Bizipen

Bizipena: Etxeko goxotasunean

 

Goxoa eta lasaia, horiexek dira gure erditzea bi hitzetan azaltzeko erabiliko nituzkeen hitzak. Ikaragarria izan zen guk bizi izandako esperientzia; benetan gozatu genuen momentua, etxeko goxotasunean, lasai-lasai.

Otsailaren 16tik 17rako goizaldean, gauero bezala, komunera altxatu nintzen. Baina, bat-batean, altxatu bezain pronto, likido bat nabaritu nuen. Ez genekien oso ondo boltsa hautsi zen ala zartadura besterik ez ote zen. Dutxan sartu, eta, lehortu ondoren, ikusi genuen jarioak jarraitzen zuela. Horregatik, badaezpada emaginari deitu genion, gertatutakoa azaltzeko. Lasai egoteko esan zigun, zartadura izango zela ziurrenik. Ea zer sentitzen nuen galdetu zidan; egia esan, gorputzean ez nuen ezer berezirik edo ezberdinik sentitzen, ez nuen kontrakziorik ere. Luzerako itxura zuela esan zigun, eta atseden hartzeko, hurrengo goizean etorriko zela. Ohean sartu, eta, ilusioz beteta, lo-kuluxkatxo bat egiten saiatu ginen, baina nekez lortu genuen begirik biltzea, gure barnean urduritasun punttu bat baikenuen dagoeneko: ilusioa, gero eta gutxiago falta baitzen gure semea ezagutzeko. Hasiera batean urduritu egin ginen, ez genuen-eta uste erditzea astebete aurreratuko zenik; dena den, urduritasuna lasaitasun bihurtu zen emaginarekin hitz egin ondoren, uneoro lasaitasuna transmititu baitzigun, dena ondo zihoan seinale.

Goizean esnatu, eta argazki kamara hartu genuen. Bikotekidea eta biok ilusioz beterik geunden, eta han aritu ginen tripari azkenengo argazkiak ateratzen, barre algaraka. Hamarrak aldera etorri zen emagina. Tramankulu guztiak etxera igo (zenbat gauza!), eta aztertu egin ninduen: haurra nola zegoen, zer-nolako kontrakzioak nituen… Goizaldetik ez zen aldaketa handirik egon; zenbaitetan kontrakzioren bat nabaritzen nuen, baina suabe samarrak omen ziren… Kontua oso mantso zihoala ikusita, berriz ere arratsaldean etorriko zirela esan zigun, etxeko erditzeetan berarekin aritzen den beste emakume batekin batera. Arratsaldera bitartean deskantsatzeko esan zigun, ordu batzuk pasa zirela jada boltsan zartadura gertatu zenetik, eta ilunabarra mugitu samarra izango zela. Kontrakziorik ez nuenez, haiek etorri bitartean gorputza bere kasa lanean hasten ez bazen, errizino-olioa ekarriko zutela, gorputzari laguntza txiki bat ematen saiatzeko.

Saiatu ginen lasai egoten, baina ezin. Kalera atera, astebeterako erosketak egin, gosaldu, jendearekin egon, bueltatxo bat eman… denetarik egin genuen. Bitartean, nire gorputzean mugimendu gutxi zegoen; banituen zenbait kontrakzio, baina ezer gutxi, geroago izango nituenekin alderatuta… Etxera igo, eta astebeterako janaria egin genuen; bikotekidea nik eskatutako txokolatezko gaileta goxo-goxoak egiten aritu zen… Etxekolanetan ere aritu ginen, ez genekien-eta zer egin! Jakin-mina genuen arratsaldean zer gertatuko zen jakiteko…

Arratsaldean etxera etorri zirenean, esan bezala, errizino-olioa ekarri zuten; goilarakada bat hartu eta kalera irteteko esan ziguten, buelta bat emateko, gorputza mugimenduan jartzeko. Hamarretarako gorputza dantzan izango omen nuen, eta hitz egiteko gai ere ez omen nintzen izango. Esan eta egin. Kalera atera, eta segituan hasi nintzen benetako kontrakzioak zer ziren nabaritzen! Haiek bai zirela kontrakzioak! Etxe ondoko parkean pare bat buelta egin, anbulategira joan paper batzuen bila, eta etxera itzuli behar izan genuen. Asuntoa serio jartzen hasia zen, erditzea hasita zegoen!

Mina gero eta handiagoa zen, intentsitatea igotzen ari zen. Momentu hartan, haurdunaldi guztian zehar landutako erlaxazio- eta kontzentrazio-teknika guztiak jarri nituen martxan. Jarri beharko, ze bestela… Minari aurre egin beharrean, minarekin lan egiten hasi, eta ahalik ondoen moldatzen hasi behar nuen, gorputzari uzten… Dilatazio-fase horretan erlaxatzeko, oso garrantzitsua izan zen bikotekidearen eta emaginen laguntza. Izugarriak izan ziren giltzurrun inguruan olioarekin emandako masaje goxoak, bikotekideari besarkatuta elkarrekin egindako arnasketak, emaginaren lepotik zintzilik emandako momentuak (bikotekidea altuegi geratzen zitzaidan, kar-kar-kar!)… Momentu barregarriak ere izan genituen, dena ez zen mingarria eta gogorra izan. Ez dut inoiz ahaztuko irudi hau: mutila eta emaginak besaulkian eserita, niri begira, zain, zinean bezala, eta ni bitartean trantzean… Aprobetxatu nuen kontrakzio eta kontrakzio arteko uneren bat, adarra jotzeko, umoreak ere lekutxoa eduki dezake-eta erditzean.

