0-5Adimen EmozionalaAintzane IrizarHezkuntzakolaborazioak

JOKABIDE ALDAKETARAKO TEKNIKAK HAUR HEZKUNTZAN

Iturria: http://sabeletikmundura.com

KOLABORATZAILEAAintzane Irizar

Haurrak txikitatik gizarte baten barruan bizitzeko ezinbestekoak diren arau eta mugak barneratzen joan daitezen; gaur egungo hezkuntza sisteman, teknika konduktual eta diziplinarioak ugari erabiltzen dira: pentsatzeko aulkia eta lasaitzeko txokoa beste batzuen artean.

Orain dela gutxi gai honen inguruan nolabaiteko kezka azalduz; Sabeletik Mundurarekin harremanetan jarri zen 2 urteko haurra duen guraso bat. Berak kontatutakoaren arabera; 2 urteko haurren gelan lasaitzeko txokoa edo pentsatzeko txokoa erabiltzen dute eta teknika hauen erabilerak zalantza asko sortzen dizkio. Beraz gai honen harira, jarraian; 2-3 urteko haurretan pentsatzeko aulkiak edo txokoaren erabileraz nire iritzia eta proposamenak zabaldu nahi dizkizuet.

Hona hemen azalpen teoriko labur bat, teknika hauen nondik norakoa pixka bat ulertzeko.

Lasaitzeko txokoa eta pentsatzeko aulkia bezalako baliabideak; psikologiaren arloko TIME OUT (tiempo fuera) deritzon teknikatik ateratako metodo ezberdinak dira. TIME OUT teknikaren funtsa honakoa da; haurrak gelan ekintza negatibo edo desegokiren bat ( norbait jo, iraindu, koska egin…) egiten duenean, taldetik aldendu eta estimulurik gabeko txoko batean isolatu behar dela denbora tarte finko batez. Haurraren urte kopurua eta isolatuta egon beharreko minutu kopurua berdinak izan behar omen dira, hau da; 5 urteko haurraren kasuan 5 minutuz egon beharko luke bera bakarrik aulkian edo txokoan, ondoren hezitzailearen laguntzaz egoera aztertu eta bideratu beharko litzateke. Hala ere, TIME OUT teknika ez da gomendatzen 3 urtetik beherako haurretan aplikatzea.

 

Hona arte azalpen teorikoak. Nire ustez TIME OUT teknikaren funtseko ideia batzuk egokiak eta oso erabilgarriak dira baina teknika honen erabilera kasu asko eta askotan okerra izaten da. Gela barruan jokabide desegokiak daudenean, hauek tratatzeko eta bideratzeko txoko bat prestatuta edukitzea oso ideia ona iruditzen zait, taldetik aparte jarrita, haurrari nolabaiteko intimitate eta konfiantza sentimendu bat emango dion espazio finko bat hain zuzen. Horra arte ados, baina ESPAZIO HORRETAN EZ DUGU INONGO MOMENTUTAN HAURRA BAKARRIK ETA ISOLATUTA UTZIKO.

Haurra zigortuta

 

Haurrak txiki txikitatik gelaren (gizartearen isla) barruan bizitzeko arauak eta mugak barneratzen hasi behar dira, baina prozesu honek berak frustrazio eta haserre ugari sorrarazten ditu. Haurren erresistentzia erreakzio hauei irteten utzi eta horretarako espazio bat eskaini behar diegu, beraiek ere euren frustrazioa toleratzen hasi daitezen.

2 urte ingururekin, haurra bere autoritatea garatzen doa eta hau frogan jarri nahi izaten du guraso eta hezitzaileen erreakzioak ikusiz. Gurasook ondo jakingo duzue pazientzia handia eskatzen duen etapa dela hauxe. Haurraren garapenean arrunta den etapa bat izanagatik ere, askotan erresistentzia eta erreakzio gogor hauen atzean, haurrak ase gabeko beharren bat izan dezake; adibidez bakarrik sentitzen da eta horrelako emozio desatseginak bideratzen ez dakienez horrelako haserre erreakzioak izaten ditu. Beraz oso garrantzitsua izango da beti: JOKABIDE BATEN ATZEAN DAGOEN HAURRAREN BEHARRA ZEIN DEN IDENTIFIKATZEA.

