Uncategorized @eu

“GURASOEI GUTUNA” idazlan lehiaketa. Gazteen kategorian irabazlea

Maitasunez betea egon zara beti. Maitasun goxoa da zurea. Berezia. Eguzki izpi batek goizeko hotz gordinean berotzen zaituenean bezala.  “Maite zaitut” musuekin azaleratzen duen horietakoa.  Tristura  irribarrearekin pairatzen duena. “Ondo lo egin”-ak bizitzaren oinarri dituen maitasuna. Bizitza maite duena eta funtsean, nire izatearen enbor den maitasuna.

Bitxia da. Ez dut oroitzen lehen maitasun hitza. Ez dut gogoan noiz esan nizun azkenekoz  “maite zaitut ama”. Egia esan, badakizu ez naizela horrelakoa zurekin. Nahiago dudala esan baino, ekintzekin adierazi. Pentsatu nahi dut txikitatik datorkidan afizio bat dela. Gaur, ordea, barruan dudan oro ateratzeko eguna da. Zure txikia ondoan izango duzula jakiteko ordua da.

Denborak bere bidea jarraitu du eta beti zure Txikia izan dena, jada ez da hain txiki.  18 udaberri dagoeneko; 18 uda eta udazken. Eta baita, 18 negu ere.

Azken hau, ziurrenik, hotzena. Baina iritsiko da loratzeko garaia; berriz ere zoriontsu izango zaren garaia.

Bitarte horretan zatoz, nik besarkatuko zaitut.

Zu izango zara nire printzesa txikia eta nire besoek emango dizute urteotan gordetako beroa.

Nik zainduko zaitut. Negar egin dezakezu eta erori, mila aldiz bada ere. Baina ez zaitut inoiz jausten utziko. Hori erakutsi baitidazu beti: erori bezain laster altxatzen. Beti indartsu izanik ere, ahul bilaka zaitezke nire alboan. Biongatik izango naiz ausart. Lur eta zeru mugituko ditut irribarrea zure munduaren ardatz izateko. Berriro ere zure argia berreskuratzeko. Zuk egin bezala, nik ere nire “Ondo lo egin Maitea” esango dizut, berotasun berarekin. Baina batez ere, bizitza osoan birritan bakarrik esan dizudana oihukatuko dut maizago. “Maite zaitut Amatxo, asko gainera”.

Egon zaitez lasai Ama. Dena ondo aterako da. Zure txikia zurekin dago. Zu berarekin beti egon zaren bezala.

Izan kemena Laztana. Musu bat. 

Txon 

Saria: KILIMAK jostailu hezitzaileen dendarako 40€ko erosketa bonoa

 

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button