Itxaro Mendizabal Amundarainkolaborazioaknabarmenduak

42ren erdia

2019/11/30 VII. Gurasoei Gutuna lehiaketako sari banaketan irakurria. 

Itxaro Mendizabal Amundarain

Kaixo ama, kaixo aita,

Konturatu naizenerako 4 urte pasatu dira azkeneko aldiz gutuna idatzi nizuenetik. Hemen nabil ni urtero jendea xaxatzen idatz dezaten ta ni naiz gehiena kostatzen zaidana.

Aurten 42 urte bete ditut eta inoiz baino gehiago sentitu det zuen falta. 42, ez dirudi zenbaki berezia…ezta? ba neretzako bada. 42 urtera iristeak nire bizitza bi zatitan banatuta ikustea ekarri bait dit. 21 urte nituenean joan zineten, duela 21 urte. Momentu honetan bizitza horrela banatuta ikusten dut. 21  urte zuekin eta 21 urte zuek gabe…

Eskerrak gauzei buelta ematen ikasi diegun eta 21 horri ere eman diodala. 21i buelta emanda 12 atera zait, eta 12 zenbakiak beste esanahi potolo bat hartu du nire bizitzan. 12 urte bait dira gu ere guraso bihurtu, egin, sortu, ginenetik.

Gurasoei gutuna lehiaketa martxan jarri nuenean ez nuen pentsatu nik ere gutunak jasoko nituenik. Gaurkoan ere hemen daude, 7. Aldiz lehiaketako sariak banatzen. Nik zuei idazteko behar handia izan dut urte hauetan, baino badakizue? Nik bezela, beste askok ere behar hori izan dute, eta beraien gurasoei idatzi ahal izateko bide bat izan da zuen omenez sortutako lehiaketa hau.

Zorteduna naiz horrelako jendeaz inguratuta nagoelako. Ekaitz eta Irati aipatu nahiko nituzke gaur ere, lehiaketaren parte bait dira dagoeneko. Gaurkoan gainera 2 lagun berezi etorri dira gurekin momentu hauek ekarbanatzera. Amaia eta Leire. Leirek aspaldi esan zidan gustura joko zuela pianoa gure ekitaldian, eta ni pozik! Horrelako jendea behar eta nahi dut eta nire ondoan. Eta Amaia.. zer esango dizuet.. duela urte batzuk ttiklikera etorri zen ume txikiekin antzerkia egitera, hor ezagutu genuen.. baina azken aldi honetan gehiago ikusten dugu telebistan, iragarkietan, pelikuletan, kortoetan… pentsa, aurreko hilean Sendavivara jun ta hantxe zeon, kartel eta bideo guztietan! Oso pozik nago gaur gure gonbidapena onartu eta aurkezpen lanak egitera animatu delako.

Gerturatu diren guztiei.. parte hartu duten guztiei.. nire ondoan dauzkaten pertsonei eskerrak eman nahiko nizkieke.. baina ez dakit nola. Zuek uste duzue badakitela zenbat estimatzen ditudan?

Aurten Gurasoei gutuna idazlan lehiaketa aldapan gora egin zait. Hasieran jendeak parte hartuko etzuenaren beldurrez, gero ze gutun mota irakurriko nituen pentsatuz… ai ene. .askotan masokismo punttu bat dauketela iruditzen zait.. gutun potenteak jasotzen ditugu, barruak mugitzen dituzten horietakoak.. eta nik ez det asko behar barruak mugitu eta zuek utzitako zulo hori handitzen joateko. Egia da baita ere beti zerbait ikasita eta indartuta ateratzen naizela honetatik, eta aurten ere hala izan da. Gutun zoragarriak iritsi dira. Lanketa sakonak… eta pertsona berriak ezagutzeko aukera ere izan dut.

Denera ama, 287 gutun jaso ditugu!16 helduen kategorian, 18 gazteenan, eta 253 haurren kategorian. Haurtxoen marrazkitan berriz, aita, 7 marrazki izan dira! Bueno.. ez noa gehiago luzatzea, bestela aspertuko zaituztet gaurkoan hainbeste zenbakiekin… ametsetan topo egingo dugu gaur gauean. Matte zaittuztet.

 

 

 

 

Related Articles

Back to top button
Close