OparipuinakUncategorized @eu

Oparipuina: Otsoa eta sukaldaria

 *** 

pasaiaBazen behin Pasaia izeneko herri bat non mendi berdeak beso zabalik hartzen zuen itsasoaren urdina (freskagarri eta desberdina), eta itsasoak atsedena hartzen zuen mendiaren berdean (hau da, bere ohean). Itsasoa berde bihurtzen zen orduan; eta mendia, urdin.

Herri urdin-berde hartan bazen sukaldari bat Inhar izena zuena. Inharrek jatetxe txiki bat zuen mendialdean, Babarrun Beltza izenekoa.

sukaldaria 2Primeran prestatzen zituen babarrunak, jakina, eta baita espagetiak, azalorea, kroketak, arrainak edota txuletak ere. Bezero asko izaten zituen egunero bazkaltzeko eta afaltzeko orduan, eta gauean neka-neka egina oheratzen zen, irribarrea ezpainetan, oso gustukoa baitzuen bere lana.

umea jaten

Eguerdi batean, berriz, ehiztari bat azaldu zen egunero bezala jendez gainezka zegoen Babarrun Beltzean.

 ehiztaria 2

–         Aizu, otso bat omen dabil inguru honetan. Ikusi al duzue? – galdetu zion Inharri, baju-baju.

–         Ez –Inharrek, harrituta.

–         Gosetuta omen dago; oso arriskutsua izan liteke.

–         Arriskutsua? – galdetu zuen bazkaltzen ari zen aitona erdi gor batek- Nor izan daiteke arriskutsua?

–         Otsoa – ehiztariak, ahapeka.

–         Uxoa? – aitona, eskua belarrian jarrita hobeto entzuteko edo.

–         Otsoa – ehiztariak, altuxeago.

–         Bizkotxoa?

–         OTSOA!!! – oihuka, ehiztariak.- OTSO BAT DABIL INGURUAN!!

Otsoa aipatu eta jendea zoratu! Hor hasi ziren denak “otsoa, otsoa, alde egin dezagun gu jan baino leeeeehhhhheeennn!.”

Babarrun Beltza berehalakoan hustu zen. Eta okerrena, denek ordaindu gabe egin zuten alde.

Egunak pasa ziren. Baita asteak ere. Inharrek ez zuen inguruan otsorik ikusi. Ezta bezerorik ere, Pasaia osoan zabaldu baitzen otsoaren zurrumurrua. Halako batean otsoa arazo guztien jatorria eta beldur handiena eragiten zuen mamua bihurtu zen.  Matilde baserritarrak oilo bat falta, eta otsoak jan zuela esan zuen. Jose Mari harakinak labaina galdu, eta otsoak lapurtu ziola esan zuen. Aita batek jan nahi ez zuen alaba txikiari “jaten ez baduzu, otsoa etorri eta jan egingo zaitu” esan zion.

 beldurraHainbat egunetan zeruan ikusi ez, eta alkateak  “otsoak jan digu eguzkia” bota zuen …

Hilabeteak pasa ziren, eta Babarrun Beltzaren egoerak okerrera egin zuen. Inharren bezeroak herrian zeuden beste jatetxeetako janariarekin ohitu ziren; sukaldariak norentzat sukaldatu ez, eta janaria prestatzeari utzi zion; gosea ere joan zitzaion, poliki-poliki; sukaldeko suak itzali zituen, egun osoan jogurt bat besterik ahoratzen ez zuelarik.

 

Goiz euritsu batean gure sukaldari argalduak, buru makur eta begiak bete ur, aspaldian bisitarik jasotzen ez zuen Babarrun Beltza betirako ixtea erabaki zuen. Giltzak eskuak zituela, orduantxe azaldu zen bezero berria, oso bezero berezia. Ezetz asmatu nor? Bai, jauna; bai, andrea; bai, amona; bai, gaztea! Asmatu duzue. Halako batean, hantxe agertu zen, txantatatxaaaannn, OTSOA!!! OTSO GOSETIA!!! OTSO ARRISKUTSUA!!!

 otsoa 2Txinparta baten abiaduran Inhar mostradore atzean ezkutatu zen, kukubilko jarrita; azalean oilo ipurdia zuen.

