TTiKLiK!

II. “GURASOEI GUTUNA” idazlan lehiaketa. Helduen kategorian aipamen berezia

Biktimaren biktima

Noiz lapurtu zenidan haurtzaroa? Ez dakit; umeegia nintzen. Umeegia, bat-batean
heldu bilakatzeko. Umeegia, gauaren erdian amets goxoetatik amesgaiztoetara
pasatzeko eta, are gehiago, amesgaiztoetan gaiztoena zena “egigaizto” bilakatzeko.
Umeegia, nire burua babesteko eta bizitza zer zen jakiteko.

Noiz ohartarazi zenidan hilko zenidala? Ez dakit, heriotza urrunegi zegoen hain hurbil
sentitzeko. Zure heriotza desiratzen nuen. Nire aitaren heriotza. Gizaseme baten
heriotza, deabru-seme baten heriotza. Dena zen maltzurra zure ekintzetan. Alkohola ez
zen zure laguna, ez, zure bortizkeria eta sadismo psikopatologikoa areagotzen
baitzuen.

Noiz erakutsi zenidan zer zen beldurra? Neure begiekin ikusiz nola astintzen zenituen
nire anai-arrebak, sentituz nola “erabiltzen” zenituen nire arrebak, sufrituz nola
mespretxatzen eta jipoitzen zenuen gure ama. Haurra besterik ez nintzenean, nire
barruan ezkutatzera ohitu nintzen. Handik gutxira, mundua indar eta gorroto biziarekin
menderatuko zuen nerabean bilakatu nintzen, nire burua maitaezina zela ohartu gabe.
Beldurretik gorrotorako bidea bakarrik egin nuen zuk “oparitutako” heziketa ezaren
paradigmako bi gaixotasun emozional horiek barneraturik. Beldurtutako gorrotoa
oharkabean plazaratzen nituen maite nituen pertsonen aurrean. Oharkabean zure
jokabideak errepikatzen nituen, zu zinen hura izanez. Garai hartan, errudun sentitzen
nintzen, maitaezina sentitzen nintzen eta maitasun beharra nuen, gaixorik zegoen
beharra, zulatutako bihotzaren zauriak estaltzeko. Pixkanaka eta ohartu gabe, nire
burua gorrotatzen hasi nintzen, zu gorrotatzen zintudan bezalaxe; ezin nuen nire burua
barkatu, zu barkatzeko gaitasunik ez nuelako.

Noiz bilakatu nintzen gorrotatzen nuen pertsonan? Helduaroak konturatu gabe
harrapatu ninduen, aurrera irten beharra zegoen, ezta? Edo behintzat hori esaten dute
gelditzeko beldurtuegiak daudenek: “Lana egin, etxea erosi, seme-alabak izan eta ahal
denean irribarre batekin agurtu bidean topatzen dituzunak”. Eta orduan, denbora
aurrera joan ahala, gorrotatzen nuen hori izatera eraman ninduen bizitzak; alegia, aita
izan nintzen. Ziur nengoen ez nintzela nire aita bezain puta semea izango. Ez nuen
indarkeria fisikoa erabiliko, baina ahozko indarkeria barruan neraman. Nire semearekin
jipoiaren biolentziarik erabiltzen ez banuen ere, nahigabeko oihuak eta ahots tono
ozenak behin baino gehiagotan azaldu ohi ziren. Eta orduan ohartu nintzen gorroto
nuen horretan bihurtu nintzela, ez beti noski, horregatik sentitzen nintzen nire burua
barkatzeko gai, zuritzeko gai. Egi arrazionala dirudien gezur emozional galanta!
Noiz bihurtu nintzen biktima baten biktima? Ni ez nintzen beldurtuta jaio, ez nintzen
gorrotoarekin jaio. Beraz gorroto hau nirea ez den bezala, beldur hau ere ez da nirea.
Bueltatu nahi dizkizut aita, zureak baitira. Gorroto dut pazientzia galtzea, gorroto dut
oihu egitea, gorroto dut… Gorroto dut nire burua, gorroto dut gorrotatzea… Gorroto
zaitut aita nire barruan zurea den zaborra utzi didazulako. Gorroto dut gorroto honen
atzean ezkutaturik dagoen beldurra. Beldurtzen zenidan aita. Nire semeak nirekiko
beldur izatearen beldur bizi izan naiz, zu bezalakoa izango ote naizen beldurrarekin.
Baina nahikoa da. Buruak esaten dit ez onartzeko gorroto eta beldur hauek, bere
jabeari bueltatzeko, baina bihotzak ez ditu buruak erabiltzen dituen arrazoiak
partekatzen. Bihotzak bere arrazoi propioak ditu, arrazoi kognitiboak ezagutzen ez
dituenak. Bihotzak dio ez onartzeko gai izateko, lehenik, gure burua onartu beharra
dagoela eta gure burua onartzeko berau barkatzen ikasi behar dugula. Beraz, besteen
begietara maitaezina denak, bere burua barkatzetik hasi beharko luke. Baina,
maitaezina denak barkaezina dirudi; dirudi.

