Haziera

CARLOS GONZALEZi elkarrizketa BERRIAn

2014-01-05 Iturria: http://paperekoa.berria.info

CARLOS GONZALEZ. PEDIATRA

«Esplikaezina da guraso izaten erakutsiko duen norbait behar izatea»

Gurasoen atxikimendua haurraren oinarrizko beharra da, Carlos Gonzalezen ustez. XX. mendean hazieraren transmisioa hautsi zela dio, diziplinaren inguruko ideiak errepikatzearen ondorioz.

JON ORDOÑEZ BEASAIN

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

 

Carlos Gonzalez pediatrak (Zaragoza, Espainia, 1960) pizten duen interesaren adierazle da orain gutxi Beasainen (Gipuzkoa) eman duen hitzaldia, Ttiklik.com elkarguneak antolatuta. Bésame mucho eta Mi niño no me come gurasoentzako liburuak idatzi ditu, besteak beste, eta horien arrakastaren seinale, hitzaldirako salgai jarritako 150 sarrerak saldu eta aretoa bete zuen.

Zergatik behar dituzte gurasoek liburuak haurrak hezteko, gauza naturala bada?

Irudipena daukat gurasoak nahiko galduta daudela guraso izateko garaian. Sentitzen dute guraso izaten erakutsiko dien norbaiten beharra. Sentipen arraroa da, eta, nire ustez, esplikaezina. Ez naiz ni horren oso aldekoa, egia esan. Nik ez nituzke neure liburuak irakurriko.

Eta zergatik idazten dituzu?

Asko zeudelako baina gehienekin ez nengoelako batere ados. Garai batean hazieraz zeuden liburu ia gehienak diziplinaren ingurukoak ziren: nola zigortu haurrak, nola ez eman amore, nola ez hartu besoetangaizki ez hezteko… Pediatra gisa gurasoak larrituta ikusten nituen jasotzen zuten informazio horren inguruan, obeditzera behartuta, nahiz eta astakeria bat zela iruditu, euren inteligentziaren eta bihotzaren kontra bazen ere. Baina zergatik utzi behar da haur bat negarrez? ‘Liburuak esaten duelako’. Orduan pentsatu nuen ondo legokeela beste liburu bat egotea kontrakoa esanez.

Hazieraren transmisioan haustura bat egon al da?

Bai… Gurasoek haurrari oilaskoa nola eman jakiteko amonari galdetu beharrean, niri galdetzen didate, pediatrok haurrei oilaskoa nola eman ikasi izan bagenu bezala; guk meningitisa nola sendatu ikasi dugu, ez oilaskoa nola eman haurrei. Uste dut badagoela jakinduria gabezia bat, hein batean haur gutxiago ditugulako. Lehen familia batean ohikoa zen senide asko izatea. Gaur egun, berriz, asko dira euren anai-arrebak nola hezi dituzten ikusi ez dutenak, edo ilobarik ez dutenak… Lehen aukera gehiago zeuden etxean haur bat nola hezten zen ikusteko, eta laguntzeko, izan anai-arreba edo izan lehengusua.

Zergatik esaten zaie gurasoei haurra ez hartzeko besoetan, negar egiten uzteko, bakarrik egoten ikasi behar duela?

Gaur egun horrelako aholkuak ematen dituzten amonek ematen dituzte eurei horrela egin behar zela sinetsarazi zietelako. Gauza oso modernoa da hori. Nik ez dut sinesten XIX. mendean baserri batean haurrak negarrez uzten zituztela. 

Ez?

Ez. Ez dakit zergatik zabaldu diren arau jakin horiek, baina behin eta berriz errepikatzearen ondorioz jendeak sinetsi zituen.

Zergatik behar du haurrak gurasoen atxikimendua? 

Oinarrizko behar bat da, primarioa, bizirik irauteko. Ez dago haur independenterik. Kontuan hartu orain dela milaka urte batzuk arte ez zegoela arroparik, ezta maindirerik ere lurrean haurra uzteko. Segurtasunez haurrek besoetan egon behar zuten. Negar egitea euren komunikatzeko modua da. Gauean haurrak negar egiten duenean, ez du egiten bizikleta bat eros diezaiozun; negar egiten du ondoan eduki nahi zaituelako.

Afektibitatea adieraztea gaizki ikusia izan da gizartean.

Gizarte guztietan daude aurreiritzi eta tontakeriak. Arazoa da aurreiritzi horietako asko norabide berean doazela hezieraren esparruan: afektibitatea adierazteko debekua. ‘Ez hartu besoetan’ edo ‘ez sartu zuen ohean gaizki ohituko duzulako eta beti nahiko duelako’. Inork ez du sinesten fardela egunero jartzeagatik horretara ohitu eta beti ibiliko duela haurrak fardela. Irrigarria da. Haurrek ez dute ohituraz funtzionatzen. Haurrak aldatu egiten dira. Ibiltzea ere ez da ikasketa prozesu bat, baizik eta heltze prozesu bat.

