EdoskitzeaElikaduraOsasuna

Nutrizioa eta haurren osasuna. Zero urtetik hamaikara bitartean II

 

Nutrizioa eta haurren osasuna. Zero urtetik hamaikara bitartean I

EDOSKITZE ARTIFIZIALA

haurra biberoiaAmagandiko edoskitzea posible ez denean, edota, gaixotasunen bat tarteko, gomendagarria ez denean –nahiko kasu arraroak biak ala biak-, edoskitze artifizialera jo beharko dugu. Behiaren esne eraldatuarekin egiten da, nutrizioaren aldetik amaren esnearen ahalik eta antzik handiena izan dezan. Dena den, ez dauzka lehen aipatu ditugun edoskitze naturalaren abantailak.

Biberoia prestatzeari dagokionez, edoskitzaile txikiek ez dituztenez gatz mineralen gehiegizko kopuruak ondo hartzen, kontsumo publikoko ura erabiltzen bada, gehienez minutu batez irakin beharra dago, gatzak ez kontzentratzeko. Lehen, hamar minutuz irakitea aholkatzen zuten, baina, gerora, frogatu ahal izan da horrela 2,5 aldiz handitzen dela sodioaren kontzentrazioa, eta, beraz, erruz gainditzen direla gatzaren neurri gomendatuak.

Gainera, minutu batez irakinez gero, protozoo, bakteria eta birusak inaktibatuta gelditzen dira. Ur ontziratua erabiliz gero, berriz, kontuan hartu behar da zenbat sodio eta nitrato dauzkan. Euskal Herrian edaten ditugun ur ontziratuen artean aipaturiko baldintzak betetzen dituzten markak, besteak beste, Insalus, Fontvella eta Fuente livianaditugu, eta, aldiz, ez dira biberoiak presatzeko gomendagarriak, gatz gehiegi daukatelako, Alzola eta Betelu urak. Bibliografian azaltzen den artikulu batean, Estatuan ontziratzen diren ehun markatik gora aztertu dira. Ur ontziratua ez dago irakin beharrik.

ELIKAGAI FUNTZIONALAK. ONDORIOAK ETA MUGAK

iugurreAzkenaldian, hedabideak garrantzi handia ematen ari dira elikagai funtzionalei, hau da, esnekiei eransten zaizkien prebiotiko eta probiotikoei. Horiei buruz ematen diguten informazioa kontuan hartuz, oso funtzio garrantzitsuak betetzen dituztela ematen du; hots, erantzun inflamatorioa modulatu egiten dutela, eta osasunari hainbat modutara laguntzen diotela. Gaur egun, prebiotikoak eransten dizkiete edoskitzaileentzat egokitutako esneei, eta ekoizleek gisa honetako informazioa ematen digute: “Defentsak handitzen ditu”, “Hesteetako flora orekatzen laguntzen du”, etab. Jarraian, horien guztien ezaugarriak eta ondorio onuragarriak laburbiltzen saiatuko naiz.

Prebiotikoak, hesteetako florako bakteria jakin bati edo batzuei hazten laguntzen dieten azukre berezi batzuk dira. Bakteria hauek amaren esnean egoten dira, eta, gaur egun, ia esne egokitu guztiek dauzkate horrelakoak beren konposaketan. Probiotikoak (hesteetan egoten diren germenak), ordea, ezin dira esne egokituetan sartu, baina bai haur handiagoek kontsumitzeko prestatzen diren esnekietan: “bio” jogurtetan, “actimel”-etan, etab.

Ikerketen arabera, probiotikoak (mikroorganismoak) egokiak dira beherako infekzioso larria sendatzeko -laburtu egiten duelako beherakoaren iraupena-, eta antibiotikoak hartzearen ondorioz sortutako beherakoak ekiditeko, nahiz eta ikerketa gehiago egin behar diren bigarren alderdi hau erabat baieztatzeko. Nolanahi ere, sendagileek ohartarazten dute ez dela komenigarria haurrek probiotikoak ohikotasunez hartzea.

Prebiotikoei (azukreei) dagokienez, berriz, oraingoz frogatu ahal izan zaien onura bakarra, idorreria kasuetan daukaten eraginkortasuna da. Kontsumitzaileoi transmititzen dizkiguten gainerako efektu guztiak (gorputz osasuntsuagoa izatea, bizitasun handiagoa, etab.), ez dira azterlan serio bakar batean ere zientifikoki demostratu.

ELIKADURA OSAGARRIA

haurra ahiaHaurrak sei hilabete betetzen dituenetik aurrera, amaren esnea ez da bere nutrizio eskakizunak betetzeko nahikoa. Baina bere elikadurako osagai nagusiak esneak izaten jarraitzen duenez, gainerako elikagaiak osagarriak direla esaten da. Beti kopuru txikitan hasi behar da hauekin, eta elikagai baten eta hurrengoaren artean gutxienez astebeteko tartea utzi beharko dugu.

Ez dago elikagai mota jakin batekin hasteko preferentziarik (zerealak, frutak edo barazkiak). Gehienetan, haurrei ematen zaizkien lehen elikagai osagarriak glutenik gabeko zerealak izaten dira. Batzuek ez dutenez glutena ondo hartzen (gari, zekale, garagar eta oloan egoten den proteina), garaiz kontsumitzen hastea kaltegarria gerta dakieke. Horregatik, glutena 6 edo 8 hilabete bete arte ez ematea erabaki dute sendagileek. Lauzpabost hilabetetik aurrera, bestetik, fruten ahiak ematen hasten dira. Ahiak egiteko garaiko edozein fruta erabil daiteke, baina, haurrak urtebete bete arte, alergenikoenak ez erabiltzen saiatuko gara (marrubiak eta muxikak, adibidez).

