Adimen EmozionalaHezkuntza

Burlak maneilatzen

 

EZ DA ERRAZA BURLA DEFINITZEA. NOLABAIT, ONDOKOA KONTUAN HARTU GABE NORBERAK BERE BURUA ALDARRIKATZEKO MODUA DA. KONTUA DA BURLA KONPLEXUAGOA ERE BADELA.

ADINAREN ARABERA MOLDATU EGITEN DA. HAUR TXIKIEN KASUAN, BURLA BAKOITZAREN GAITASUNEKIN LOTZEN DA: “EZ ZARA GAI HORI EGITEKO ETA NI, BERRIZ, BAI.” HAUR TXIKIENEK HORI DARABILTE EUREN GAITASUNAK NABARMENDU NAHIAN. HANDIAGOAK DIRENEAN, BERRIZ, BURLA EGITEN DA BESTEEN EZAUGARRIEKIN EDO ITXURA FISIKOAREKIN.

Lehen eta orain, burlak antzekoak dira?

Burlek antzekoak izaten jarraitzen dute, nagusiki estereotipoekin loturik daudelako. Normala ez den guztiarekin egin ohi da burla. Gure burua aurrerakoitzat izan arren, horrela zen orain dela hainbat urte, eta oraindik ere horrela da. Esan daiteke burla dela desberdintasuna ez onartzearen adierazle.

Noiz eragiten dute burlek mina?

Burlen eragina ulertzeko haurren adina ere aintzat  hartu behar da. Haur txikienek ez dute burlaren kontzientziarik: helduok burlatzat hartzen duguna, haurrek jolas moduan bizi dezakete. Urteak egin ahalean, haurrak burlaren kontzientzia hartuko du eta orduan har dezake min. Ez da erraza adin bat zehaztea, baina litekeena da 8-9 urte izan arte haurrek burlaren erabateko kontzientzia ez izatea.

Zergatik egiten dute burla haurrek?

Batetik, arestian ere esan dugu norbere burua aldarrikatzeko erabil daitekeela. Burlaren bitartez, haurrak gainerako haur eta helduei esaten die: “begiratu zertarako gai naizen”. Horretarako, beste haur batek egin ezin duena agerian uzten du. 

Bestetik, taldeetan beti egoten da nolabaiteko hierarkia. Haur batzuk beste batzuen gainetik kokatzen dira, eta burla erabil daiteke botere hori mantentzeko. Bestea gutxiesteak norbere posizioa mantentzea dakar.

Azkenik, historian zehar burlak izan du beste funtzio bat: gizartearen ohiko eskemak iraunaraztea. Normaltasunetik irteteak iraina jasotzea zekarren eta, horrelakorik ez pairatzeko, gizartearen eskema tradizionalak jarraitzeko joera egon da.

Garrantzitsua da haurrek etxean duten eredua?

Erabateko garrantzia dauka etxeak, baina baita eskolak eta komunikabideek ere. Esan dugu garai bateko burlak eta egungoak oso antzekoak direla. Zergatik? Belaunaldiz belaunaldi transmititzen direlako. Helduon txisteak entzutea besterik ez dago: homosexualak, ijitoak, lodiak, argalak, txikiak, herrenak. Guztiek jasotzen dute helduen burla eta horixe bera transmititzen diegu haurrei. Ezberdintasunak onartzearen
lehendabiziko oinarria geuk jarri beharko genuke, haurrek bide hori jarrai ez dezaten.

Nola eragiten du burlak? Ze ondorio izan ditzake?

Etengabe isekak jasotzen dituen haurrak pentsatuko du ez dela gai ezertarako. Behin eta berriz burla eginez gero, bere segurtasuna ahultzenari gara. Epe luzera, horrek guztiak eragina izango du bere autokontzeptuan eta auto-estimuan. Eta ez du segurtasunik izango gainerako pertsonekin ere.

Nola lagun dezakete gurasoek?

Burlen atzean haurraren garapen osoa arriskuan egon daiteke. Helduok garrantzia eman behar diegu burlei, bereziki burlaren kontzientzia duten haurren kasuan. Enpatia landu behar dugu: gure seme-alabari burlatu duen haren tokian jartzen lagundu behar diogu, ulertzeko mindu duela, eta hori ez dela egin behar. Gure seme-alabekin harremanen gainean hitz egin behar dugu, horien garrantziaz. 

Baina koherente izan behar dugu. Ezin dugu aipatutako guztiaz hitz egin, gu geu eredu ona ez bagara. Ezberdintasunak onartzeaz gain, genero ikuspegiari trataera egokia eman behar diogu, norberak bestearen tokian jarri behar du. 

Haurren jokabidea egokia izateko, gureak ere hala behar du.

Zein estrategia erakutsi burlak pairatzen dituen haurrari?

Garrantzitsua da bere buruarengan konfiantza izaten laguntzea. Gurasook erakutsi behar diogu konfiantza dugula berarengan, gauzak egiteko gai ikusten dugula, alegia. Haur hori honetaz jabetu behar da: beste haur baten iritzia ez da guztien iritzia.

Horrez gain, harreman positiboetarako une aproposak bilatu behar dira. Txikitatik, haurrak beste haurrekin egotea garrantzitsua da, sare sozialetan integraturik egoteko eta, norbaiten burlak jaso arren, beste haur batzuekin hartueman positiboak izateko.

IÑAKI LARREA
Psikopedagogian Doktorea

Gurasoak aldizkaria
2009ko apirila (1. zenbakia)

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button