Oparipuinak

Oparipuin-espressa: Shizuka muxuka

Berriozarko Shizukari
lau urte bete zituela eta aitak hala eskatuta,

Maite Frankok 2014ko martxoan idatzitako oparipuina.
(ipuin gehiago irakurtzeko edo eskatzeko
www.ttiklik.com helbidera jo.)

Bazen behin Berriozarren neskato oso alai bat Shizuka izena zuena. Haren irribarreak hain ziren ederrak eta barre-algarak hain kutsakorrak non tristeenak ere alaitu egiten zituzten. Besarkadak, eta batez ere muxuak, bereziak zituen oso: eskolatik ateratzean banatzen zituenak txokolatezkoak izaten ziren; parkean urte eta erdi zaharragoa zen bere lagun Patriciari ematen zizkiotenak txorizo pamplonazkoak; lotarako ordukoek marrubi gustua izaten zuten, eta esnatu berritakoek berriz, kroketak ziruditen (maindire artean iraulita ematen baitzituen.) Horregatik etxean Shizuka Muxuka deitzen zioten. Eta bai, argi dago, oso zoriontsua zen gure txokolatezko txorizozko marrubizko neskato-kroketa musumerkea.

xizukaShizukaren bizitza goitik behera aldatuko zuen zerbait gertatu zen egun batean: gurasoek ahizpa txiki bat ekarri zioten etxera, Inari izenekoa. Hasieran oso ideia ona iruditu zitzaion gure neskato alaiari, baina eguna joan eguna etorri zera hasi zen pentsatzen: “baina zertara jolastu ote daiteke beti jan-da-lo ari den beldartxo batekin?”.

– Lasai, Shizuka. Orain agian aspergarria irudituko zaizu, baina gero, Inari pixka bat handitzen denean, oso ondo pasako duzu berarekin. Benetan – aitak goxo. 

– Ondo da, aita. Orduan, orain zuk jolastu beharko duzu nirekin.- Shizukak.

– Orain? Ezin dut, maitea. Inari bainatu behar dut eta. Gero agian …- Aitak, pena
aurpegiaz.

– Eta zuk, amatxo?

– Orain afaria prestatu beharra daukat, bihotza. Gero agian …

Gero, beti gero. Baina gero hori ez zen inoiz iristen, edo hala iruditzen zitzaion Shizuka gaixoari behintzat. Denborarik ez lehengo jolasetan ibiltzeko. Denborarik ez lehengo ipuin luze eta amaigabeak kontatzeko. Denborarik ez ezertarako. Eta bitartean beldartxo iritsi berriarekin partekatzen ikasi behar ordura arte beretzat bakarrik ziren besoak, besarkadak, laztanak, hitz politak eta muxu gozoak. (Partekatzea, erreza esateko, baina egiteko ordea … Ba al dago munduan hori baino gauza zailagorik? Bestela zergatik ote daude munduan aberats-aberatsak eta pobre-pobreak direnak?)

Ondorioz, Shizuka neskato alaiaren irribarreak, barre-algarak, muxuak eta besarkadak gustua galtzen hasi ziren; Patricia izan zen konturatzen lehena, baina ez zion ezertxo ere esan. Ostiral arratsaldea zen, eskutik heldu eta parkean zegoen magoa ikustera eraman zuen Patriciak. Sekulako tramankulua zuen Markus Tremebundus Magoak. Makina itxura zuen, eta bi ate; bata arrera, goiko aldean Orain jartzen zuena, eta bestea irteera, Gero zioen kartela zuena. “Gero”, pentsatu zuen Shizukak, “horixe da nik behar dudana.”

– Jaun-andreok, neska-mutilak, zapata eta zapatilak, txokolate eta natilak, zuekin mundu osoan ibili den Markus Tremebundus eta bere Tramankulus Magikus, gauzak aldatzeko balio duena.
“Gauzak aldatu!! Hori ere oso ondo etorriko litzaidake!”, Shizukak bere artean.

– Jakin nahi al duzue nola funtzionatzen ote duen? Begiak erne, belarriak tente, eta mingain berritsu hori zuloan gorde – magoak, kaiola batetik katutxo bat ateraz.- Hau katua da, ezta? Ba, orain kumea dena, gero …. ta-txaaaaaann, ireki dezagun atea … behia izan daiteke!

Han zeuden guztien harridurarako, Gero zioen atetik benetako behia atera zen, zintzarria eta guzti. Haiek txaloak eta algarak. Makinan berriro sartu eta katu bihurtu zuen magoak.