Kalanbreak, gonbitoka aritzea, indarra egiteko gogoa… gero eta gogorragoa zen dena. Zertxobait kezkatzen hasia nintzen; izan ere, erditze aurreko eskoletan esan ziguten kontrakzioak minututik minuturakoak zirela amaiera aldera, baina nireak ez ziren halakoak, ez ziren hain jarraiak. Eskerrak emaginek zertxobait lagundu zidaten. Nonbait, dilatazio-fasea amaitzen ari zen; haien arabera, hura zen edukiko nuen minik handiena. Psikologikoki, izugarrizko laguntza.

Azkenengo une gogor haiek emaginaren lepotik zintzilik eman ondoren, galdetu zidan ea etzanda jarri nahi nuen. Albo batera begira etzanda jarri, eta, bat-batean, esnatu bezala egin nintzen; gezurra badirudi ere, minutu batzuk lehenago nuen oinazea desagertu, eta oso konsziente nintzen zer gertatzen ari zen. Espulsiboan geunden.

Fase horretan, izugarrizko laguntza izan ziren mutilarekin aurreko asteetan praktikan jarritako perioneo-masajeak eta epinoarekin egindako ariketak. Bost minutuan, gure semea kanpoan zegoen; ondo egindako lau bultzadatxo, eta kitto: momentu magikoa! Hura emozioa! A. Otsailaren 18an jaio zen, goizeko ordu biak eta laurdenean. Buruan ditut momentu liluragarri haiek; ahaztezinak, benetan. Hirurok ohean, goxo-goxo. A., begiak erne-erne, niri begira.

Egia esan, esperientzia izugarria izan zen. Erabat babestuak sentitu ginen prozesu osoan zehar; geure buruarengan konfiantza osoa izaten lagundu ziguten. Hobe esanda, konfiantza berreskuratzen lagundu ziguten; izan ere, zoritxarrez, horraino iristeko bidea ez zen hain zoragarria izan, gogorra eta desatsegina baizik. Hainbeste gauza kontatuko nituzke, hainbeste sentsazio bide horretan, hainbeste jende desegoki… Esaldi gutxitan laburtu beharko gertatutakoa: etxean erditu izan ez banintz, oso bestelakoa izango zen seguraski gure esperientzia; bide naturaletik eta lasai egindako prozesu hura guztia, seguruenik, ez genuen horrela kontatuko.

Gure asmoa erditze naturala izatea zen. Haurdun geratu aurretik ere nahiko argi neuzkan  erditzearen inguruko zenbait ideia, eta, haurdun nengoela, are argiago izan nituen. Psikologikoki eta fisikoki, dezente prestatu genuen geure burua: informazio asko bildu, konzentrazioa lantzeko ariketak, perineo-masajea… Beldurra ematen zidan gauza bakarra zera zen, nire gorputza egiteko gai zen hori kanpoko norbaitengatik aurrera ezin eramatea, alegia, arazoak ez zeuden lekuan arazoak sortzea. Etxean erditzea beti izan dut buruan jira eta bira; baina, kanpotik sartzen dizkiguten beldur horiek direla-eta, erabakitzeko momentua iristen zenean beti bazter batean uzten nuen, baina ez, ordea, nik nahi ez nuelako, kanpoko presioa sentitzen nuelako baizik.

Zegokigun anbulategian eta ospitalean proba guztiak egin ondoren, eta dena ondo zegoela ikusi ondoren, erditze naturala bultzatzen zuten ospitale batera joan ginen, ginekologoaren kontsultara. Eta, dirudienez, justu ospitaleko ginekologorik desegokienarekin egin genuen topo. Ordura arte, dena ondo zegoen, 3 aste baino ez ziren falta erditzeko… Bada, hain justu, gizon honek ez zuen ezer argi ikusten. Haren hitzetan, haurra txikiegia zen, eta 38. astean erditzea induzitzea komeni omen zen. Hori gutxi balitz bezala, erditze naturalaren inguruan hitz egin genionean, aurpegia ez ezik, guri hitz egiteko modua ere aldatu egin zitzaion. A ze kolpea! Entzundakoa ezin sinetsirik, eta “profesionalarekin” haserre, bueltan joan ginen zegokigun anbulategira, gure emaginarekin eta ginekologoarekin hitz egitera.

Hiru aste falta ziren erditzeko, eta ezin lasai egon! Anbulategiko emagina eta ginekologoa erabat harrituta geratu ziren kontatutakoarekin. Zer gerta ere, ospitalera bidali gintuzten, ekografia gehiago egitera, eta, egia esan, ikustekoa zen nolako harridura aurpegia jartzen zuten denek. Esaldi hau errepikatzen zuten denek: «Haurra txikia dela? Zu ikusi besterik ez dago, bi metrokoa izango ez dela jakiteko!».

Alde batetik bestera ibili ondoren, eta gure buruarengan konfiantza galtzen hasiak ginela, azkenean berriz ere etxean erditzearen kontua atera zen. Anbulategiko emaginak eta ginekologoak izugarri lagundu ziguten; bi emaginekin harremanetan jarri, eta, zortea lagun, guri laguntzeko prest agertu ziren. Behin erabakia hartuta, a ze lasaitua hartu genuen!

Esan dezaket hauxe izan dela bizitzan hartu dudan erabakirik onena. A. etxean jaio ez balitz, orain, ziurrenik, erditze erabat erberdin bati buruz hitz egingo nuen; batetik, ospitale hartako ginekologoari kasu egin izan bagenio erditzea probokatu egingo zidatelako, eta, bestetik, zegokidan ospitalean erditu izan banintz oxitozina sartuko zidatelako, boltsan zartadura nuela ordu asko emateagatik. Alegia, gure kasuan behintzat, arazoak sortuko zirelako arazorik ez zegoen lekuan.

 Aiako

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button
Close