Itxaro Mendizabal Amundarainnabarmenduak

EZKORTASUNARI, EZ

Ikasturtea bukatzeko deseatzen nago. Alde batetik ziztu bizian pasa bazait ere, beste aldetik oso aldapan gorakoa izan denaren sentipena daukat.

Aurrekoan Hemen nago artikuluan esan nuen bezala, aurrera jarraitu nahi bada, batzuetan ateak ixtea beharrezkoa izaten da; ate batzuk duten pisuaz ohartu gabe nengoen ordea, zenbateko indarra behar den hauek pixka bat mugitzeko.

Beste ate batzuekin, berriz, ni indarra egiten nabilen bitartean atearen beste aldean dagoen egoerak ez dit erabat ixten uzten, kontra-bultza egiten ari da eta. Baina beno, inork ez du esan hau erraza denik…

Badakit ate hauek ixteko beharra nondik datorren. Kontziente naiz gainezka egin dudala eta gainezka egite hori nire ekintzen ondorioa dela. Nirea, eta ez beste inorrena.

Egin nahi dudana. Nik behar dudana. Bihotzak eskatzen didana. Barruak esaten duena… A ze kaka-nahastea! Nire egoeraren erantzulea ni naizela badakit. Eta zerbait aldatu nahi badut, ardura osoa nirea dela.

Gainezka egiteak pertsonak garela esan nahi du. Eta zein ona den hau! Honela ikasten baita. Baina horrelakoetatik ikasteko, aurreneko pausua, guk egindakoaren ondorena direla onartzea da, dugun egoera egindako bidearen ondorioa baita.

Askotan gure egoeraren errudunak bilatzen saiatzen gara. Holakoetan beti bestea da gaizki egin eta guri kalte egin diguna. Beste batzuetan, berriz, dena gure buruaren gain hartzen dugu; erru osoa gurea da, nahiz eta hori ez izan erreala. Pertsona batzuk beti aurrenekoa egiten dute eta beste batzuk, berriz, bigarrena. Zein erraza den bakoitzak duen egoera beste bati egoztea.

Nahiko pertsona positiboa naizela pentsatzen dut, beti nago gauzak egiteko gogoz, berrikuntzak gustatzen zaizkit, proiektu berriak sortu edo ezagutzea, jendearekin elkarlanean gauzak egitea. Bizitza behin bizitzen dugula oso garbi daukat eta bakoitzaren denbora mugatua dela ere bai. Hemen gauden denbora zenbatekoa den ez dakigu eta ez dut uste rollo txarrekin ibiltzeak merezi duenik.

Egoera zailetatik ikasi behar izaten dugu. Egoera emozionalak oso kutsakorrak dira, eta geroz eta denbora gehiago pasa, egoera emozional zehatz batean, geroz eta gehiago kutsatuko gara. Eta ingurukoak kutsatuko ditugu. Honela sentitzearen ardura ispilu-neuronek daukate (cubelli ere deituak), neurona hauek enpatia izateko behar-beharrezkoak dira eta bestearen lekuan jartzen laguntzen digute.

Neurona hauen betebeharra oso positiboa da, baina alde negatibo hori ere badute, ingurukoen ezkortasuna ere gurea egiten laguntzen digute eta. Ezkortasunak, ezkortasun gehiago dakar, birus bat bezala da eta konturatzerako gure gorputzean sartu eta zabalduko da.

Pertsona ezkorrak, toxikoak, bakoitzaren bizitza-kalitatea gaiztotzen dutenak urruti izatea behar-beharrezkoa da. Eta horretarako giltza bakoitzak daukagu, gu ere poltsa horretan egon gaitezke batzuetan eta. Erabaki ondo zer motako pertsonez inguratu nahi duzun. Erabaki ondo zein den bizi nahi duzun bizitza. Erabaki ondo zein bidetatik jarraituko duzun. Eta batez ere erabaki ondo non/noiz/nola/norekin egon nahi duzun.

etiketak

Publicaciones relacionadas

Botón volver arriba
Cerrar