– Ba al da gure artean Tramankulus Magikus probatu nahi duen inor?

– Ni! – esan zuen Shizukak, batere pentsatu gabe lurretik altxa eta Orain zioen atetik sartuz.

– Zaude, neska! Baina oraindik ez didazu esan zer aldatu nahi duzun … – magoak larri.

– Lasai, Tremebumbulus – Patriciak.

– Tremebundus, neskato, Markus Tremebundus – magoak, erdi haserre.

– Tremetumbus orduan? Lasai, bere bila joan eta berehala aterako dut.- Patriciak, sarreratik sartuz.

– Baina nora zoazte, neska txoriburu horiek? – magoak haserreago- Ez al dakizue makina arriskuz beteta dagoela?

Beranduegi. Ordurako bi lagunak barruan ziren, nahiz eta elkar aurkitzea pittin bat kostatuko zitzaien. Tramankulus Magikusa barrutik atez beteta zegoen. Neurri eta kolore anitzekoak ziren. Guztietan kartelak ageri ziren goiko aldean, baina Shizukak ez zekien oso ondo irakurtzen. “Berdin da”, pentsatu zuen gure neskato azkarrak, “atearen itxuraren arabera jakingo dut nondik sartu … Ikus dezagun … Ate honek ipuin liburua ematen du. Ipuinetako bukaerak zoriontsuak izaten dira beti, beno, baina pertsonaia beldurgarriak ere azaltzen dira tarteka … ai ama! Espero dezagun otsorik ez egotea bertan.” Atera hurbildu eta honako hitz hauek entzun zituen: “Sartu, sartu eta ausartu, sartu eta ausartu …” Eta gure Shizuka ausartu eta Ipuinen atetik sartu egin zen.

Ipuinen atea zabaldu eta hara zer aurkitu zuen Shizukak: lorez betetako basoa, txoriak txorrotxioka, urtxintxak jauzika eta etxe polit bat, tximiniatik kea ateratzen zitzaiona. Atea kax-kax jo eta hura ezustekoa! Otsoak ireki zion … baina mantala jantzita eta bazkaria prestatzen ari zela.

– Nor zara zu? – otsoak, beldurrez- Ez zara, ba, Txanogorritxoren ahizpa izango?

– Ez … – Shizukak, duda-mudan.

– Haren lehengusina orduan? Bizilaguna? Laguna?

– Ezetz ba! Ni Shizuka naiz.

– Sartu azkar, Shizuka, sartu. Sartu Txanogorritxo etorri baino lehen – Otsoak jator.

– Baina zergatik diozu beldurrik? – Shizukak, aho bete hortz.

– Zergatik? Ez duzu Txanogorritxo ezagutzen, argi dago! Otso Alpontso, nire lehengusu zaharrena, bera jaten saiatu zelako otso guztiak gaiztoak direla uste du tuntun horrek. Eta gainera  hiztariarekin ezkondu zenetik hor dabil eskopeta bizkarrean otso ehizan …. Aizu, Shizuka, gosetuta egongo zara, ezta? Nahi baduzu bazkaria prest daukat: entsalada.

– Zer? Entsalada? – Shizukak, harritua eta perplejua.

– Bai, otso barazkijalea naiz. Bestela baditut porruak, azak, azelgak ere oso goxoak …

– Puaj! Ezin ditut ikusi ere egin! Eskerrik asko, Otsoko, baina gosea pasa egin zait.

– Ezta pentsatu ere! Nola dakizu nire entsalada ez zaizula gustatzen? Mesedez, janezazu. Basoko sukaldaririk onena naiz eta inork ez die nire platerei uko egiten,bestela oso triste jartzen naiz … Mesedez, mesedez … Gero kalabaza pastela dago.Porfi…

Eta Shizukak entsalada probatu behar. Demontre! Zer ote zuen entsalada horrek? Izugarri gustatu zitzaion gure protagonistari. Agian gose handia zuelako … edo agian ipuinetako entsalada zelako (eta denok dakigu ipuinetako letxugak goxoagoak direla.) Postrea ere mundiala! Eskerrak eman, atea ireki eta kanpora irten zen Shizuza. Kanpoan, basoaren arrastorik ez; bai beste ate batzuk ordea!

Beldurren atea ireki zuen gero gure Shizuka ausartak, hori bai, Beldurren atea zela jakin gabe, nahiz eta nahiko ate misteriotsua iruditu zitzaion. Bertan zer agertuko eta zirku bat! Zirku bateko kamerino-karabana, zehatzago. Aulkitxo batean, jantzi dotore eta distiratsua; bizkarrean “Shizuka” irakurri zitekeen. 

