HazieraHezkuntzaJolasak

Tonuccirekin mingaina dantzan eta buruan zalantzak

 

Eta zer da benetan haurrei gustatzen zaiena?

Zer da haurrei barrena mugitzen diena? Salto egitea, ezkutatzea, eraikitzea, zikintzea … Galdetu al diegu noizbait haurrari benetan zer den gustatzen zaiona? Zerekin gozatzen duten gehien? Badirudi, bizitzaren beste arlo batzuetan bezalaxe, helduek momentu guztietan haurren behar eta nahiak ezagutzen ditugula, eta gehienetan gure behar eta interesetatik abiatzen gara okerreko diagnosi batera iritsiz. Prozesu parte hartzailearekin euren beharrak eta nahiak entzun eta bere ametsak gauzatzeko aukera eskaini nahi diegu. 

Gure haurtzaroa gogoratuz …

art-mayo-frato_11-1024x979

Ziur naiz guztiok ditugula ahaztu ezinak izanen zaizkigun haurtzaroko oroitzapenak. Saiatu zaitezte jolas garaian gehien gustatzen zitzaizuena gogora ekartzen. Zer etorri zaizue burura jostailu bat?? Ziur ezetz!! Benetako egoera hezgarriak eta haurrarentzako esanguratsuak ekintza baten baitan ematen dira, bere bizitzaren momentu zehatz batean eta gehienetan lagunek protagonismo handia izaten dute. 

Zer behar du haurrak jolasteko?

Haurrak jolasteko ezinbestekoa du espazioa, denbora eta lagunak. Espazioa kalean, etxetik kanpo baino gehiago ez du inon aurkituko, baina kalea haurrendako ziurra al da?? EZ!! egun haurrak kalean izan beharko lukeen toki guztia galdu du. Egun haurraren espazioa jolas parkeetara mugatzen da. Denbora ere nahiko mugatua izaten du, Ikastolatik atera eta eskolaz kanpoko hamaika ekintza izaten baititu. Ikastolan igarotzen dituzten ordu guztiak gutxi balira, dantza, igeriketa, futbola, plastika, ingelera, … ikastera ere bidaltzen dugu. Zere lehen urteak bizitzako garrantzitsuenak omen dira. Baina garrantzitsuenak dira baita ere sozializazio mailan, eta noiz ematen diogu aukera beste haurrekin erlazionatzeko? Norekin erlazionatzen dira ikaskideekin eta eskolaz kanpoko ekintzetan pare hartzen duten lagunekin? Horrela bada, bere sozializazio prozesua inguru egituratu batean ematen da soil-soilik, ezarritako arauaz betetako inguru batean, eta arau hauek askotan helduek inposatutako ekintzak dira. 

Nola lagundu dezakegu helduok?

Aurreko galderaren erantzunari jarraituz argi dago, espazioa eta denbora eskainiz. Haurrari etxetik atera eta jolasteko denbora ematen badiogu, kalean haur gehiago ezagutuko ditu; neskak, mutilak, arraza, nortasun eta adin desberdinetakoak, … Esaten den bezala aniztasunean dago aberastasuna. Baina espazio eta denbora eskaintzeaz gain, autonomia ere eskaini behar diogu haurrari. Autonomia ematea, bere kabuz aritzea esan nahi du. Askotan kalean egon daitezkeen arriskuak aitzakiatzat hartuz, haurrarekin toki batetik bestera goaz, kotxez gehienetan, gure denbora hipotekatuz eta haurraren autonomia zapalduz. “Ama taxilariaren sindromeaz” hitz egiten zuen Tonuccik. Haurra progresiboki kaletik bakarrik ibiltzen ikasi beharko du, toki batetik bestera joaten, ez adin zehatz batetik aurrera. Haur guztiek urte batekin oinez ibiltzen dira? Ez, bakoitzak bere erritmoa du. Eta nola ikasten dute oinez ibiltzen? Arituz, mugituz, gorputzaren gaitasunekin esperimentatuz, … Orduan zergatik zehazten da adin bat haurrari kalera bakarrik ateratzeko baimena emateko? Autonomia nahikorik eman ez zaion haur bati autonomia osoa ematen zaionean, galduta aurkitzen da eta normalean desegoki jokatzen du, bere buruari mugarik jartzen ikasi ez duelako. Etxeko lau hormen barruan izaten digu kaleko arriskuaz babesteko asmoz eta ikerketek diotenez istripu gehienaz etxean bertan eta gurasoekin kotxean ematen dira.

frato0151

Eta naturarekin dugun lotura non gelditzen da??

Haurra kautxuz babestua duen lurraren gainean eraikitzen den jolas parkera eramaten dugu. Jostailuak plastikozkoak erosten dizkiogu zeren beste material batzuekin zikindu edota mina har dezake. Ez diogu urarekin jolasten uzten busti egiten delako. Zer esanik ez ura eta lurrarekin lokatza egiten saiatzen bada!! Ezin du putzuetan salto egin busti egiten delako. Ezin da zuhaitz batera igo eror daitekeelako. Egurra, ura, lurra, belarra … bezalako materialak gero eta gutxiago manipulatzen ditu haurrak.

Hemendik haurrari eskaintzen diogun hezteko eraren inguruan, jolasteko eskaintzen diogun aukeraren inguruan hausnartzeko gonbitea luzatzen dizuet. Eta gogoratu aldaketa xumeenak ere, aldaketa esanguratsua izan daitekeela.

Jone Areta Urrestaratzu

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button