Haragia 6 hilabete betetakoan sartzen zaie, arraina 11 hilabetetik aurrera, eta arrautza urtebetetik aurrera.

ESKOLAURREKOEN ETA ESKOLAKO HAURREN ELIKADURA

Haurra, urtebete betetzen duenetik, familiaren elikatzeko ohiturak hartzen hasten da pixkanaka. Orduantxe hasten da elikagai batzuekiko zaletasuna eta higuina sentitzen, gutiziak izaten. Eta, horrela, elikagai mota bakar bateko dietak egiteko eta behar dituen gainerako nutrienteen aldetik gabeziak izateko arriskua sortzen da. Horregatik, dieta osatzen duten elikagaiei dagokienez aniztasuna izateko ahaleginak egin behar ditugu. Haurrak gutxienez 500 ml esne edo esneki, irinak, frutak, barazkiak, eltzekariak, haragia eta arraina hartu behar ditu.

haurra sagarra2Haurraren hazkuntza, urtebete betetzen duenetik aurrera, moteltzen hasten da. Lehendabiziko urtean 24 cm inguru hazten da, bigarrenean 12, hirugarrenean 10, eta laugarrenetik aurrera 5-6, eta horrela haziko da eskola adinean dagoen bitartean. Horregatik izaten dute garai honetan hain apetitu gutxi, eta elikagaiekiko interes txikia. Gerora, pubertaroan sartu baino pixka bat lehenago, gehiago moteltzen da hazkuntzaren abiadura. 7 eta 11 urte bitartean, jarduera intelektual eta fisikoa handitu egiten denez, kaloria gehiago behar ditu gazteak, eta, ondorioz, elikagai gehiago kontsumitzeko beharra sentitzen du.

Eskolaurreko eta eskolako adinean dauden haurrentzat, familiaren elikadura da erreferentzia nagusia, imitazioaren bidez ikasten dutelako. Ahal dela, baztertu egin behar dugu “zabor” janaria, produktu hauek gantz saturatu, azukre eta kolesterol gehiegi izaten dituztelako, eta mikronutriente gutxi. Gomendagarriena, haurrari zerealak, frutak, barazkiak, esnekiak, arraina eta haragia ematea da.

ELIKADURA BEGETARIANOA

haurra barazkiakBukatzeko, aipamen labur bat egin nahiko nieke elikatzeko dauden beste mota batzuei, gaur egun gero eta gehiago baitira elikadura tradizionaletik kanpoko motaren bat aukeratzen dutenak (begetarianoa, makrobiotikoa, etab.), hainbat arrazoi direla medio (erlijiosoak, ekologikoak, filosofikoak, etab.).

Elikadura tradizionaletik kanpokoen artean ohikoena, begetarianoa dugu, dietatik haragi eta arraina baztertzen dituena. Bada honen barruan mota bat, obolaktobegetarianoa, dietaren barruan arrautzak eta esnekiak onartzen dituena, baina badira begetariano zorrotzak ere, abere jatorria duen produktu bat bera ere kontsumitzen ez dutenak.

Elikadura begetariano zorrotza ez da haurrentzat egokia; izan ere, proteina gutxi ematen ditu, eta hazkunde azkarreko fasean dauden haurrek proteinen behar handia daukate. Gainera, litekeena denez dieta honekin haurrek B12 bitamina, burdina, kaltzioa -esnerik zein esnekirik hartzen ez badute bakarrik- eta zinka behar baino gutxiago jasotzea, kontrolak egitea gomendatzen da, neurri egokian izan ditzaten dagozkien osagarriak emateko.

BIBLIOGRAFIA

1- GÓMEZ DE TERREROS I. Alimentación del niño sano. In: ARGÜELLES F, POLANCO I. Manual de gastroenterología pediátrica. Granada, Editorial Comares, 1996; 35-55 orr.

2- GRUPO DE TRABAJO SOBRE LACTANCIA MATERNA DE LA ACADEMIA AMERICANA DE PEDIATRÍA. Lactancia materna y utilización de la leche humana. Pediatrics (ed. berezia)1997; 44: 442-446 orr.

3- SOCIEDAD ESPAÑOLA DE GASTROENTEROLOGÍA, HEPATOLOGÍA Y NUTRICIÓN PEDIÁTRICA. Guías prácticas sobre la nutrición. Alimentación en el lactante. An Esp Pediatr 2001; 54: 145-159 orr. http://www.aeped.es

4- VITORIA MIÑANA I. Agua de bebida en el lactante. An Pediatr (Barc) 2004; 60: 161-9 orr. http://www.aeped.es

5- Probióticos y prebióticos: ¿Alimentos funcionales? INFAC 11. bol., 9. zkia. 2003ko urria (Eskualdeko informazio farmakoterapeutikoa). 

http://www.euskadi.net/sanidad edohttp://www.osakidetza.net

 

Iturria: http://www.euskonews.com/0261zbk/gaia26101eu.html

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button