Itxaro Mendizabal Amundarainnabarmenduak

[GOIBERRI] AGURRA

GOIBERRI-n argitaratua, 2020/02/29 Itxaro Mendizabal Amundarain
Artikulu askotan ateak ixteari buruz aritu naiz. Etapak bukatzea zein garrantzitsua den esan dut… eta orain itxi nahi ez dudan ate bat ixtea tokatzen zait, bidelagun hartu dudan hari bat etetea. Badaukat lana honek sortzen didan pena kudeatzen. Atzera begira jarri beharra izan dut berriro, eta denbora tarte motza iruditzen zaidana ia zazpi urteko zikloa izan dela konturatu naiz. 2013ko irailean hasi nintzen GOIBERRIn idazten. Aurreneko artikulua teoria hutsekoa izan zen, baina bigarrenetik aurrera barruak askatzen hasi nintzen, barrutik ateratzen zitzaizkidan oihuak paperean jartzen. Denera ia 40 artikulu idatzi ditut!

Urte hauetan izan dudan aldaketaren testigu izan dira GOIBERRIk oparitu dizkidan orri hauek. Amets bat baino gehiagori forma eman diot. Bide berriak esploratu eta erakutsi dizkizuet. Ur Handitan murgildu naiz, Gailurrak zapaldu ditut. Kirolik egin gabe 40 urte pasa ondoren nire sendatze-prozesu honetan lagungarri izan zaidan korrika egitearen testigu bihurtu zaituztet. Azkena izatearen garrantzia azpimarratu dut. Mamuei aurre egin ordez, beraien laguna egin behar garela ere aipatu dut, aldapan gora eta behera eraman zaituztet, eta orain berriz, agur (edo gero arte, batek daki!) esatea tokatzen zait.

Zuetako askok kalean geratu izan nauzue, artikuluak gustura itxaroten dituzuela esan didazue batzuk, oso identifikatuta sentitzen zaretela besteek, beste batzuk berriz gure gurasoak ezagutzen zenituztela eta artikuluak aitzakia hartuta nirekin beraietaz hitz egiteko indarra atera duzue. Emandakoa baino gehiago jaso dut, horretan ez dut zalantzarik.

Azken artikulua idazteko aukera eman didazuela, eskerrak eman nahi dizkizuet Goierriko Hitza-ko ekipo osoari, irakurle guztiei (paperean zein Interneten) eta urte hauetan guztietan  ondoan sentitu zaituztedan guztiei. Bihotzez, eskerrik asko!

Azken idatzi hau egindako ekarpenak izendatuz bukatu nahiko nuke, urtez urte, hitzez hitz, pausuz pausu eta emozioz emozio atera zaidana gogora ekarriz:

Momentuz hauxe da emandakoa. Badakizue… gaizki esanak barkatu, eta ongi esanak…  ba… kontuan hartu. Izan zoriontsu!

Related Articles

Back to top button