–         Ez dago inor … – atera zitzaion.

–         Lasai, azken batean ez da inor etorri … – otsoak.

Sukaldariari oso ateraldi barregarria iruditu zitzaion, eta barrez hasi zen ezkutalekuan bertan. Barrea oihu bihurtu zen, ordea,  otsoaren aurpegia aurrez aurre ikustean.

–         Otsoko, mesedez, ez nazazu jan. Oso argala naiz eta ez dizut onik egingo! – Inharrek, beldurrez.

–         Egia da! Ni baino argalago zaude! – otsoak, barrez.

Inharrek otsoari ondo erreparatzeko aukera izan zuen orduan: hezurra eta azala besterik ez zen.

–         Nire gosea izango bazenu … –  otsoak, lerdea zeriola.

Otsoak atzaparra sartu zuen mostradorearen atzeko aldean. Inharrek begiak estali zituen, “jaten banau, behintzat, haren hortz beldurgarriak ez ditut ikusiko”, pentsatuz. Orduan gertatu zenak aho bete hortz utzi zuen sukaldaria: otsoak Inhar eskutik heldu eta ezkutalekutik atera zuen, esanez:

–         Zure laguntza behar dut, sukaldari.

–         Zer? – Inharrek, zur eta lur.

–         Behin ere ez zait haragia gehiegi gustatu, baina tira, nola edo hala jatea lortzen nuen. Orain berriz, ardi baten lagun bihurtu naizenetik, ezin dut.

 otsoa ardiekin

–         Ardi baten laguna? Otsoa eta ardi baten laguna? – are harrituago, Inharrek.

–         Ixo! Gure harremana sekretu bat da. Beste animaliek jakingo balute, akabo!

–         Akabo, zer?

 zaldia barrez–         Akabo dena! A zer nolako burlak jasan beharko nituzkeen! Eta gurasoak? Ez lidakete berriro hitzik egingo. Horregatik ikusten nautenean disimulatu egiten dut, badakizu, uluka hasten naiz, aurpegi beldurgarriak jartzen ditut, animalia txikiak izutu egiten ditut, eta hori guztia. Baina ezin dut haragia probatu ere egin. Lagundu, astebete daramat mokadutxo bat bera ere jan gabe. Prestatuko al zenidake zerbait?

Inharrek amantala jantzi eta di-da batean entsalada, babarrunak, lekak, patata frijituak eta marrubizko tarta listatu zizkion. Otsoak mauka-mauka irentsi zuen guztia, tarteka gozamenaren gozamenez uluka hasiz. Eta sukaldariak ere bai. Inharrek galdutako bizipozarekin batera gosea ere berreskuratu baitzuen otso esker-onekoaren sabela berdintzean.

janaria–         Grausk! Eskerrik asko, sukaldari. Mundiala dago guztia. Hau betekada! Horrela beste astebetez ere egon ahal izango naiz baraurik – otsoak, ahoa beteta.

–         Zure arazoa konpondu beharko zenuke – Inharrek, jator.

–         Eta zuk zurea ere bai. Bazkaldu dudan bitartean ez dut bezero bat bera ere sartzen ikusi.

–         Bai. Zuregatik ez dator inor.

–         Niregatik? Barkatu …

–         Zuregatik ez da orain arte inor etorri, baina zuregatik ere berriz ere azalduko dira denak.

–         Zorretan nago zurekin. Zerbaitetan laguntzerik banu …

–         Geldi zaitez nirekin, otsoko. Eta ekarri zure lagun ardia ere. Jendea oso urrutitik etorriko da ardi baten laguna den otsoa ezagutzera.

