OparipuinakTTiKLiK!

Oparipuina: Praka Urratuen Kutxan

 

Aramako Ekhik amona eta amaren ahotsetan gozatzeko ipuina. Hemendik aurrera ere prakak abenturaz eta irribarrez urratu ditzan.

Inoiz ez baitugu ahaztu behar, irribarreak eta abenturak pilatzeak egiten gaituela benetan aberats.


–        Istriborrera! Lurra ikusten dut!

–        Goazen azkar!

–        Irla bat dirudi!

pirata barkua
Halaxe topatu zuen Ekhi kapitainak Arama izeneko irla misteriotsua. Ez zuen beste irlen antzarik, ez palmondo erraldoi eta hondartza zoragarririk. Ez zen lororik entzuten, ez beste soinurik ere.. isiltasun osoa besterik ez zegoen irlaren ertzeko harroka handietara iritsi zirenean.

Isiltasun hartaz ohartu zirenean, itsasontziko guztiak isil-isilik eta elkarri begira geratu ziren. Tira, guztiak ez. Ekhi kapitainak irlari begiratzen zion. Harriturik. Txunditurik. 7 urte horietan bila ibili zena topatu izango balu bezala.

Ekhi ez zen beste kapitainak bezalakoa. Kirolari trebea zen, alaia eta bere abenturetako kideen kapitain izan arren, ez zuen agindu edo hitz txarrik izaten lagunekin. Oso goxo mintzatzen zitzaien beti, eta kapitain, horrexegatik aukeratu zuten. Denen ahoetan irribarrea jartzeko gaitasun berezia zuelako.

Abenturak maite zituen. Eta abenturak bizitzen zituen. Bere prakek erakusten zuten hori. Abentura bakoitzean praketan zulotxoren bat edo urraturen bat pilatzen zitzaion.

–        Zoriontasun zulo bat gehiago? – Galdetzen zion amonak hori ikustean.

–        Bai. amona! Gaur ere abentura bat gehitu diot nire altxorren kutxari! Ekhik poz-pozik.

altxor kutxaHalaxe zen, Ekhik ez zituen urrezko txanponak bilatzen itsaso zabaletan. Ekhik abenturak gordetzen zituen altxorren kutxan. Besteek  Ekhiren altxorren kutxa ikustean praka zulodunak soilik zeudela pentsatzen zuten, baina Ekhik, praka horiekin bizitako abenturak pilatzen zituen kutxan. Eta hortantxe ari zen une hartan ere. Irlari so, zein abentura biziko zuen pentsatzen.

Irrikaz jaitsi zen itsasontzitik, eta besteek mesfidati jarraitu zioten.

–        Goazen azkar mundu berri hau ezagutzera!

–        Bai, goazen, baina gu zure atzetik joango gara.

 Korrika, jauzika edo txilipurdika zebilen irlan pozaren pozez, eta bat-batean, aintzira handi bat topatu zuen.

–        Azkar! Zatozte! Ikusi zeinen aintzira polita!

Bizkor-bizkor elkartu zitzaizkion lagunak eta denak aintzira handiari begira geratu ziren. Zoragarria zen. Baina bazen oso arraroa zen zerbait han ere. Isiltasun osoa.

–        Zer gertatzen da hemen? Non daude txoriak? Zergatik ez dago uraren soinurik? Ekhi kapitainak kezkaturik.

–        Kapitaina! Zer dago han? Zerbait ikusi dut!

Kolore biziko zerbait zetorren ziztu bizian igerian aintziran beraiengana zuzen-zuzen.

Isilik, geldirik, izozturik geratu ziren denak.

arrainaBat-batean, uraren ertzean geratu zen. Arrain polit-polit bat zen. Beraiei begira geratu zen.

Tarte luze baten ondoren, Ekhi kapitainak arrain berezi horrengana pausu bat eman eta zera esan zuen:

–        Kaixo. Ekhi kapitaina naiz. Zer gertatzen da hemen? Zergatik ari zara guri begira?

 Une batez pentsakor geratu zen arraina. Irribarre handi bat egin eta igerian alde egin zuen.

Inork ez zuen ezer ulertzen. Izozturik jarraitzen zuten. Ekhik izan ezik. Zapatak, galtzerdiak eta kamiseta ziztu bizian kendu eta lurrera bota zituen, kapela alboan zuen lagunari eman eta praka hutsean jauzi egin zuen uretara. Igerian hasi zen koloretako arrainak hartu zuen bidetik eta metro batzuk aurrerago koloretako arraina hurbildu zitzaion.

–        Zure zain geunden.

–        Nire zain?Ekhik harriturik.

–        Bai. Irla honetako animaliak sendatuko zituen kapitain bat etorriko zela esan zigun Nagore lamiak.

–        Lamia? Etorriko nintzela? Baina zer gertatzen zaie animaliei?Ekhik ez zuen deus ere ulertzen.

–        Zatoz nirekin. – Eta koloretako arrainak aintziraren ertz batean zegoen leize batera eraman zuen Ekhi.

Hantxe zegoen lamia eder bat. Pozaren pozez begiratzen zion Ekhiri.

–        Kaixo, Ekhi kapitaina nauzu. Zer gertatzen da irla honetan?

–        Zure zain geunden.

–        Nire zain? Horixe bera esan dit arrain honek, baina ez dut ezer ulertzen! Zer egin behar dut? Zergatik ez da hotsik entzuten?

–        Hori da arazoa Ekhi kapitaina. Irla honetako animalia guztiak ahotsik gabe utzi zituen ekaitza bortitz batek… eta zure laguntza behar dugu sendatzeko.  – Azaldu zion Nagore lamiak.

–        Animaliak ahotsik gabe? Zer egin behar dut senda daitezen?Ekhik kezkaturik.

–        Zure altxorra eman behar diguzu. – Koloretako arrainak.

–        Nire altxorra? Baina… nire altxorrak ez die lagunduko…

–        Bai! Zure altxorra behar dugu. – Koloretako arrainak.

–        Galtza urratuz beterik dago nire altxorren kutxa… ez die lagunduko. Ekhik kezkaturik.

–        Galtza urratuak ez! Abenturaz beteriko galtzak dira. Eta abentura horietako irribarrek sendatuko ditu.Nagore lamiak goxo.

–        Bai? Hala bada goazen azkar! Itsasontzian ditut.

–        Zoazte, eta zabaldu kutxa. Nik hemen itxarongo dut. Nagorek koloretako arraina eta Ekhi kapitaina igerian zihoazen bitartean.

laguntxoakLasterka atera zen Ekhi kapitaina uretatik eta bere lagunei dena presaka kontatu ostean korrika abiatu ziren itsasontzira. Denak altxorren kutxaren inguruan isilik kokatu ziren eta Ekhi kapitainak kutxa zabaltzean, zuloz eta urratuz beteriko galtza guztiak hegan irten ziren eta irlan zehar zeuden animaliak ukitzen hasi ziren. Ukitzen zuten animalia bakoitzari ahotsa itzultzen zitzaion. Eta animalia guztiak sendatu ostean praka guztiak altxorren kutxara itzuli ziren.

            

 Inoiz ez baitugu ahaztu behar, irribarreak eta abenturak pilatzeak egiten gaituela benetan aberats.

etiketak

Related Articles

One Comment

Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Back to top button
Close