OparipuinakUncategorized @eu

Oparipuina: Harrizko Gaztelua

             Ekain bere logelan jolasean ari zen. Tira, logela baina gehiago zen Ekain zegoen gela hura. Maite zituen jostailu guztiak lurrean sakabanaturik zituen eta batarekin eta bestearekin hizketan ari zen.

            Arreta jarriz gero, herri baten itxura ikus ziteken Ekainen logelan. Jostailuak taldekaturik zeuden, gunetxo desberdin mordoa zeuden. Iskina batean, dinosaurio multzo bat zegoen. Familia handi baten itxura zuen. Handik gertu, bakarrik zegoen txakurtxo bat. Haren aldamenean, bi panpin. Panpinen parean, zubi baten irudia zuen orrialdetik zabalduta zegoen liburu bat eta zubiaren beste aldean kotxe txiki eta handiak, Lego piezak, animaliak, sukaldeko tresnak, janariak… Guztia inguratzen trenbidea eta gainean jira-biraka trena.

            Arreta gehiago jarriz gero, Usurbilen antza zuelaz ohartuko zinake.

            Logelako sarreran liluraturik zegoen ama begira eta Ekain konturatzean:

–        Geldi hor, ez zapaldu nire herritarrak!

–        Hara! Zure herritarrak al dira bada? – amak harriturik.

–        Ama, nire herritarrak ez. Gure bizilagunak dira!

–        Nola? Dinosaurioak al daude Usurbilen? Nik ez ditut inoiz ikusi… erne ibili beharko naiz kalean…

–        Ama! Ez dira dinosaurioak… Mikel eta bere familia dira. Igandetan bere izeba-osaba, lehengusu-lehengusina eta familia guztia elkartzen dira bere baserrian. Horregatik daude hainbeste! Gaur igandea da!

–        Hara, arrazoi duzu… Dinosaurio horrek badu Mikelen aitaren antza… Eta txakurtxo hori nor da ba?

–        Nor izango da ba! Jexux! Beti bakarrik dabilen gizon hori!

–        Noski! Nor izango zen bestela… eta bi panpi horiek nor dira ba?

–        Asmatu… – Ekainek panpinak amari hurbilduz.

–        Oso zaila da! Ea… plazan ikusten ditugun aiton-amona horiek?

–        Ama! Hotz-hotz zabiltza…

–        Orduan ez dira zaharrak izango… Elkarri musuka atzo ikusi genuen bikotea?

–        Hotz-hotz…

–        Zeinen zaila!

–        Ama! Oso erraza da! Saiatu berriro. – Ekainek panpinekin jolastuz.

–        Tira… aiton-amonak ez, bikote gaztea ez… badakit! Maddi eta bere ama dira?

–        Ez! Ama! Erraza da!

–        Badakit! Zu eta ni gara!

–        Hotz-hotz!

–        Ekain, maitea horrela ez dut inoiz asmatuko…

–        Tira, esan egingo dizut. Plazan bizi diren bi katutxoak dira!

–        Ai ene! Nola asmatuko nuen ba!

–        Ama ikusi duzu hau? Zubia jarri dut batetik bestera igarotzeko!

–        Hara! Zeinen polita!

–        Eta hemen… ikusi duzu hemen zenbat gauza dauden? – Ekainek zubia panpinekin igaroaz.

–        Bai! Kontaidazu zer diren.

–        Hau beste toki bat da ama.

–        Beste toki bat?

–        Bai, gure etxe zaharra dago hemen.

–        Hara!

–        Eta janaria dagoen tokia beste toki bat da… Ezetz asmatu zein?

–        Jatetxe bat?

–        Bai! Nola asmatu duzu!

–        Eta hori, Lego pieza horiek zer dira?

–        Ama… zer izango da ba! Obrak! Leku guztietan daude obrak!

–        Hara! Irudimen handia duzu Ekain.

–        Eta sukaldeko tresna horiek zer egiten dute hemen?

