OparipuinakTTiKLiK!

Oparipuina: Senda, senda, pintzela

 

Maite Frankok Altzagako Aiorari idatzitako ipuina

Ohean kontatzeko moduko ipuina idatziko dugu gaur, behatzak bizkarrean dantzan kontatzeko modukoa, Aiorak aitari, edo alderantziz, azaltzeko egina. Aiorarentzat izango da, beraz, gure istoriotxo hau, behatzen lekuan pintzelak dituen neskato bizkorrarentzat sortua.  


 

 
pintzela neskaBazen behin masajista lanetan zebilen neskato bat Aiora izena zuena, bizkarrean marrazkiak eginez gaixoak sendatzen zituena. Aiorak ez zuen horretarako arkatzik edo pintzelik erabiltzen, ez horixe! Behatz hutsez egiten zituen sendagarriak suertatzen ziren marrazki haiek, lan egiten zuen bitartean honako hitz magiko hauek esanez:

 

 


Senda, senda, pintzela,

bizkarra dut arbela.

Nik marraztu, zuk asmatu;

kanpora min tentela!

 

Eta bai, ondo zoazte. Marraztutakoa zer ote zen asmatu ezean, sendabiderik ez! Gaixoaren irudimenaren baitan gelditzen zen, beraz, sendatzea.

Eta nolako marrazkiak egiten ote zituen? Ikus dezagun bateon bat. Behinola, bizkarreko mina zuen ama gazte bat etorri zitzaion. Aiorak orduan:

 

Senda, senda, pintzela,

bizkarra dut arbela.

Nik marraztu, zuk asmatu;

kanpora min tentela!

 

… abestuz,  barraskilo bat egin zion. Ama horrek barraskiloa zela asmatzean, Aiorak: “Nerbioetatik jota bizi zarela ikusten dut. Azkarregi egin nahi duzu guztia. Polikiago bizi eta zure bizkarreko mina sendatu egingo zaizu.

Beste behin, lepoko mina zuen ile griseko gizon gris bat etorri zitzaion. Aiorak orduan ere 

 

Senda, senda, pintzela,

bizkarra dut arbela.

Nik marraztu, zuk asmatu;

kanpora min tentela!

 

esan zuen, bitartean bihotz bat marraztuz. Gizonak asmatzean, Aiorak: “Lepoko mina badakizu nondik datorkizun? Lurrera begira zabiltza, gizona, kopetilun eta triste.  Dena gaizki egiten duzula uste duzu, eta kaka-mokordo bat bazina bezala sentitzen zara. Maitatu zure burua eta lepoko mina sendatu egingo zaizu.

Edota beste hau. Eztarriko mina zuen mutiko bat azaldu zenekoa. Beti bezala, 

 

Senda, senda, pintzela,

bizkarra dut arbela.

Nik marraztu, zuk asmatu;

kanpora min tentela!

 

kantatu zuen, mingain bat marrazten zion bitartean. Mutikoak asmatzean, Aiorak: “Sekretu gehiegi gordetzen dituzu hor barruan. Mingaina astindu, kontatu gertatzen ari zaizuna eta eztarriko mina sendatu egingo zaizu.

Arrakasta izugarria zuen Aiora txikiak. Kontsulta jendez gainezka, eta jendea pozez gainezka. Oso urrutitik etortzen zitzaizkion sendabide bila, baita guztientzako aurkitu ere sendagile abilak.

Guztientzat? Ez. Aspalditxo zebilen Aioraren aita bizkarreko minez. Aiorak gauero 

 

Senda, senda, pintzela,

bizkarra dut arbela.

Nik marraztu, zuk asmatu;

kanpora min tentela!

 

esan eta haren bizkarrean marrazkia egiten zion arren, aitak inoiz ere asmatu ez! “Elefantea?” “Ez, aita.” “Krokodiloa?” “Eeeeez.” “Elefante bat jaten ari den krokodiloa?” “Ezetz, aita.” “Porrua?” “Ez ba, aita.” “Kalabaza?” “Aitaaaaa!” “Kalabaza batetik ateratzen den porrua?

Aita, kontzentratu zaitez. Erreza da oso!”, erantzuten zion. Eta ba al dakizue zein zen gauero egiten zion marrazki hura, asmatzeko hain erreza zena? Pinotxo, sudur luzeko panpina. Izan ere, Aiorak aspalditxo zekien aita gezurretan zebilkiola, ez zuela inolako minik, eta marrazkiak egiteko eskatzen ziola ba … kili-kili, maite-maite, goxotasuna, atsegina eta gustua ematen zizkiolako besterik ez! Pinotxo hutsa eginda zegoen aita! Eta Aiorak, jakin arren, aitaren bizkarrean margolari jarraitzen zuen, bere umearekin jolastea benetan maite duen aita edo ama batekin jolas egitea baino gauza dibertigarriagorik ez baitago munduan.

aita alaba

 

Hondarribian, 2012ko abenduaren 15an, gure Martxel txikia aitarekin jolasten zebilen bitartean sortutako ipuina.

 

 

etiketak

Related Articles

3 Comments

  1. Kaixo, Aioraren aita naiz, eta eskertu nahi nizuke ipuinana. Oso oso polita dala esaten du Aiorak eta niri asko guztatu zait.
    Muxu aundi bat eta eskerrik asko biotzez

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Close