–         Bai, eta nire familiakoak ere bai. Ezta pentsatu ere. A zer lotsa!

 otso tristea–         Laguntzeko prest zeundela uste nuen … – sukaldariak, serio, triste, platerak jasotzen.- Beno, berdin da. Jatetxea itxi eta edozein lekutara joango naiz lan egitera. Ez dakizu zeinen zoriontsua izan naizen hemen, Babarrun Beltzean. Berdin da, lasai, otsoko. Berdin da. Zuk ezin duzu ulertu zoriona zer den, buruan beldurra besterik ez duzu eta.

–         Ondo da! Gelditu egingo naiz,  … baina egunero babarrunak prestatzen badizkidazu.

–         Prest orduan?

–         Prest!

Sukaldariak otsoa besarkatu eta dantzan hasi zen, jatetxea salbatua zuela sinetsita.

Eta hala izan zen. Otsoak arditxoa bilatu eta jatetxera joan ziren bizitzera. Otsoa Babarrun Beltzean zegoela, barazkijalea zela eta arditxoa lagun zuela jakin zuten bezain pronto, han hasi zen jendetza agertzen, denak argazki-kamara eskuan. Eta otsoak aukeran ematen zien nolako posea jarri:

 kamara1)     Zintzo aurpegiaz, arditxoa besarkatzen.

2)    Gaizto, beldur plantak egiten zituen arditxoaren lepoan letaginak jarriz.

3)    Otsoa beldurrez, ardiak lepoan kosk egiten ziolarik.

4)   Otsoa hildakorena egiten, eta ondoan ardia eskuan eskopeta zuela.

5)    Ezkontza-jantzian biak.

 6)   Boxeo eskularruekin biak ere.

Eta abar …

Baina otsoak esan bezala jendeaz gain, animaliak eta otsoaren gurasoak ere azaldu egin ziren. Une horretan, ezkontzaren posea egiten ari ziren. Otsoak jantzia erantzi, burua makurtu eta lotsa-lotsa eginda gelditu zen. Lurrak une horretan irentsi izan balu …  Hura ezustekoa otsoak eraman zuena. Gurasoak hurbildu eta besarkada estu-estua eman ez zioten bada!

 otsoak goxo

 

–         Barkatu, seme – bota zuen otso amak.- Guk ere aspaldi esan behar genizun, baina ez ginen ausartu. Badakizu, beste animaliek jakin izan balute, akabo!

–         Akabo, zer?

–         Dena!

–         Baina, zer jakin?

–         Gurea, gure sekretua, sekretu txikia, beno, tira …, potoloa, izan ere gauza serioa da. Zera … gu …, gu …, ezin dut; esaiozu zuk, Martin – otso amak otso aitari.

–         Gu ere … barazkijaleak gara, seme. Beti izan gara eta sekretuan gorde izan dugu beti.

–         Baina hemendik aurrera denei kontatuko diegu – otso amak, erabakita. Eta norbaitek burla egiten badigu …

–          … azenarioak jarriko ditugu belarrietan, tontakeria horiek ez entzuteko – otso aitak-. Desberdinak gara, baina ez digu lotsarik ematen, poza baizik, nahi dugun bezala bizitzera ausartu garelako!

Otso hauen eredua jarraituta, harrez geroztik Pasaia aldean badira saguekin jolasten diren katuak, teilatuetan ibiltzen diren txakurrak, hanka bat altxatuta pixa egiten duten untxiak, olerkiak idazten dituzten txerriak, zapata takoidunekin ibiltzen diren behiak, haien belarri handiak erakustean lotsarik pasatzen ez duten mutikoak, eta baita haien ile gorriaz harro dauden neskatoak ere.

 desberdinak jolaseanEta itsasoak mendian etzanda ikusten du hau guztia, goxo eta erdi lo, ametsa delakoan.

 

Eta zuk, Inhar Txiki, har ezazu, itsasoak bezala,

 lo gozoa, edo lo gazia,

 ipuina besterik ez baitzen

 entzun duzun guztia.

 

 

***

Hondarribian, 2013ko abuztuaren 19ko goizean, erdi lo, erdi esna idatzitako ipuina.

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button