Uncategorized @eu

II. “GURASOEI GUTUNA” idazlan lehiaketa. Helduen kategorian irabazlea

Mende osoa gaindituta agur esan behar izan dizut ama. Joan zara isiltasunaren paradisura baina nire gorputza ukitzearekin batera ohartzen naiz, zure atomoz eginda nagoela ni ere. Zure sabela garbitu eta laztandu dut urte askotako eten gabeko zainketan, nire sorlekua izan zela ahaztu gabe, bizia zor dizuet zuri eta aita zenari, arima ez ordea, hau ulertzea kosta izan zaidanarren, nire barruko argi izpi hori, beti erne dagoen zaintzailea ni neuk sortu aurretik aukeratu nuen antza, eta ez nintzen naizena izango zu beste norbait izan bazina, zure sabela, zure izate osoa aukeratu ez banu  bizitza lurtarrean, zailtasunei aurre eginez ikasten jarduteko.

Zure bizitza luzean ez dira argi-ilunak falta izan, ezta gu bion arteko harremanean ere, mendea gaindituta joan izanak ordea, gaizki esanak eta oker egindakoak leuntzeko, elkarri barkatzeko eta neurririk gabe hurbiltzeko aukera eman dit. 

Ez zenuen burua galtzerik nahi eta ahaztura heldu zitzaizunean, iraganaren zertzeladez jantzi zenuen egoera berria, sufrimenduari ihes egin nahian agian? etxean egonarren zure etxea beste bat zen eta amaren presentzia  nabarmenagoa egiten joan zen apurka apurka. Ez ditut inoiz ahaztuko zure poltsikuan gordetzen zenituen arratsalde erdiko galetak,  azukre koxkorrak, zenbaitetan menbrilo zatiak ere bai, goserik ez zenuen galdetuta zure erantzuna beti berdina zen: ez umea, etxean zai zaudakan amarentzat ditut. -Ama, zorioneko ama… erantzuten nizun behin baino gehiagotan eta zuk erantzuten zenidan: ah gaixoa akordatuko zara zu ere egunen batean. – baina ama! Ez alduzu beste inor buruan? Eta zuk segidan erantzuten  zenidan  -ez aldakizu “Ama izen handia dela?” hitz horiek bihotzeraino sartzen zitzaizkidan, egunen batean nik ere sentipen bera izando nuen ustetan. Eta hala izan da amatxo, egunero gogoratzen dut zure esaldi poetikoa, amaren itzalak ez bait du parekorik, baina hegoak libratu eta aldegin behar izan duzu, gainerakok momentua heltzen zaigunean aldegingo dugun bezala. Zerua estalita, oreatuta esnatzen bazen ere zure begi urdinetan zerua nuen bistan gora begiratu beharrik gabe, orain bi izar horien falta somatzen dut, baina zure ama zena besarkatu eta zoriontsu izango zaren esperantza dut. Azken momenturarte, zure ondoan egoteko aukera eman zenidan, biok bakarrik elkar hartuta, halaxe egin zenuen azken bidaia, besarkada luzea eman ostean, joateko lasai esan nizun, segi argiari ama xuxurlatu nizun belarrira, denok ondo gaude eta zu nekatuta zaude, hartu atseden eta besarkatu ezazu ama, argi ederrean zain duzun ama. Hau esan orduko harnasa estutu zitzaizun eta azken hatsa eman zenuen ia 102 urte zenituela.

Garai batean erlategira joaten zen etxeko gizona, difuntuaren arimak bidea aurki zezan, erleei, argizaria egin zezaten esatera. Gaur galdu ditugu ohitura zaharrak, erlategirik ere ez da gure etxean baina intzentsuz eta kandelaz bidea errazten saiatzen naiz, ez dakit lortuko dudan baina zure itzalak babestuko nauela ziur dakit eta egunen batean nire bila irtengo zarela ere bai. Emakume izatearen harrotasuna izan duzu beti, bizitza askea eta duina estimatu izan dituzu, orain kosta ala kosta lekzioa ikasita huts egin gabe segi beharko dut aurrera, lagun iezaidazu bidea aurkitzen, argiak gida zaitzala zure aurrekoengana amatxo maitea.

Mari Karmen Odriozola Eguren

63 urte, Ordizia, Gipuzkoa.

Saria: Beasaingo Udala

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button