OparipuinakTTiKLiK!

Oparipuina: Olerkari baten begirada

 

Maite Frankok Markinako Andresi idatzitako ipuina

 

Ezkutuko gaitasunak

Lorenak Andresi, lagun batek beste bati, oparitzeko moduko ipuina dugu gaurkoa eta ezkutuko gaitasunak ditu ardatz nagusia. Andres, Lorenaren asmoa oparitxo bat egitea besterik ez zen. Hala ere, zure esku dago zure gaitasun zoragarri horrek klandestinitatean jarraitzea ala ez. Inork ezagutzerik nahi ez bazenu, esan eta sekretua gordeko dugu!

 

***

lainoak

Bazen behin mendiarteko herri txiki batean bizi zen olerkari ezezagun bat. Ezezaguna diot inork ez baitzuen haren zaletasun liriko hori ezagutzen, klandestinitatean jarduten baitzuen egunerokotasunari edertasun zatiak bilatzen.

Andresek, hala zuen izena olerkariak, begirada berezia zuen, eta horrek bai kalean bai jendearengan besteek antzematerik ez zuten hainbat gauza ikusteko gaitasuna ematen zion. Olerkari-begirada fresko eta inozo horri esker gereziak belarritako jangarriak, zuhaitzak lur azpitik ateratzen ari den erraldoi baten eskuak, lantegiak lainoak fabrikatzeko lekuak, eta gauak mendiek urdin koloreko pijama janzten duten unea ziren.

Pertsonekin ere beste hainbeste gertatzen zitzaion gure olerkariari. Bazirudien Andres baino ez zela konturatu okinaren dantzari-ibileraz,

dantzaria

 

harakinaren bikoiztaile-ahotsaz,

Untitled-1

liburuzainaren elefante-oroimenaz edota kale-garbitzailearen neurririk gabeko irudimenaz

liburuak

 

kale garbitzaileaOlerkariak banku batean eseri eta herriko jendea protagonista zuten poemak idazteko ohitura zuen, egunero haren koadernoan barrena dantzariak, bikoiztaileak, elefanteak, sagutxoak, koalak, ipuin-kontalariak, margolariak, akrobatak, abeslariak eta psikologoak desfilatzen zutelarik.

Besteengan halako gauzak ikusteko zuenak ezin ordea bere buruan edertasun berezirik aurkitu, eta besteen trebetasun ezkutu horiekin egiten zuen amets, orain dantzari, orain akrobata zein margolari bihurtuz.

akrobatak

Behinola, olerkariak bankuan ahaztuta utzi zuen koadernoa. Handik Lorena pasa zen, Andresen laguna. Lorenak olerkari klandestinoaren lanak ezagutzeko tentazioari eutsi ezinik, koadernoa ireki eta banan-banan irakurri zituen, Andresen ametsak ere intuituz.

Burutazio harrigarria izan zuen orduan. Koadernoa fotokopiatu, eta protagonistei banatu zien, ezkutuan, (gutunontzian utziz, ate-zirrikitutik sartuz, baten bati poltsan gordez …), bukaeran koadernoa Andresen etxeko lanpasa edo felpudo gainean lagaz.

koadernoa 2

Ondoren gertatu zena izugarri ederra izan zen. Poematxoa jasotako guztiak Andresek ikusten zituen bezala portatzen hasi ziren. Okinak, dantzan saltzen zien ogia bezeroei; harakinak, marrazki bizidunetako ahots desberdinez eguneko eskaintzak eman; liburuzainak erabiltzaileak zur eta lur uzten zituen eskatutako liburuak apaletara hurbildu gabe zehatz-mehatz non ote zeuden asmatuz; eta kale-garbitzailea bildutako zaborrarekin jostailuak sortzen hasi zen.

Lorenak Andresi eskutik heldu eta eta hara-honara eraman zuen, herriko jendearengan gertatutako aldaketa handia erakutsiz, eta bukaeran zergatia azalduz.

–         Izugarria zara, Andres. – Bota zion azalpenaren amaieran.- Poematxo horiekin horren ondo, horren berezi, horren garrantzitsu sentiarazi gaituzu non denok gure burua erakustera ausartu garen, gure onena ematera. Ez dut mundu osoan inor ezagutzen horrelako gauzak egiteko gai denik. Aztia zara, Andres, magoa! Honelako zerbait egiteko gaitasuna izaki, ziur naiz bizitzan nahi duzun guztia lortu ahal izango duzula!

 jakintsua

Orain olerkari klandestinoaren koadernoan bada pertsonaia berri bat dantzari, bikoiztaile, elefante, sagutxo, koala, ipuin-kontalari, margolari, akrobata, abeslari eta psikologoaren lagun bihurtu dena: magoa.

Eta Andresek ez dakien arren, herriko guztiek olerkari klandestinoarekin egiten dute amets, nor ote den asmatu nahian, eta esker-ona adierazteko moduko besarkada estu-estua emateko.

ametsa eta liburua

 

Eta hau hala bazan,

sar dadila Andresen koadernoan

eta atera dadila Markinako plazan

 

***

Hondarribian, 2013ko abuztuaren 14ean, hodei baten gainean eserita idatzitako ipuina.

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Close