Ni ez nintzen maitaezin jaio, maitaezin egin zidaten zure beldurrek, zure gorrotoak…zu
aita. Pertsona maitaezina izatea beste pertsona maitaezinak sortzen ditu. Ni pertsona
maitaezin batean bilakatu banaiz, zu ere noizbait bihurtuko zinen maitaezin. Zu ez
zinen borrero jaio. Zu ez zinen beldurrez jaio. Zu ez zinen gorrotoz jaio. Deabru-seme
jaio zinen, zure aita deabru-seme jaio zen bezalaxe. Beldurrez eta gorrotoz bete zituen
zure bizitza. Eta horrela bizitzen gera, ematen digutena jasoz eta jaso duguna emanez.
Nahiko kuraiarik gabe ohartzeko, gelditzeko, onartzeko, aldatzeko… Gurea ez dena
besteari bueltatzeko. Gure burua barkatzeko biktima baten biktiman bilakatzeagatik.
Iraganaren atzamarretatik askatzeko eskubidea dut, iraganaren biktima naiz, zu aita
izan zinen bezalaxe. Onarpenaren askatasunean bizi nahi dut. Nire burua barkatzeko
beharra dut. Horixe beharko zenuen zu aita. Horixe behar dugu gizaki orok baina
itsuegi gaude iraganeko zamak ikusteko. Iragana gandua da, urrun denboran eta
hurbilegi sentimenduan. Aita, nireak ez diren beldurrak eta gorrotoak zuri bueltatzeko
gogoa sentitzen dut, zuk eman eta jaso ez zenuen barkamena nik neuk eman eta
jasotzeko nahia, beharra. Nire burua barkatzeko prozesua hasi nahi dut, zu barkatuz.

Zuri bueltatuz nire baitan utzi zenuen zaborra, zeurea den zaborra.

  • Barkatzen zaitut aita, nahiz eta zure semea ez nintzela sinestarazi…
  • Barkatzen zaitut aita, nahiz eta nire aita izaten ez jakin…
  • Barkatzen zaitut aita, nahiz eta nirekin inoiz ez jolastu…
  • Barkatzen zaitut aita, zure gorroto eta beldurrak nire baitan utzi arren…
  • Barkatzen zaitut aita, nahiz eta haurtzaroa lapurtu didazun…
  • Barkatzen zaitut aita, heriotzarekin hainbeste beldurtu nauzun arren…
  • Barkatzen zaitut aita, inoiz ez duzulako ikasi sufrimendua onartzen…
  • Barkatzen zaitut aita, zure iraganaren biktima izan zarelako…
  • Barkatzen zaitut aita, bizitzan galduta ibili zarelako…
  • Barkatzen zaitut aita, ez duzulako maitasuna ezagutu…
  • Barkatzen zaitut aita, ez zenekielako zer egiten zenuen…

Arin sentitzen naiz, askoz ere arinago. Ez dut zabor ustelaren kiratsik sumatzen. Gai
naiz zutaz oroitzeko beldurrik gabe, gorrotorik gabe. Zure alde onak eskertuz eta
txarrak errukiz sentituz.

Eta horrela bizitzen gara…

Aitor Aritzeta

 

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button
Close