian ibili eta errekan bainua hartzea.

–        Agian, lamia bat izan liteke niretzat egokiena, uretan jostari eta mendian gora ahuntzen pare dabilena. – Bota zuen behin nekazariak.

Agian esan eta desira bertan! Handik egun batzuetara hortxe azaldu zitzaion, etxe ondoko errekan, lamia bat ahuntz oinak zituena.

Nekazariak eta lamiak elkar ezagutu eta berehala maitemindu ziren. Elkar ikusten zuten bakoitzean, eskutik heldu eta mendian gora abiatzen ziren, saltoka, korrika, irribarrea ezpainetan. Gero uretara dzanga, plisti-plasta jostari, ume txikien moduan elkar zipriztintzen, zoriontsu. Azkenik, muxu batez agurtu eta lamia berriz ere noiz agertuko zain gelditzen zen nekazari bakartia. Urteko egun guztiak eta eguneko ordu guztiak emango zituen nekazariak lamiarekin, horixe eskatzera ausartzen ez bazen ere.

–        Ni ere zurekin gau eta egun egongo nintzateke, – erantzun zion lamiak, haren pentsamenduak asmatuz- baina bada gauza bat aldez aurretik jakin behar duzuna. Lamiok zoriontasuna behar dugu bizitzeko. Nire begietan malko bat bera ere ikusten duzun egunean, handik zazpi egunetara harri bihurtuko nintzateke.

Nekazariari ezinezkoa iruditu zitzaion horrelakorik gertatzea, horregatik batere kezkatu ez, eta ezkontzea onartu zuen. Ospakizuna, ordea, ez zen elizan izan, lamiek ez baitute elizetan sartzerik. Basoan izan zen, ilargi beteko gau batean, gonbidatu bakarrak lamiaren lagunak izaki. Hortxe azaldu ziren beste lamiak, sorginak, iratxoak, Mari, Tartalo, Basajaun, Basandere eta Jentilak, eta denak eskuak bete opari.

Basajaun eta Basanderek basoko lorerik ederrenak ekarri zizkieten. Iratxoek astebetez baratzeko lanak egingo zizkietela agindu zieten ezkonberriei. Lamiek urrezko orrazi berria. Sorginek, gaixotasunak sendatzeko zenbait belar. Jentilek harkaitz batean idatzitako hitz magikoak, edozer lortzeko balio zutena. Eta Marik adar bat, hauetako edozeini deitu eta bertan agertarazteko boterea zuena.

Festa ikaragarri horren ondorengo urteak zoriontsuenetan zoriontsuenak izan ziren, inongo zalantzarik gabe. Denbora gutxian bi alaba izan zituzten, bikotea are zoriontsuago bihurtu zutenak. Ez ziren neskato arruntak, ez, lamia txiki xelebreak baizik. Lehenengoak, Malenek, ahate oinak zituen; bigarrenak ordea, Aiarak, ahuntzarenak. Malenek egun osoa errekan ematen zuen.

–        Begira, ama! Begira nola egiten dudan igeri!

Aiarak berriz, lekurik garaienak bilatzen zituen bertara eskalatzeko: armairuak, teilatua, zuhaitzak, harkaitzak …

–        Begira, ama! Begira noraino igo naizen!

Eguraldi txarreko egunetan berriz, etxe barruan gelditu eta etxeko trapu zaharrekin mozorrotzen jarduten zuten.

–        Begira, ama, Mari naiz! – Malenek

–        Eta ni Tartalo! – Aiarak.

Ama pozez zoratzen zegoen arren, nekazariak oso nekatua ikusten zuen, alabek etengabe eskatzen baitzioten arreta, egun zein gauez. Gauzak horrela, nekazariak egun batean, lamiaren begi-zulo handiei erreparatuta, gehiegi pentsatu gabe bota zuen:

–        Agian, zoriontsuagoa zinen alabarik ez genuen garaian.

Alajaina! Nekazari despistatuak ahaztua zuen agian hitzaren boterea. Agian esan eta desira bertan! Halako batean bikote gaztearen bi alabak puf!, desagertu egin ziren. Ama, gertatutakoa ikusita, negar batean hasi zen, negar zotinak oihuak zirelarik; aldi berean, ahuntz oinak harrizko bihurtu zitzaizkion.

