Adimen EmozionalaAmatasunaEtiketakHarremanakHezkuntzainteresgarriakItxaro Mendizabal Amundarainkolaborazioaknabarmenduak

Neurriak

guraso.eus 2021-10-29  

Gizarte gaixo batean bizi gara, eta gizarte berak gaixotzen gaitu. Elikadura nahaste bat izatera iristen den pertsona batek agian ez du gizarte gaixo horren beharrik zuloan erortzeko, baina oso garbi daukat lagundu, asko laguntzen duela.

Gure haurrek (eta helduok) duten/dugun presio soziala ikaragarria da. Nahiz eta gurasoak korrontearen kontra arraun egiten saiatzen garen, ezin dugu askotan errekaren indarra gainditu, eta denok eramaten gaitu, modu batera edo bestera, ur-jauzi haundi horretara.

Ikasketetan hoberenak izan behar dugu, gero guk nahi dugun hori izan nahi badugu (edo hori da saldu nahi digutena). Gorputz elegante eta zaindua izan behar dugu, eta hori izateko, argal egon behar dugu (edo hori da saldu nahi digutena). Alaba/seme ona izan, lagun artean onartua sentitu. Akatsik gabeko robotak bezala portatu… baina jarri dizkiguten kanon horietatik ateratzen bagara… akabo! hor dator presioa, hor dator onarpen falta… eta hor datoz askotan isekak eta gaizki tratatzeak.
Nerabe batek arropa erostera joan behar duenean, eta sartzen den denda ia gehienetan probatzen dituen galtzak sartu ezinda geratzen denean, arazo handi baten aurrean egon gaitezke. Arropa horiek, beste gauza asko bezala, estandarretan sartzen diren pertsonentzako eginda daude eta. Baina zer pasatzen da hortik kanpo geratzen den beste multzo haundi batekin?

Nerabe honekin azkenean helduen atalean erosten duzu arropa, beretzako hain gustuko ez den estilo bat jantzi beharko du eta ez bere taldeko lagunek jazten duten modukoa. Lehendik desberdina eta arraroa sentituko bazen, zer esanik ez ‘arazo’ hau sortzen denean.
Nire gaixoaldian horrelakorik pasa ez nuela uste nuen duela gutxira arte… baina orain gertutik bizitzea tokatu zaidan kasu bat izan dut eta konturatu naiz nik ere hau pasatu nuela. Eta oraindik gaur egun ez naizela eroso sentitzen horrelako dendetan arropa probatzean. Txikitatik jantzi zabalak jantzi izan ditut. Gorputza ezkutatzeko agian, baina baita bestelakorik jantzi ezin nuelako garai batean.
Oso tristea da ume bat egoera honetan ikustea. Tristea eta mingarria sortzen dion ezinegona sentitzea. Eta okerrena ez da hau, okerrena arropen gaia gizarte kakaztu honen lagin txiki bat besterik ez dela da.
Neurri guztietako pertsonak gaude mundu honetan. Fisikoki, emozionalki… desberdinak. Zer dela eta ez dugu denontzako egokia den gizarte bat osatzen?

 

Related Articles

Back to top button