Nola eragin dezake afektibitate gabeziak haurrarengan?

Zure seme-alabekin egiten duzunak luzera beti du eragina. Garbi daukagu haurtzaindegi batera eramateak edo beste batera eramateak eragina duela. Ondorioz, garbi dago eramateak edo ez eramateak eragina duela. Ez nuke, ordea, erabakia horretan oinarrituko. Batzuek diote haurrari zaplazteko bat emanez gero betiko trauma sortuko diozula. Beste batzuek, ezetz, horrek ez diola sortuko. Bi jarrerak, ordea, okerrak iruditzen zaizkit niri. Niri berdin dit trauma izango duen edo ez, kontua da haurrari ez zaiola jo behar. Zergatik tratatu haurrak maitekiro? Gure haurra delako eta maite dugulako. Maitekiro tratatzeagatik heldua denean seguruagoa, independenteagoa, egonkorragoa izango da? Ba, ziurrenik, bai, edo agian ez, baina ez zait inporta.

Joera berria orain lehengora itzultzea da, eta zenbait gaietan badirudi sektore tradizionalistek defendatzen zituzten joera berak direla: edoskitzea, haurra zaintzeko amak lana uztea… Ez al dago arriskuan emakumeek azken urteetan egin dituzten zenbait urrats?

Gauza batzuk ez dira ez antigoalekoak ez modernoak, baizik eta gizakiak berezkoak dituenak. Nik ez dakit 200 urte barru Martera joango garen, baina badakit haurrak zaintzen jarraitu beharko dugula. Bistakoa den arrazoi fisiologiko bategatik, edoskitzeagatik, normalean logikoena izango da jaioberria amak zaintzea; gero bietako edozeinek zaindu dezake.

Zainketa eta lana bateratzea ez da erraza, ordea.

Hutsegitea izan da zainketa banatu beharrean ezeztatu egin dela. Hau da: nire amak ez zuen lanik egiten etxetik kanpo, baina nire aitak astean 48 ordu lan eginez (larunbatak barne) mantendu egin gintuen eta senide guztiak unibertsitatera bidali gintuen. Ez dut ulertzen bi gurasoek lan egin behar badute, zergatik egin behar dute lan 80 orduz astean. Engainatu egin gaituzte. Nola da posible orain dela 50 urte 48 lan ordurekin hiru seme-alaba mantendu eta unibertsitate ikasketak eman ahal izatea, eta orain unibertsitate ikasketak dituen bikote bati 80 orduz lan eginez haur bat mantentzea kostatzea?

Nola da posible?

Lehen ez genituen beharrak sortu dizkigute. Ez pentsa nire aitak egundoko soldata zuenik, baina sekula ez zuen autorik izan, eta sekula ez ginen urrutira joan oporretara. Orain uste dugu beharrezkoa dela autoa, hondartzan etxe bat izatea, India ikusi eta han dagoen espiritualitatea sentitzea. Badirudi ez dela beharrezkoa zortzi hilabeteko haur bat zaintzea, haurtzaindegian hamar orduz egon daitekeelako. Gure lehentasunak gaizki aukeratu ditugu.

Europa iparraldeko herrialdeak jartzen dituzu adibide. 

Ez dut ulertzen Norvegian dituzten lan orduak, oporrak eta erretiratzeko adin berbera izanik zergatik ez daukagun han duten amatasun baimenaren zortzirena ere. Gauza gehienetan Europa iparraldearen pare gaude, baina amatasunarenean ez. Zergatik? Gure agintariek, gure sindikatuek, gure gizarteak ez diotelako lehentasunik eman. Hemen egin daiteke greba bat soldatagatik, baina ez amatasunerako zortzi hilabete eskatzeko.

Zergatik da hain garrantzitsua seigarren hilabetetik aurrera haurrak normal jaten ikastea?

Helburua hori delako. Jendearen ustea da, uste okerra, seigarren hilabetetik aurrera haurrak elikadura hobetzen hasi behar duela eta horregatik ematen dizkiogula zerealak eta oilaskoa. Baina ez. Elikadurarik onena lehen hilabetetan behar du haurrak, horregatik ematen zaio soilik esnea: amaren esnea edo amaren esnearen antza duen laborategi batean egindakoa. Seigarren hilabetetik aurrera okerrago jaten has daiteke. Okerrago jatearen truke haurrak ikasten du pixkanaka heldu batek bezala jaten. Zer nahi dut haurrak jatea handiagoa denean, purea edo makarroiak eta kokotxak? Ba hori da bidea.

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button