Osasuna

Lehen haurtzaroan sufritutakoaren ondorio dira egungo gaixotasun asko

 

2012-11-08

Jorge Tizon. Medikuntzan doktorea eta haur hezkuntzako psikiatra

Gurasoek seme-alaben hazkuntzan pisu handiagoa izatea galdegin du Tizonek, baita horretarako politika publikoak onartzea ere: bi urteko amatasun eta aitatasun baimen ordaindua, kasurako.

Jon Rejado Gasteiz

/ RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

«Gaur egun, oso zaila da seme-alaben hazkuntza eta lana bateratzea, eta hori oso eragin txarra izaten ari da gure haurrengan». Jorge Tizon Medikuntzako doktore eta haur hezkuntzako psikiatrak nabarmendu du horretarako politikak aldatu behar direla, Eusko Jaurlaritzak eta GizaLabek Gasteizen egindako Familia politikak: gizarte kohesioa lortzeko inbertsioa kongresuan.

Seme-alaben hazkuntza eta lana bateratzeko egungo politikek nola eragiten dute?

Politika horien eskutik ideia bat desitxuratu da. Umeak zenbat eta lehenago eskolatu orduan eta hobeto izango zela pentsatu da. Are gehiago, hori zientifikotzat jo da.

Baina hori horrela ez dela nabarmendu duzu.

Nork bere burua zuritzeko balio izan duen ideologia bat da hori. Gaur egun, badakigu gezurra dela. Baina ideia hori badago oraindik. Bestela, nola arrazoitu gure seme-alabak guk baino okerrago heziko dituzten leku batean utziko ditugula?

Okerrago?

Soilik irizpide kuantitatiboak erabilita ikus daiteke hori. Zenbait ikertzaileren lanen arabera, haur eskoletan 3 urtetik beherako bi edo hiru ume zaintzeko pertsona bat beharko litzateke. 3 urtetik 8 urtera arte, irakasle batek edo bik egon beharko lukete sei-zortzi umeko talde batekin. Ez dago hori egiteko moduan dagoen haur eskolarik.

Ideologia hori zer beste eragin izaten ari da?

Ama eta aita izateko gaitasunak galtzen ari dira, familien gaitasunak. Barne produktu gordinaren jaitsiera baino kezkagarriagoa da hori. Gaur egun ez da beharrezkoa haurrak izatea. Izan ditzakezu edo ez, baina izanez gero, seme-alabak zaindu egin behar dituzu.

Hortaz, haur eskolak…

Babesgabe edo arriskuan dauden familientzat, haur eskolak ezinbestekoak dira, betiere langile kopuru egokiarekin. Horretan bai direla ezinbestekoak. Gainerakoentzat, merkeena eta egokiena gurasoen zaintza da.

Zer eragin du umearengan familian eta instituzioan gertatzen den hazkuntzak?

Segurtasun gutxiagoko atxikimendua sortzen du. Zenbat eta pertsona gehiagok parte hartu hazkuntza prozesuan, orduan eta segurtasun gutxiago izango du umeak. Arriskuan dauden umeentzako egoitzetan ere, langile taldeak ahalik eta egonkorrena izan beharko luke, ahalik eta gutxien aldatzeko. Atxikimendua funtsezkoa da alor kognitiboan, harremanak izaterakoan, alor psikologikoan, emozioetan… baita ezaugarri biologikoetan ere.

Biologikoetan?

Lehen haurtzaroan sufritutakoaren ondorio dira gaur egungo gaixotasun asko: autoimmuneak, asma… Lehen urte horietako sufrimenduak zuzenean eragiten du nerbio sistema zentralean, baita garatzen ari den genetikan ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan horrenbeste eragiten ari den arreta faltaren nahasmendua delakoak gora egin du. Baina umeen arreta falta da, edo umeenganako arreta faltaren sindromea?

Orduan, nola planteatu beharko litzateke hazkuntza?

Mas tiempo con los hijos [denbora gehiago seme-alabekin] izeneko manifestuan bildu genituen gure proposamenak. Lehen haurtzaroan ez dago gurasoak ordezka ditzakeen ezer. Haur eskoletara bidali nahi dituztenak libre dira, baina besteentzat amatasun eta aitatasun baimen luzeak egon beharko lirateke. Hasteko, instituzio publikoek ordaindutako bi urteko aitatasun edo amatasun baimena onartu beharko lirateke.

Horrelako politikak abiarazi al dituzte nonbaiten?

Norvegian baimen horiek eta bost urtera arte luzatzeko legea onartu dute. Eta aitak hamalau asteko baimena hartzera behartuta daude… behartuta! Hemen hamalau eguneko baimena dute, eta hartzea borondatezkoa da. Gizon gazteek, orokorrean, seme-alaben hazkuntzan parte hartu nahi dute. Zergatik ez? Plazer bat da alde guztientzat, eta hori da gure ideia. Zientifikoki onena da, eta plazer bat da.

Iturria: berria.info

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button
Close