–        Ama, ez haserretu nirekin.

–        Ez, ez maitea, baina zer egiten dute hemen?

–        Bada hori… hori beste toki bat da…

–        Eta jakin dezaket zein toki den?

–        Tira, baina ez esan inori eh!

–        Lasai, esan belarrira eta ez du inork jakingo!

–        Ongi da.

            Ekain lurretik altxa eta lurreko jostailuen artean zigi-zaga eginez amarenganaino hurbildu eta makurtzeko keinua egin zion. Ama makurtu eta belarria bere aho parean jarri zuen. Ekainek ingurura begiratu eta inork entzuten ez ziola ziurtatu ondoren, hauxe esan zion amari:

–        Ama, hori gure sukaldea da! Izugarrizko gosea dut!

            Ama barrez lehertzen hasi eta Ekain ere barrez hasi zen bat-batean. Orduan, sukaldetik “Afaltzera!!!” entzun zuten eta elkarri eskutik helduta sukalderako bidea egin zuten.

            Bakoitza bere lekuan eseri eta Ekain mahai gaineko gauzak mugitzen hasi zen. Bere plater inguruan jarri zituen ogi puskak, sardeska, goilara eta labanak, edalontziak, ur pitxarra eta topatu zuen guztia.

            Amak, harriturik begiratzen zion. Ez zuen deus ulertzen.

–        Ama! Ez begiratu horrela! Non dago afaria? Gose naiz! –Ekainek.

            Afaria plateretan banatu eta Ekain jaten hasi zen. Besteek ezin zuten afaltzen hasi, Ekainek bere plater inguruan zituen mahai gaineko gauza guztiak eta.

–        Ekain, har ditzaket afaltzeko behar ditudan gauzak?

–        Ez.

–        Ekain, baina ni ere gose naiz, eta gauza horiek behar ditut!

–        Tira, behar duzuna soilik hartu. – Ekainek.

         Amak behar zituen ogia, sardeska eta labana eta edalontzia hartu zituen. Ur pitxarra hartzera zijoala…

–        Edalontzia bete eta utzi hor mesedez.

–        Ekain, nik har ditzaket behar ditudanak?

–        Ados. Baina behar ez duzuna utzi hor!

         Bakoitzak behar zuena hartu eta beste guztia Ekainen plateraren inguruan geratu zen. Afaltzen amaitu zutenean, dena jasotzera zijoazela, Ekainek bere plater inguruko gauzak jaso zituen lehendabizi.

–        Ekain, zergatik zenituen horrela?

–        Argi dago ba!

–        Barkatu maitea, baina guk ez dugu ulertu…

–        Nire gazteluko harresia ziren!

–        Gaztelua?

–        Bai, ama, nire gaztelua zaintzen ari ziren.

–        Hara, eta guk ez al dugu tokirik zure gazteluan?

–        Noski! Harrizko gaztelu erraldoi bat dugu! Ez duzue ikusten? – Ekainek haserre.

–        Ez…

gaztelua–        Gu elkarrekin gauden tokian dago gure Harrizko Gaztelua. Ez du axola non bizi garen, gure harrizko gaztelua gure taupadek osatzen dute eta!

–        Hara! Arrazoi osoa duzu Ekain – amak Ekaini musu emanez.

–        Baina orduan zertarako harresi hori Ekain?

–        Ba janariak ez du taupadarik eta babesa behar zuen!

         Denek irribarre handi bat egin zuten eta sukaldea jasotzen jarraitu zuten.

         Berdin zuen non zeuden, euren taupadek zirauten bitartean, euren harrizko gaztelua zutik mantenduko zen.

 Eta Harrizko Gazteluek betirako babesten gaituzte. 

 

Related Articles

One Comment

  1. kaixo,

    oraindik ez dugu kontatzeko tarterik izan, baina erabiliko dugu! seguru!

    mila esker egiten duzuen lanagatik!!!

    Ekain eta familia!

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button