interesgarriakJone Areta Urrestarazukolaborazioak

JOLAS LIBREAREN GARRANTZIA

2016/01/11 Jone Areta Urrestarazu

Oporetan jolasaz gozatzeko aukera paregabea dute gure seme – alabek. Ziur naiz opariz beteta iritsi zela gure Olentzero etxe guztietara, baina nire ustez oparirik handiena denbora da: jolasteko denbora.

Egungo bizimoduak, erlojuaren menpe bizitzera kondenatzen gaitu. Ekintza bakoitzak bere momentua du egunean, hasiera eta bukaera zehatz batekin. Haurrek egiten dituzten ekintza gehienak gidatuak dira eta etxean jolas librean aritzeko denbora gutxi izaten ohi dute.  Jolas librea da, ordea, haurraren motibazioa, arreta eta ikaskuntza esanguratsua lortzeko bide paregabea.

Gaur bazkaria prestatzen nengoen bitartean, nire semea jolasean aritu da animaliekin. Animaliak oso gustukoak ditu eta askotan aukeratzen ditu jolasean aritzeko. Gaurkoan zoo bat osatu du …

  • Animaliak familiaka antolatu ditu: lehoiak, dortokak, hartzak …
  • Familia bakoitza tamainaren arabera antolatu du: handia, ertaina, txikia, …
  • Familia kide kopuruaren arabera familia mota desberdinak osatu ditu: ama eta kumea, ama, aita eta bi kume, …
  • Familia bakoitzari espazioan kokapen bat eman die animali bakoitzaren bizitokiaren arabera: lurra, ura, …
  • Azkenik, animalien zainketa lana bion artean izanen dela esan dit eta nik 10 animali aukeratu behar nituela. Animaliak aukeratzen nioan heinean, 10 izatera iristeko zenbat falta zitzaidan gogoratzen zidan eta aldi berean zenbat gelditzen zitzaizkion berari zenbatzen zuen.

Jolasak luze iraundu du eta inongo momentuan ez da aspertu. Motibazioa ziurtatuta egon da hasieratik, berak aukeratu baitu jolasa. Motibazioaren ondorioz arreta momentu oro mantendu du eta ongi pasatzearekin batera asko ikasteko aukera izan du: ingurunearen ezagutza (animalien ezaugarri fisikoak eta euren bizimodua, familia mota desberdinak, … )  matematika (tamaina, kopurua, batuketak, kenketak, espazioaren antolaketa … ), …

Nork esan dezake jolasa ez dela lan serioa??

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button