OparipuinakTTiKLiK!

Oparipuina: Ametsetako eskola

 

Maite Frankok Eritzegoitiko Goiz-Argiri idatzitako ipuina

Ahizpa batentzako ipuina

Goiz-Argi, honezkero jakingo duzun bezala, hainbeste miresten zaituen zure ahizpa Gurutzeren eskakizunari kasu eginez jaio da eskuartean duzun oparipuina. Eta izenburuan ikusten den bezala, hezkuntza du gaitzat, nahiz eta hasieran ahizpen arteko istorioa kontatzeko tentazioa izan nuen. Bi gaiak izugarri konplikatuak egiten zaizkit, batetik asko interesatu eta bestetik oso gertutik bizi ditudalako. Gainera zu Haur Hezkuntzako irakaslea izaki, ez nuen edozein istorio xumerekin konformatu nahi … Hala ere, egina dago eta orain, zure gustukoa izan dadin etxea kandelez beteta dudan honetan, hainbeste berandutu naizelako ahizpen inguruko bigarren ipuinen bat ere zor dizudalakoan nago!

***

Begirada fresko, burua argi eta bihotz izugarri handia

goiz argi 1Bazen behin Goiz Argi izeneko irakasle bat, neska buruargia eta freskotasunez betetakoa, eguna goizean bezala, bihotz izugarri handia zuena. Eta bihotz izugarri hartan gauza izugarri handiak gordetzen zituen: familia, bizilagunak, bizilagunen familiak, lagunak, lagunen lagunak, lagunen senideak, mendiak; mendien gerizpean eseritako aitona-amonak; aitona-amonek zaindutako herri txikiak; herri txikiek osatutako bailarak; bailarak zeharkatzen zituzten ibaiak; ibaiek bustitzen zituzten harriak; harriekin jolasten ziren umeak; eta umeek ikasten zuten eskola, bertako irakaslea baitzen.

Eta Goiz Argiren bihotz izugarri hartan oraindik ere lekua bazegoenez, (denok dakigun bezala, bihotz handi baten paretek malgutasun handia izaten dute eta!) bere ametsetako eskolari ere eman zion aspaldi ostatu.

 

Ametsetako eskola

Goiz Argiren ametsetako eskolako umeek, txiki-txikitatik, gauza handiak ikasten zituzten, handiok bizitza guztian kostata ikasten joaten garen zenbait gauza konplexu, zenbait gauza eder, bizitza are zabalago eta ederrago bihurtzen dutenak; eta handiok txikitan bezain zoriontsu sentiarazten gaituztenak.

Eskola hartako ume txikiak, hasieratik erabaki txikiekin hasten ziren Ardura eta Ondorio izeneko baso ilunetan ipurtargienen moduko argitxoak pizten, Autonomiaren lurralderako bidean.

imagesumeak basoanBide horretan, aldiz, bazekiten ez zirela beti erabat bakarrik egongo, izan ere Autonomiaren lurralderako sendan bidaiatzen ari ziren ume eta heldu askorekin egiten zuten topo. Hori bai, nor bere erritmoan. Batzuk ziztu bizian; beste batzuk ordea, haietako asko helduak, urteak zeramatzaten bidexka berean trabatuta. Batzuk, goxo-goxo eserita, aurrera egiteko gogoa galduta eta besteak pasatzen ikusiz. Beste hainbat, pasatzen zirenei zangalatraba jartzen saiatzen. Eta azkenetako batzuk, esku bat luzatuko zien norbaiten zain.

 

Eta umeok bidaia antolatu beharko zuten, espedizioan doan mendizale txukunak egiten duen bezalaxe: nondik nora joan, gaua non pasa, ura nola bilatu, oztopoei nola aurre egin … Eta hasieran nork bere zilborrari baino ez zion begiratuko; baina gero, poliki-poliki, ezinbestean, bestearen zilborrean jartzen ikasiko zuten; eta ibilian-ibilian, zenbaitetan denok zilbor bakarra balira bezala pentsatzen ere hasiko ziren.