– Bazen garaia, Shizuka. Jantzi azkar. Ez dakit non sartu ote zaren, baina gaurkoan
juxtu-juxtu iritsi zara. Hementxe duzu monozikloa – esan zion pailazo estresatu batek.

– Mono … zer? Baina zer esaten ari zara? Nik ez dakit zer den mono …

Berehala ulertu zuen zer zen monozikloa pailazoak gurpil bakarra zuen txirringa kutxatik atera zuenean. Shizuka gaixoak garai hartan nahiko lan bazuen bi gurpildunarekin, eta zer tokatuko eta bakar baten gainean ibiltzea! Pailazoak besotik heldu, karabanatik atera, eta karpan sartu zuen. Pistaren erdialdetik gizon potolo batek numeroa aurkeztu zuen:
Gurekin dugu Shizuka orekaria, munduko orekaririk gazteena, saltinbankirik trebeena, trapezistarik onena. Txalo handi bat gure txikiarentzat!

Hura jendetza hari begira zegoena! Txalo zaparrada eskaini zioten gure protagonista txikiari, “Shi-zu-ka, Shi-zu-ka” oihukatzen zuten bitartean. Halako batean, Shizuka monozikloan eseri eta soka gainean ibiltzen hasi zen. Zein erreza iruditu zitzaion hasieratik! Hasieran, lotsati, ondoren konfiantza hartuta, eta bukaeran gero eta azkarrago; beste puntara iristean gainera buelta hartu eta pedalei eragin egiten zien berriro. Gora eta biba artean hartu zuen publikoak. Shizukak ezin zuen sinetsi ere egin!

– Aitari eta amari kontatzen diedanean … – zioen bere artean.
 Karabanako atea ireki zuenean ordea, berriz ere ezustekoa: hantxe zituen ateak ostera ere bere zain. Oraingoan Shizuka edozein irekitzeko gai ikusten zuen bere burua:

– Entsalada, otsoa eta monozikloarena eta gero, ezin ezer zailagorik aurkitu! Hauxe zabalduko dut!

Aterik txikiena aukeratu zuen, Sagutxo Agirreren etxekoa izan zitekeena. Goiko aldean, Txikitxoen atea irakur zitekeen.

Atea zabaltzearekin batera, Shizuka txiki-txikia bihurtu zen, ez sagutxoa bezain txikia, baina bai lau hilabete inguruko umetxo baten gisa. Bere etxean zegoen, baina aldaketa asko zeuden bertan. Hasteko, Inariren sehaskan zegoen, txupetea ahoan. Dena oso ilun zegoen eta gurasoei deitu nahi zien, baina ezin hitzik egin ordea; hitzen ordez, negarra atera zitzaion ahotik. Altxatzen ere saiatu zen; alperrik, gorputzak ez zion batere kasurik egiten. Gainera, komunera joateko beharra zuen. Ezin zion gehiago eutsi. Azkenean, parrast! Hantxe atera zen txiza, eta parrat!, baina kaka ere, bizkarra bustitzerainokoa. Shizukaren negarra oihu bihurtu zen orduan. Atea zabaldu eta bost urteko neskato jator bat azaldu zen, saltoka eta jauzika. Shizukak ezagutzen ez bazuen ere, berehala konturatu zen hura Inari zela!!!

– Kaixo, Beldartxo! Esnatu egin zara azkenean! A ze lo kuluxka potoloa bota duzun!

– “Garbitu, mesedez, garbitu, kakaz gainezka nago eta!” – esaten saiatu zen Shizuka, baina negarra besterik ez zitzaion atera.

– Zer duzu negar eta negar? Gosea, seguru, jan besterik ez duzu egiten …

– “Gosea ez! kaka, txoriburu, kaka! Garbitu edo bestela deitu ama edo aitari lehenbailehen!” – Shizuka gaixoak.

– Sentitzen dut, Beldartxo. Itxoitea tokatuko zaizu, ama orain lo dagoelako … Nahi baduzu, nik prestatuko dizut askaria. Ez da, ba, horren zaila izango, panpinari egunero ematen diot eta. Oraintxe nator.

Sukaldera joan, gailetak eta esnea hartu, Shizuka sehaskatik atera, eta panpinaren aulkian eseri zuen Inarik!

