OparipuinakTTiKLiK!

Oparipuina: Baloi Gorria

 

Igeldoko iratxoen kobazuloan hasi zen dena. Iratxo guztiak lo zeudela, txantxangorria txio-txio etorri eta gutun bat utzi zien. Koxkorrek irakurri zuen:

Kaixo, iratxo lagunak, baloi bat egin behar duzue, baloi berezi bat!

Iratxoak bixi-bixi jaiki, eta nolako baloia egin pentsatzen hasi ziren:

-Laukia! Esan zuen Koxkorrek.

-Ez, hirukia! Kixkurrek. 

Eta gero Iratxo bihurrienak,  Pixkorrek bota:

-Ez, ez, baloi biribila egin behar dugu!

-Biribila?!! Galdetu zioten harrituta.

-Bai, bestela nola joango da korrika alde batetik bestera!

-Egia, egia! Esan zuten lagunek.

Horrela ba, lehenengo, joan ziren erreka bazterrera eta hartu zuten goroldioa. Zanpa-zanpa biribildu, eta basurdeen putzura jo zuten. Han, sartu goroldiozko pilota lokatzetan eta tatxan! Hortxe baloi biribila! Baina zalantza etorri zitzaien gero; nola margotu?

-Urdina?

-Ez, gora botatzean zeruarekin nahastu eta ez dugu ikusiko.

-Berdea?

-Ez, erortzen denean belarretan galduko zaigu.

-Orduan gorria! Esan zuen Kixkurrek.

-Bai, gorria, gorria!! Erantzun zioten lagunek.

Baina kontxo! Nondik atera kolore gorria? Iratxoek beren kobazuloan ez daukate gorririk. Orduan joan ziren Uliako Maritxu sorgiñarengana. Beldur pixka batez joan ere, ze Maritxuk jenio bizia dauka. Jo zuten bere zuhaitzaren atean; kax, kax!

Eta ireki zien zakar Maritxuk:

-Nor dator ni molestatzera?!!

-Barkatu, zure laguntza behar dugu.

-Laguntza? Zertarako??

-Ba, kolore gorria lortzeko! Basoan zuk bakarrik dakizu nola egin!

-Ez eta ez!! Ez dizuet esango nire sekretua!!

Eta danba! Itxi zien atea muturren aurrean.

-Joo, ia sudurra harrapatu nau. Esan zuen Pixkorrek sudurra igurtziz.

Goibel geratu ziren gure lagunak.

-Alferrik gabiltza, ez dugu sekula lortuko kolore gorria.

-Nola ezetz? Esan zien Pixkorrek… Nik badaukat sorgiña leuntzeko trikimailu bat !

-A bai??? Galdetu zioten harrituta.

-Bai! Zuek itxaron hemen!

Eta Pixkor joan zen korrika-korrika! Eta handik pixka batera itzuli arnas estuka:

-Lixto, jo atea berriro!

-Ez, nik ez! Bota zuen dardarti Kixkurrek.

-Ni ere ez naiz ausartzen. Gero, Koxkorrek

-Lasai, utzi niri!

Eta Pixkorrek, kax kax jo zuen atea. Han etorri zen berriro Maritxu sorgin zakarra:

-Zuek zer? Ez duzue entzun ala? Aide!!

-Mesedez, Maritxu, esan sekretua, kolore gorria behar dugu!

-Ez eta ez! Ospa hemendik!!!

Orduan Pixkorrek atera zuen zerbait poltsikotik eta esan zion:

-Ba bagoaz. Adio, Pelaio!

Baina sorgiñak ikusi zuen Pixkorrek zeukana eta;

-Et-et, itxoin! Zer daukazu hor?

-Txokolatea.

-Mm, bai goxoa! Emango zati bat ? Galdetu zion sorgiñak ahotik lerdea zeriola.

-Eta zuk esango nola lortu kolore gorria ?

Maritxu sorgiña zalantzan zegoen, baina hainbeste gustatzen zitzaion txokolatea:

-Konforme. Zoazte basora, hartu gorostien pinporta gorriak eta nahastu lapikoan errekako urarekin. Hortxe izango duzue kolore gorri bizi-bizia.

-Bale. Tori!

Pixkorrek eman zion txokolate puska bat eta ziztu batean joan ziren gorosti pinportak biltzera. Lapikoa bete zuten eta errekako urarekin nahastu… Hura bai gorri polita! Ondoren, hasi ziren baloia margotzen eta kantatzen:

Baloi gorri gorria salto ta salto, salto ta salto,…

baloi gorri gorria salto ta salto txapeldun!

Bukatu zutenean baloia hasi zen saltoka. Eta iratxoak barrez, baina… norentzat izango zen baloia? Iratxoek heldu zuten baloia eta han abiatu ziren teilatu batetik bestera, leiho guztietatik begira. Orduan esan zuen Kixkurrek:

-Begira, begira leiho horretatik!

Begiratu eta mutiko bat ikusi zuten. Amatxo eta aitatxo zituen ondoan eta aiton amonak eta lagunak ere bai. Kantatzen ari ziren;

Zorionak zuri, zorionak zuri, zorionak Xoan, zorionak beti!!

-Erabakita. Baloia Xoanentzat izango da! Adostu zuten hiru iratxoek.

Hala, utzi zuten baloia Xoanen gelan eta kobazulora itzuli ziren. Xoanek ikusi zuenean poz-pozik jarri zen:

-Bai baloi polita! Goazen parkera!

Esan zien amatxo eta aitatxori… Iritsi ziren parkera eta hasi zen bere baloiarekin jolasten. Orduan bat-batean haizea altxatu zen:

-Fiuuuuu! Fiuuuu!

Hostoak dantzan hasi ziren eta parkeko guztien ileak airean. Baloi gorria ere mugitu egin zen, Xoan joan zen korrika baloia harrapatzera, baina…haizeak berriro putz eta putz baloia altxatu zuen,… Fiuuuu, fiuuu…! Xoanek ezin zuen harrapatu:

– Aita, ama, lagunduuu!

Saiatu ziren, baina aitak eta amak ere ezin harrapatu. Baloia han zihoan gero eta gorago! Eta haizea barrez hasi zen,

-Fiuuu, fiuuuu!  Nik ere jolastu nahi dut !

Baina haizeak indar handia du eta ostikoa jo eta pum ! Zeruraino bidali zuen. Ai ama! Han hasi zen baloia hodeietan barrena salto-saltoka.

-Xoan, hemen nagoo !

Esaten zion haizeak, baina Xoanek ezin zuen ikusi, oso urruti zegoen.

Orduan Xoan bakarrik geratu zen, baloirik gabe. Baina halako batean, bere laguna etorri zen parkera:

-Martxel !!

Eta poz-pozik, biak jolasten hasi ziren harrapaketara. Haizea begira zuten eta esan zien:

-Aizue, nik ere jolastu nahi dut zuekin!

-Etorri ba eta ekarri baloia

Haizeak askatu zuen baloia eta o ez, trabatuta geratu zen zuhaitz batean !

A zer zorte txarra! Baina hantxe inguruan zebilen txantxangorriak ikusi zuen dena. Joan adar batera eta hasi zen saltoka eta baloia parkean zegoen berriro. Aupa! Xoanek hartu zuen eta han ibili ziren jolasten eta kantatzen denak elkarrekin;

 

Baloi gorri gorria salto ta salto, salto ta salto…

baloi gorri gorria salto ta salto, txapeldun!

Itziar Gomez Sarasola

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button
Close