Zuhaitzek sortutako iluntasunari itzala deitzen ikasi zuten egunean, iluntasun horrek sortzen zien beldurra galtzen hasiko ziren, enborren inguruan besoak jarriz eta jasotako freskotasuna eta babesa eskertzeko besarkadak emateko gogoa piztuz.

neska zuhaitzean

Eta behin beldurra gaindituta, jolasteko gogoa ere etorriko zitzaien; lurrean aurkitutako pinaburuak panpina edo baloi bilakatuko ziren, umeen gogoaren arabera, mutiko txikiak ere  “aitatxoetara” jolastuz eta futbolean bezain ondo pasaz. Erramuzko koroak egiten ere trebatuko ziren laster, neskatoek printzesa-apaingarri soilarekin nahikoa izan ez, eta agintari boteretsu eta zuzenak bihurtzearekin amestuz.

Bide luze honetan aurrera zihoazen neurrian, bere burua ezagutzen eta maitatzen ikasiko zuten mantso-mantso, etxola berean bizi ziren Timu Autoestimu eta Alegrantzia Tolerantzia izeba-osabak eta haien Desberdintasuna, Aniztasuna eta Berdintasuna alabei behin baino gehiagotan bisita eginez.

Hitzen ederra, lilura, magia, indarra eta alde sakratua ere ezagutzen joango ziren, iluntzean suaren inguruan eserita entzundako istorioei esker, (hizketan ari denari merezi duen arreta guztia eskainiz) eta baita hitzen bidez liskarrak konponduz ere. Haserrearen mina hitzen betadinearekin sendatuz, jo aditza musika adierazteko baino ez zuten-eta erabiliko.

 

Gauza handiak hauexek guztiak, handiok bizitza guztian kostata ikasten joaten garenak; bizitza are zabalago eta ederrago bihurtzen dutenak; eta handiok txikitan bezain zoriontsu sentiarazten gaituztenak.

Bai, ikasgai izugarri handi hauek guztiak gordetzen zituen irakasle honen bihotz erraldoiak. Eta jakina, eskola horri, bertan bizi den txoriari kaiola bezala, bihotza txiki gelditzen hasi zitzaion.

 

Ametsetako eskolak bihotzetik ihes!

Kontua da bihotz izugarri hartan ostatu hartu zuen ametsetako eskolak goiz batez egunaren argia ikustea erabaki zuela. Erabaki eta egin.

leiho irekia

Goiz Argi lo zegoela, iepa! hantxe atera zen. Goiz Argiri begira gelditu zitzaion aurrena, lasai-lasai eta jaioberriak ama ezagutu berriari so egiten dion maitasun berarekin. Musu eman eta manta ondo jarri ondoren, leihotik salto egin eta ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, bidean aurrera joan zen, jakin-min handiaz. Orduan, ametsetako eskolak bihotzean ikusiak zituen herriak, bailarak, errekak, bizilagunak, harriak eta umeak aurrez aurre ezagutzeko aukera izan zuen, ondoren Goiz Argiren ikastetxean sartuz. Inor ez zen konturatu, nahiz eta une hartan guztiek giroan argitasun eta freskotasun berezi bat nabaritu zuten.

Eta halako batean hango eskola-umeak Autonomiaren lurraldera abiatu ziren, arrapaladan batzuk, poliki-poliki besteak; bidean zuhaitzak besarkatuz, mutikoak aitatxo eta neskatoak agintari izatera jolastuz, eta liskartxoak hitzen betadinearekin sendatuz.

Bailara hartako aitona-amonek dioten bezala, goiz hartako argitasun eta freskotasun berezi horrek bizitza guztian lagundu omen zieten ume horiei, erabaki zailak hartzea erraztuz, norbere burua eta besteak ere maitatzen ikasiz, ametsei bizitzaren lema eramaten utziz, eta horrela haien bihotzak poliki-poliki izugarri handiak bihurtuz.

bihotza eskuetan2

***

Hondarribian 2013ko martxo aldera hasi, gurekin bizi, gurekin Landetara oporretara etorri, berriz ere gurera itzuli eta abuztuaren 11an, goiz-argiak zerua urratu baino lehentxeago lasai-lasai jaiotzen bukatutako ipuina.

 

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Close