– Hemen duzu, Beldartxo. Ireki ahoa. Ireki!! Jaten ez baduzu, haserretu egingo naiz! Shizukak ahoa zabaldu, eta Inarik gaileta sartu egin zion! Shizukak ezin jan, gaixoak! Hortzik gabe, nola? Berriz hasi zen negarrez, gero eta haserreago.

“GARBITZEKO IPURDIA, KONTXO!! ETA MESEDEZ, EZ SARTU GAILETARIK AHOAN HORTZIK EZ DUT ETA!!”- Shizukak, etsita.

Eskerrak orduan ama agertu eta salbatu egin zuen …

Oso nekatuta zetorren, oinak arrastaka, begi azpiak more kolorekoak. Gripe galantarekin zegoen. Goxoa jarri zen ama, Inari Shizuka panpina balitz bezala tratatzen ari zela ikustean. Kakarik txikiena detektatzeko zuen radarrari esker (gaixorik zegoenean ere primeran funtzionatzen ziona) berehala konturatu zen Shizuka aldatu beharra zuela. Begiak erabat ireki gabe pardela askatu, bildu, dena garbitu, berria jantzi eta arropa  aldatu egin zion, aldi berean tripatxoa muxuz betez. Sofara itzuli zen gero ama nekatua, besoetan Shizuka zuelarik, hantxe bularra emateko asmoz, besapean termometroa sartzen zuen bitartean. Inari ondoan zuen denbora guztian, damututa.

– Barkatu, Beldartxo. Ez nekien kaka zenuenik, ezta ezin dituzula gailetak jan ere. Barkatu, ama, ez nekien, benetan … – Inarik, goxo eta negar zotinka.

– Beno, baina orain badakizu. Tuju, tuju! Attttxu!– amatxok, eztulka eta sudurra erabat itxita -Ene! Ezin zaituztet une bakar batez biak bakarrik utzi …

– Egia. Zurekin askoz ere hobeto gaude. Ama, zertara jolastuko gara?

– Jolastu? Ez al duzu ikusten okupatuta nagoela? Beno, … nahi baduzu bularra ematen bukatzen dudanean, parkera joango gara.Ene, ze gustura sartuko nintzatekeen ohean aspirina bat hartuta, lau mantaren azpian goxo-goxo bilduta … atxus!!

Shizuka kotxezitoan sartu eta etxeko atea zabaldu zuenean, bai, horixe bera gertatu zen berriro: Shizuka handi bihurtu eta ama eta ahizpa desagertu egin ziren: begi aurrean ateak zituen berriz ere. Oraingo honetan ez zegoen bakarrik, ate horietako batetik Patricia atera zen eta.

– Shizuka! Azkenean aurkitu zaitut! Jopelas! Izugarria da makina hau! Ez dakizu barruan zer aurkitu dudan!

– Ba nik kontatuko banizu … Aizu, eta irteera elkarrekin bilatzen badugu?

– Irteera? Erreza da, begira, hortxe “irteera” jartzen du …

– Ene! Ze suertea urte eta erdi zaharragoa izatea eta irakurtzen jakitea!

Atea ireki eta halako batean parkean azaldu ziren berriro. Tramankulus Magikusaren arrastorik ez ordea! Ez magorik, ez behirik, ez ume talderik ere. Bai Shizukaren ama, aita eta ahizpatxoa banku batean eserita. Eta hirurak normal, lehen bezala. Hala ere, egoera erabat desberdina iruditu zitzaion Shizukari, bera zeharo aldatuta zegoelako. Haiengana korrika hurbildu eta besarkada goxo eta luze batean bildu zituen, hasieran txokolate, gero marrubi eta azkenean kroketaren gustua zuena. Irribarrea bere ezpainetara itzuli eta barre algarez bete zen parkea. Eta barreak eta irribarreak txorien antzera hegaldatu ziren, Berriozar osoan zehar sakabanatuta.

– Shizu, zatoz! Begira! – esan zion orduan Patriciak, eskutik helduta.- Gainera barrez ari dela dirudi …

Makina zegoen lekuan katutxo bat zebilen marraka. Zintzarri txiki bat zeraman lepotik zintzilik. Harengana poliki-poliki hurbildu eta orduan katuak “MUUUU!” bota zuen ozen, biei susto ederra emanez. Shizukak laguna lepotik heldu eta txorizozko besarkada batean elkartuta urrundu ziren biak, barrez eta zabu-zabuka, zabuak zeuden lekurantz.

Eta zabu-zabuka, ipuina ezin buka,
oraindik ere barrez ari delako
gure Shizuka!!
ZORIONAK, SHIZUKA!!!

Oparipuina irakurtzeko: HEMEN

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button