0-5Hezkuntza

Haurtzaindegia ala haur ikastola?

 

2013/09/07 Jone Areta Urrestaratzu
 

Oso arrunta izan ohi da bi termino hauen arteko nahasketa. Haur Hezkuntzako lehen zikloa (0-3 urte) hezkuntza sistematik kanpo egon da orain dela urte gutxi arte. Hezkuntza lege desberdinak ziklo hau hezkuntza sistemaren barruan ala kanpoan kokatzen joan dira. Honek dagoeneko, Haur Hezkuntzaren lehen ziklo honi ematen zaion garrantzi gutxia agerian uzten du.

Gizartean oso errotua dago “haurtzaindegia” hitza. “Haurra haurtzaindegian utzi dut”. “Haurtzaindegira noa alabaren bila”. Baina askotan haurtzaindegia hitza, haur eskolari buruz hitz egiteko erabiltzen da ere. 

Non dago bada haurtzaindegia eta haur eskolaren arteko desberdintasuna?

Haur eskola batek dekretuz eskatzen diren hainbat ezaugarri bete behar ditu: espazioen tamaina, antolaketa, materialaren egokitasuna, hezitzaile edota irakasle bakoitzak bere ardurapean izan dezakeen gehienezko haur kopurua, hezitzaile edota irakasleen titulazioa, lan orduen antolaketa, alderdi pedagogikoaren antolaketa …

Alderdi pedagogikoari dagokionez, haur eskola bakoitzak bere hezkuntza proiektu propioa izan behar du. Hezkuntza proiektua gauzatu ahal izateko proposamen pedagogikoan eskolan jarraituko den metodologia, ebaluazioa, egokitze prozesua nola antolatuko den, hezkuntza premia bereziak dituen ikasleari zer nola arreta eskaini behar zaion, nolakoa izanen den familia eta eskolaren arteko komunikazioa ,… zehazten da.

Haur eskolako hezitzaile edota irakasleak haurrari zer nolako proposamenak eginen dizkion, haurraren jarduera nola behatuko duen, dokumentazioa nola jasoko duen, jasotako informazioa aztertu eta haurraren prozesuaren, garapenaren gaineko hipotesiak egin eta gurasoei guzti honen inguruko informazioa igortzen die.

Baina zertan oinarritzen da eskola edozein gauza antolatu edo proposatzeko orduan? Eskolatik egiten diren proposamen guztiak, eskolak haurrari, familiari eta eskolari buruz duen irudian oinarritzen dira. 

Nolako haurra nahi dugu? Nolako familia nahi dugu? Nolako eskola nahi dugu?

Hiru galdera hauen erantzunarekin bat etorriko dira proposamenak. Haur autonomoa nahi badugu, gure proposamenek haur autonomoa lortzera bideratuak egon behar dute. Ez dauka zentzurik, adibidez, gure laguntza eskatzen duten jarduerak proposatzea.

Dekretuz zehazten diren baldintzak eta betebeharrak betetzen badira, haur eskolak irekiera baimena eta eskola kodea jasotzen du, bere ekintza legalizatzen du. Horretaz gain haur eskola bakoitzak hezkuntzarekin duen konpromisoaren arabera, urtetik urtera bere eskaintza hobetzen doa. Gero eta gehiago gara Haur Hezkuntzako lehen zikloan kalitatezko hezkuntzaren alde lan egiten dugunok, baina oraindik ere lan handia dugu aurretik. Lan handia batez ere, gizartean egiten dugun lana zabaltzen. Gizarteak ez daki zenbat lan egiten den Haur Hezkuntzako lehen zikloan eta guzti horrek zer nolako eragina duen haurrengan.

Haur eskolaren helburua ez da haurra zaintzea, haurraren hezkuntzaren oinarriak ezartzeko aukerak eskaintzea baizik.

Nik nire semea haur ikastolara eraman nuen eta bertan kalitatezko hezkuntza prozesuaren protagonista izan zen. 

Zure seme – alaba haurtzaindegira ala haur eskolara doa?

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button
Close