Aipatu berri ditugun arau eta mugak barneratzen joateko helburuarekin erabiltzen da esaterako PENTSATZEKO AULKIA. Teknika honen erabilera txarrak, haurrek pentsatzeko aulkia zigor baten moduan ikustea eragin dezake. Izan ere, ekintza negatibo bat egin eta gero haurra aulkira bidaltzen badugu bakarrik, eta denbora tarte horretan gure arreta eta afektua erretiratzen badizkiogu:

1. Haurrak ez du bere emozio propioa identifikatuko, beraz hau ezingo du bideratu.

2. Egindakoaz ez du inongo hausnarketarik egingo eta egoera berriz errepikatuko da.

Gainera, nahiz eta haurrei horrela ez adierazi, pentsatzeko aulkiak beti hartuko du zigor kutsu bat. Ahaleginak egin beharko ditugu ZIGORRA-PENTSATZEA lotura egin ez dezaten.

Nola izango da ba pentsatzea zigorra?, alderantziz; pentsatzeko eta hausnarketarako gaitasunak txikitatik sustatu beharreko gaitasunak dira. Are gehiago; 2-3 urteko haur batek laguntza behar du pentsatzeko. Aulkian eserita bera bakarrik, pentsatzeko eskatzen badiogu galdu egingo da eta edozer gauzarekin entretenituko da. Horregatik pentsatzeko tarte horretan haur txikiei gure laguntza eskaini behar diegu: egoera planteatuz, galderak eginez …

Pentsatzeko aulkia edo lasaitzeko txokoaren ordez EMOZIOEN TXOKOA proposatzen dut. Emozioei buruz hitz egin, hauek askatu eta bideratzeko txoko bat dela azalduko diegu haurrei eta hobeto sentitzea behar duten guztietan bertara jotzeko eskatuko diegu.

Ez nuke gelako arauak betetzen ez dituzten egoeretara edo haserreak bakarrik bideratzeko erabiltzen den txoko batetara mugatuko. Emozioen txokoa izanik, haserreez gain; haurren beldur, urduritasun, tristura … joerak ikusten ditugunetan, horrelako emozio konplexuak lantzeko ere erabiliko nuke espazio hau. Horrela haurrek ere, ez dute ikusiko “ gaizki portatzen” direnetan joaten diren txoko bat bezala.

Txoko hau sortzerako garaian haurren iritzia eta laguntza eskatzea gomendagarria iruditzen zait, beraiek horren parte bihurtuz espazio honenganako euren jarrera irekiagoa izango baita. Horrela, bertan jarri dezakegun materiala eta objektuak honakoak izan daitezke: kuxinak edo burukoak, panpinak, marrazkiak egiteko margo eta papera, besarkaden aulkia …

Orain arte esan dugun guztia hobeto ulertzeko, gelan eman daiteken egoera zehatz baten adibide bat proposatuko dut.


Pentsa dezagun; Haur hezkuntzako gela batean, haur batek beste bat jo eta iraindu du. Berehala ekintza negatiboa egin duen haurra emozioen txokora eramango dugu. Bertan, honako teknika segida erabiliko dugu beti: KONEKTATU-BIDERATU. Haurra momentu horretan oso haserre dago, beraz edozein azalpen arrazional eta diziplinarioren aurrean ez du erantzungo. Helduoi ere berdina gertatzen zaigu, haserre gaudenean, egoera modu lasai eta arrazional batean planteatzeko gai izan aurretik, gure haserrea adierazia eta ulertua izatea BEHAR dugu. Beraz lehenengo pausoa, haurrak emozioarekin KONEKTATZEA da eta honi izen bat ematea. Behin hau eginda, emozioa (haserrea) ateratzeko espazioa utziko diogu eta hau intentsitatea galtzen doanean; lasaitzeko eta bere alde arrazional/logikoarekin berriro konektatzen lagunduko dion ariketaren bat proposatuko diogu; energia askatzeko kuxinak erabiltzea edo gorputza mugitzea, arnasketa ariketaren bat, panpinekin egoera azaltzea,marrazki bidez edo ahoz gertatukoa adieraztea … egoeraren arabera bat edo beste aukeratuko dugu.

Ariketa hauetakoren batean sartzen doan heinean hasiko gara hezitzaileak egoera BIDERATZEN; galderak egiten eta gelako arau nahiz mugen alde diziplinari hori gogorarazten. Azkenik haurrari esperientzia beste gelakideekin elkarbanatzeko aukera eskainiko diogu. Izan ere helduok nahiko barneratua dugu lehendik ere; pozak eta gauza atseginak bakarrik konpartitu behar ditugula besteekin, emozio desatseginak eta egoera zailak norberak ondo gorde ezkutuan eta ahal duen bezala bideratuz.

Horregatik haurrei, emozioen txokoan izan duten esperientzia besteen aurrean azaltzeko aukera eskaintzea oso positiboa izango da; horrela, emozio GUZTIAK naturaltasunaz bizi behar ditugula transmititzen ari baikara.

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button