–        Lasai, maitea. Gure alabak aurkituko ditut!

Nekazariak ez zekien zer egin: alabak bilatu eta lamia bakarrik utzi, ala lamiarekin gelditu eta alabak agertu arte zain egon. Gauza jakin bakarra zera zen, zazpi egun baino ez zituela emaztea harri bihur ez zedin. Hiru egunetan, sorginek ezkontza egunean emandako senda belarrekin proba egin zuen, aldi berean mendia goitik behera arakatuz, baina ezin alabak aurkitu, ezta belar bakar batekin lamiaren harritze prozesua geratu ere: ordurako bi hankak harrizkoak zituen osorik. Laugarren egunean, Mariren adarraz gogoratu zen bat-batean. Etxea goitik behera miatu, baina inon agertu ez; besoak harritu zitzaizkion orduan gure lamiari. Bosgarren egunean, jentilek oparitutako harkaitz magikoa topatu zuen. Ezin irakurri, ordea, bertan jartzen zuena, urteen poderioz ezabatu egin baitziren hitzak; lamiak ordurako enborra ere zuen harrizko. Eta seigarren egunean, emaztearen ahoa harrizko bihurtu aurreko azken musua jaso zuen, honen ondoren basora joan eta, etsiturik, oihuka hasi zelarik:

–        Mariiiiii, zergatik, zergatiiiiiiiiiiik?

Iluntzean, nekearen nekez, lurrera erori zen ziplo. Norbaiten laztan epelak esnatu zuen orduan: Mari zen.

–        Nekazari, zer duzu?

Gertatutako guztia kontatu zion zeruetako jainkosa boteretsuari.

–        Nekazari, -lasaitu zuen Marik- oraindik garaiz zabiltza. Zure alabak berriro agertu eta emaztea hezur-haragizko bihurtzeko modua erraza da oso.

–        Bai? Zer egin behar dut?

Eta zuek, ipuina irakurtzen ari zareten lamia txikiok, aspaldian dakizue nekazariak zer egin behar zuen. Ez dakizuela? Ba, oso denbora gutxi duzue lamia salbatzeko. Buruari eman eta asmatu! Arrastorik nahi? Agian hitz bakar baten laguntza baino ez duzue behar. Agian diot … Bai! Hortxe zegoen koska: agian hitza berriro erabili behar!:

–        Agian nire alabatxoak oraintxe bertan ager litezke, horrela nire emaztea sendatuz! – bota zuen nekazariak.

Eta, … agian esan eta desira bertan! Nekazariaren aurrean bi lamia txikiak agertu ziren berriro. Aitak eskutik heldu eta korrika itzuli ziren etxera. Amari harrizko bihurtzeko begiak baino ez zitzaizkion falta. Alabak ikustean amaren gorputz guztia hezur-haragizko bilakatu zen berriro, orduantxe berriz ere negarrez hasiz! Zer bitxia!

–        Negar malkoak? Ai, ene, aita! Tristura datorkio berriro! – bota zuen Malenek.

–        Ez, Malentxo.- erantzun amak.- Malko hauek ez dira tristurarenak, pozarenak baizik!

Harrez geroztik, lamiaren begietan sarri agertzen ziren poz-malkoak, oso zoriontsu bizi izan baitzen beti. Alabaina, negar-malkoren batek edo bestek ere ihes egin zion tarteka, eta zuen ustez, berriz ere harrizko bihurtzekotan egon al zen horregatik? Ez, ba! Pozaren pozez negar egiteko gaitasuna lortzean, tristura-malkoek zuten eragina zeharo deuseztatu zen eta.

Eta haiek ongi bizi izan baziren, gu ere, agian, halaxe bizi gaitezen!

***Hondarribian, 2012ko azaroaren 10eko arratsalde euritsuan, zeruari eroritako negar-malko batean aurkitutako ipuina. 

etiketak

Related Articles

2 Comments

  1. Asko gustatu zaigu oparipuina!

    Malen super harrituta geatu zan, identifikauta sentitu zan edo, eta erabat harrituta zeon!!! Aiara oraindik ezta gehiegi enteatzen.

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Close